Erraietatik: Mod mugimendua gogoan, ‘Quadrophenia’ filmaren 40. urtemugaren harira
ERRAIETATIK irratsaioaren azken edizioan, mod mugimendua omendu dugu, Quadrophenia (Franc Roddam, 1979) pelikularen 40. urtemugaren harira. Horretarako, ume basati hauen historia, 80. hamarkadan bizitako berpizkundea, mugimenduaren soinu-banda anitza, The Who taldearen rock opera eta filma bera baliatu ditugu saio monografiko batean.
1964: mod-ak eta rockerrak gerrarako prest
Triunfo aldizkariak, 1964ko ekainean, frankismo garaiko espainiar estatuko jendartea informatu zuen rockeroen eta mod-en arteko borroka legendario, ikoniko eta masiboetaz. Gerora, zinemak borroka horiek hilezkortu zituen. Triunfo aldizkariak argitaratutako txosten historiko eta zabalaren izenburua honakoa zen: “Rockers y mods en pie de guerra».
Pío Moa ultraeskuindarraren artikulu batean, “Ya meten ruido, ¿eh?” izenburukoan, dezentzia erasotzen zuten subkulturak bultzatzea leporatu zion argitalpenari. Bere hitzetan: “Triunfo aldizkariak disimulorik gabeko propaganda komunista eta ohitura onak usteltzen laguntzen zuen edozerren goraipamena konbinatzen zituen”.
Fenomenoa zehaztasun handiz jaso zuen Triunfo aldizkariak. Zelai beteko bataila haiek 1964. urteko Aste Santuan eta Pazko Astean zehar eman ziren, Britainia Handiko kostaldeko herrietan, udaldiko herrietan: lehenik Clacton (Essex), geroago hegoaldera zabalduko zen epidemia gisa: Brighton, Margate, Bournemoth eta Broadstairs, besteak beste. Ordura arte ezagutzen ez zen areriotasunez, hitzorduz hitzordu, dozenaka zenbatu ziren bi azpikultura hauen arteko liskarrak.
Artikuluak esaten zuen bezala: «Gauzak aldatu egin dira munduan. Baina badira oraindik hooliganismo eta gazteen delinkuentzia fenomenoak. Bere protagonistek nomenklatura aldatu egin dute; ez, baina, arropa, ezta abiadura grina eta nahiago duten ibilgailuari dagokionez ere: motorra, alegia, gero eta potentzia handiagoa hobe. Blousons noire-k ye-ye eta teddy boys-ei bidea utzi diete, bi adarretan bereiztu balira bezala: rockerrak eta mod-ak«.
Hala ere, fenomenoari emandako azalpenak anbiguoak dira oraindik. Orokorrean, moral indibidualaren eskalara murrizten dira, belaunaldien arteko ohiko borrokara edo gurasoen ulermen ezara; guzti hori, noski, baina askoz faktore gehiago badaude ere.
Nortzuk ziren modak?
50. hamarkadaren amaieran, britaniar gazteriaren zati bat janzkera uniformatua erabiltzen hasi zen. Mutilek: gorbatadun trajeak, botak edo boloetan jolasteko oinetakoak. Neskek: uzenebakitako soinekoak, Mary Jane zapatak, rebekak, poliesterreko poloak eta jaka gurutzatuak. Parkak, biek ala biek.
Fred Perry, Harrington, Clarks, Ben Sherman, Merc edo Dr. Martens bezalako markek toki pribilegiatua lortu zuten gazte hauen armairuetan. Arropa hau Carnaby Street-eko dendetan erosten zuten.
Orrazkera: kopetako ilea zuzen moztuta edo masailezurraren altueran moztutako adatsak. Beste batzuk, ordea, ile motza eta patillak. 1966ko Nor zara zu, Polly Maggoo? filma izan zen erreferentzia nagusia ilea apaintzerako orduan.
Pop-a eta Op-Artea: Pierre Cardin-en 60. hamarkadako sorkuntza futuristak edo Yves-Saint Laurent-en Mondrian lanean oinarritutako bildumak. Mary Quant-en arropa, mini-gonaren asmatzailea.
Diana: mugimenduaren ikono ukaezina. Parka eta jaketan itsatsitako adabakietan, kamiseta zein poltsoetan inprimituta edo Vespak apaintzeko pegatinetan. Bere jatorria Britania Handiko armadaren abiazioaren sinboloan dago, Union Jack-aren koloreekin. Pop kulturak birjabetu eta esanahi berria eman zion.
Scooterrak: Vespa edo Lambretta, ispiluak eta pegatinak pertsonalizatua. Altxorra.
Musika izan zen mugimenduaren ardatz nagusia, nahiz eta gehienetan soilik estetikaz hitz egiten den. Mod-ek entzun eta dantzatzen zuten musika oso anitza zen: modern jazzetik hasita, R&B, Northern Soul eta musika jamaikarreraino. Azken hau identifikatzeko, hasiera batean ez zen ska, reggae edo rocksteady bezalako kontzepturik erabiltzen, baizik eta Blue Beat, musika hau Jamaikatik Britania Handira ekartzen zuen zigiluaren izena zelako. Pop eta rock musika ahaztu gabe, noski.
https://youtu.be/EgpEdz89fWY
Hala ere, laburtzea sinplifikatzea da, eta sinplifikatzea ahaztea. Beraz, ez dezagun ahaztu mod mugimendua bere burua eraikitzen joan zen moda konplexua izan zela.
Peaky Blindersak, Londreseko spivsak, Teddy Boysak edota Jamaikako Rude Boysak izan ziren euren estilo propioa garatzen joan ziren mod gazteen ereduak. Klase baxuko gazteak, working class, euren jakak behar bezala uzteko, soldataren hiru laurdenak gastatzen zituztenak.
Urteen poderioz, mugimendua bera urtzen joan zenean ere, oinordetza kulturala ikaragarria izan zen, eta Europan zein Europako mugetatik haratago sortu ziren hiri-tribu eta azpikultura gehienek mod-en jarrera eta gustuetatik edan zuten.
Simon Frith soziologoaren arabera, mod estiloa beatnik kulturan du bere jatorria. 1950. arte eskoletako ikasleetan, Londreseko eszena bohemio eta erradikalean. Steve Sparks, Simon Firthekin batera, jatorrizko mod horien artean zegoenaren esanetan, mod mugimendua merkaturatu aurretik, jatorriz beatnik kulturaren hedapen bat baino ez zen izan, modernismotik eratorria, eta jazz modernoa, Sartren eta existentzialismoan interesatuta.
Mod estiloaren jatorriari dagokionez, 50. hamarkadan café-etan biltzen ziren gazteekin badu zerikusia. Egun haietan, kafetegi eta denden inguruan sortzen zen jazz eta blues musikaren eszena. Beranduago, 1960. hamarkadaren hasieran, beste musika bat entzuten hasi ziren.
Imajinatu dezakezuen bezala, gazte azpikultura bat zen, eta hasieran oso jende mota desberdinak biltzen zituen, Swinging London mugimenduaren inguruan. Izan ere, gerraosteko 50. hamarkada griseko irudimenaren krisiaren ostean, 60. hamarkadaren hasieran Swinging London izena jaso zuen Londreseko eszena kulturalaren biziberritzeak.
Hala ere, mugimenduaren gurasoak Londresen arropa saltzen zuten dandi italiar batzuk izan ziren, mod izenarekin ezagutzen zirenak. Denborarekin, gero eta jarraitzaile gehiago hasi ziren estilo hori bereganatzen, subkultura honek Soho bezalako auzo garrantzitsuak edota Londres erdialdeko zonalde osoak hartu zituen. Italiar influentzia mugimenduaren konstante bat izan zen. Laister identitate sinbolo berriak iritsi ziren: adibidez, italiar scooterrak, Vespa edo Lambretta markakoak.
Hasiera batean, janzkera eta jarreragatik, botere helduaren nolabaiteko onarpena izan zuen mugimenduak, rockerrak edo, gerora, skinheadak baino onarpen handiagoa, behintzat. Baina fondoan, janzkera eta jarrera horiek jendartearen errealitatea iraultzen ari ziren, iraganarekin eta euren guraso zein aiton-amonen belaunaldiekin apurtuz.
Sunday Times aldizkariaren arabera, mod baten bizimodua asteko zazpi egunetan zehar clubetara joatean oinarritzen zen. Hala ere, gutxi batzuen eskura zegoen hori, eta anfetaminen laguntzarekin, astero edo astebururo, atsedenik gabe parrandan ibiltzen ziren, gorputzak irauten zuen bitartean. Baina egia esanda, mod gehienak pobreegiak ziren bizitza erritmo horretarako, eta herdoildutako lambrettak eta usteldutako parkak ziren ohikoenak.
Gazte txiroak ziren, apenas ikasketa edo goi-mailako hezkuntzarik gabekoak, eta egunean zehar euren langile papera onartu zuten. Baina gaua iristerakoan, euren ekintzen benetako jabe bihurtzen ziren, nahi zuten arropa jantzita, nahi zuten musika entzuten eta dantzatzen, eta joaten ziren lokaletako benetako jabeak eta nagusiak sentitzen ziren.
Soberan geratzen zitzaien diru apurrarekin, eta erritmoa jasateko, anfetaz kopeteraino jarri behar ziren. Kontuan hartu behar da, anfetamina lehen aldiz XIX. mendean sintetizatuta izan zela Errumaniako Valaquian. 20. eta 30. hamarkadetan modu legalean merkaturatu zen, marka ezberdinekin. Bi mundu gerretan masiboki erabiltzen hasi ziren, soldaduen logura ezabatzeko. Eta behin 60. hamarkada iritsi zela, gazte britaniarrak dibertimendurako erabiltzen hasi ziren.
Lelo mitikoa: “Azkar bizi, gazte hil eta hilotz polita utz ezazu”. Edo The Who taldeak My Generation kantu klasikoan esaten zuen bezala: “Zahartu baino lehen hiltzea espero dut” (“I hope I die before get old”).
Baina nortzuk ziren rockerrak?
Elvis Presley eta Chuck Berry erreferentetzat hartuta, eta The Wild One filmeko Marlon Brando imitatuz ere, rockerrak 50. hamarkadan jarri ziren martxan. Tupeak, patilla handiak eta larruzko txupak izan ziren euren bereizgarriak.
60. hamarkadako Londresen, rockerrak hiriaren kanpoaldera zokoratuta zeuden, periferiako autopistek euren motorren orroa ahalbidetzen baizuten, hiriaren erdialdean mugitzen ziren mod-en vespa eta lambretta isilagoen aldean.
Gazte xumeak ziren rockerrak, euren etorkizuneko etsaien antzera. Hala ere, rockerrek muturreko hedonismoarekin lotzen zituzten mod-ak. Eurentzat, gurpildun txigorgailuetan ibiltzen ziren aberaskumeak ziren mod-ak.
Brighton 1964an
Egia da, hasiera batean, bi bandoak euren kabuz zihoazela. Ez zegoen subkultura hauen arteko biolentziarik, gau parteko gazte gautxorien arteko biolentziatik haratago. Hau da, ez zegoen bi taldeen arteko gorrotarako arrazoi berezirik, talde batean edo bestean ibiltzeagatik. Dena den, denboraren poderioz, eta prentsaren laguntzarekin, rockerrak eta mod-ak benetako etsai gisa identifikatzeraino iritsi ziren.
Errealitatean, denbora libre gehiegi zuten laupabost gazteren arteko liskarrekin hasi zena, fenomeno soziologiko sakonago batean amaitu zen. Stanley Cohenek «paniko morala»-ren kontzeptua sortu zuen bere garaian.
Hedabideen garrantzia ezinbestekoa izan zen “paniko moralaren” bilakaeran: alde batetik, gazteriaren amorrua eta atsekabea zabaltzeko bide bezala; bestalde, pertsona helduei jendartearen garapena beldurrez ikustarazteko, ikuspegi kontserbadore batetik.
Botere helduarentzat jendartea desbideratu da eta munduak iparra galdu du. Modu honetan subkulturen demonizazioa gertatzen da. Kasu honetan, mod eta rockerren demonizazioa, gazte hauek kontzientziarik gabeko munstroak izango balira bezala. Eta honela sortu zen garaiko jendarte britaniarraren izua, euren seme-alabek talde hauetako kide ziren bitartean.
Nola edo hala, hedabideek belaunaldi gazteei errua botatzeko zein azalak betetzeko morbo goseari esker, gatazkaren areagotzea denbora kontua baino ez zen. Baita belaunaldi hauen parranda eta liskarzaletasunari esker ere.
Lehenengo liskarra Essex eskualdeko Clacton herrian izan zen, 1964ko Aste Santuan mod eta rockerren arteko zelai beteko batailak 94 atxilotu eta zonaldeko hotelen suntsipena eragin zituenean. Txinparta horrek istiluak zabaltzea eragin zuen: lehenik, Hastings-en, “Hastings-eko Bigarren Bataila” izendatu zituzten istiluetan; ostean, Brighton eta Margate, entzutetsuenak izan ziren, bai prentsak emandako oihartzunagatik eta bai Frank Roddam-en Quadrophenia filman agertu zirenak direlako.
Brighton udaldiko herri txiki bat zen, lasaia, oporraldikoa. Ingalaterrako hegoaldean. Denboraren poderioz Bendidorm britaniar moduko zerbaitetan bihurtu bada ere, garai hauetan arrantzaleen herrixka baten antza zuen oraindik. Klima bikaina eta bere giro bukolikoak gero eta turista gehiago erakartzen zituen, eta horrek, nola ez, mod eta rockerren presentzia areagotzea eragin zuen.
Eta horrela izan zen, hasiera batean tentsioz beteriko baretasuna egon bazen ere, laster iritsi ziren bi egunez hiri osoa hankaz gora jarriko zuten istiluak. Aurrekariak ikusita, indar polizialen mobilizazioak hiria blindatuta zuen, baina nerabe hauen amorrua geldiezina izan zen poliziarentzat.
Rocker talde txiki bat hondartzan zegoelarik, udaberriko egun eder batetaz gozatzen, mod-en samalda bat haien aurka oldartu zen. Jipoi galanta eraman zuten rockerrek. Mod-ek etzaulkiak, ukabil amerikarrak, harriak, makilak edota labanak erabili zituzten horretarako. Ordu gutxi pasa ziren hirian zeuden beste taldeak, bai mod-ak eta bai rockerrak, gertatzen ari zirenaz enteratu zirenean.
Imajinatu dezakezue Brightonen montatu zena, herriko hondartzara milaka gazte iritsi eta haien arteko borrokaldia hasi zenean. Aurrekaririk gabeko zelai beteko batailaz hitz egiten ari gara, 2000 gazte inguruk parte hartu zutelarik. Hala ere, badirudi ez zela zauri larririk egon.
Eta okerren atera zirenak istiluak gelditzera hurbildutako poliziak izan ziren, bi taldeen amankomuneko gorrotoa piztu zutelako. Izan ere, bi polizia eraman behar izan zituzten ospitalera.
Mod mugimenduaren berpizkundea 80. hamarkadan
Mod kulturaren historiaren arabera, 1966. urtetik aurrera eszenaren gainbehera etorri zen. Britania Handian rock psikodelikoa eta hippie kultura sendotzearekin batera, jendea mod estilotik aldentzen hasi zen.
Gainera, The Who edo The Small Faces bezalako taldeak, mod mugimenduaren sinboloak zirenak, estiloa aldatzen hasi ziren eta dagoeneko ez zuten euren burua mod gisa definitzen.
Zentzu honetan, mod mugimenduaren lehenengo olatuak 60. hamarkadako bigarren erdira arte iraun zuen. Baina 80. hamarkadarekin batera, azpikultura honen berpizkunde bat eman zen, Peter Weller buru zuen The Jam bezalako taldeen agerpenarekin batera.
Hala eta guztiz ere, estiloaren berpizkundea 70. hamarkadaren amaieran hasi zen Ingalaterran. Revival mod mugimenduaren garaiak dira hauek.
Urte hauetan zehar ere, mugimendua dibertsifikatu zen eta mod mugimenduaren ildotik beste komunitate batzuk eratorri ziren, besteak beste, hard mod-ak. Eta hard mod hauen bidetik, lehenengo skinheadak edo kaskamotzak etorri ziren.
Baziren erdi-mailako klasearekin, musika intelektualarekin edo hippie mugimenduarekin identifikatzen ez ziren gazte talde zabalak. Jamaikako musika entzuten hasi ziren, nahiz eta garai hauetan Blue Beat musika bezala ezagutzen zuten, Jamaikatik Britania Handira iristen zen musika editatzen zuen zigiluaren izena dela-eta.
Hasiera batean, Rude Boy jamaikarren estiloa hartu zuten, pork txapelekin, trajeekin edo praka bakeroekin. Gerora, skinhead mugimenduaren baitan ere, adar ugari sortu ziren. Hori bai, mod-ek irekitako bideari leial mantendu ziren kalekume hauek ere, batez ere korronte kultural eta musikalaari dagokionez.
Quadrophenia
Esaten genuen bezala, aurten 40 urte beteko dira Quadropheniaren estreinalditik. Lehen aldiz, 1979ko irailaren 14an proiektatu zen Torontoko Nazioarteko Festibalean. Publikoaren zein kritikaren harrera bikaina izan zen, ez soilik mod mugimendua erakusgarria zelako, baizik eta 60. hamarkadako jendarte ingelesaren erretratu bikaina izan zelako.
Jatorriz, The Who taldeak 1973. urtean konposatutako opera rock bat izan zen, eta ondoren, 1979. urtean, pantaila handira eraman zuen Franc Roddam zuzendari britaniarrak. Filmaren soinu-banda albuma bera izan zen, mod mugimenduaren beste kantu batzuekin batera.
Zer da opera rock bat? Garai hartan modan zegoen arte kontzeptualaren baliokide musikala izango litzateke. Korronte honen oinarria ideia baten inguruan pieza artistikoak sortzea da. Kasu honetan, ideia nagusia, albumaren argumentua Jimmy Cooper mod gaztearen bizitza eta heldutasunarekiko adaptazio eza izango litzateke.
Jimmyren bitartez, The Who taldeak bere belaunaldiaren erretratua egin nahi izan zuen. Musikalki, metalak, haizeak eta sintetizadoreak baliatu zituzten, soinu orkestal eta elektronikoa lortuz. 70. hamarkadako oso soinu bereizgarria sortuz. Quadrophenia The Who-ren diska onenetariko bat dela esan dezakegu. Behintzat, musikaren historian arrastoa utzi du.
Diskaren soinu kuadrafonikoari ere erreferentzia egiten dio izenburuak. Baina Quadropheniako narratibari erreparatuz, lau taldekideen pertsonalitatearen ispilu dela aipatu beharko genuke: Pete Townshed, Roger Daltry, John Endwistle eta Keith Moon. Lau lagunen arimek Jimmy beraren pertsonalitate anizkoitzari forma ematen diote.
Hortik dator izenburuaren arrazoia: Quadrophenia, eskizofreniaren trastornoaren eta gure protagonistaren pertsonalitate laukoitzaren arteko hitz-jokoa, botere helduaren presioak jota, aldapan behera doan gaztaroa.
Pelikulari dagokionez, bere eduki gogorrarengatik kritika gogorrak jaso zituen arren, gaur egun kultuzko obra bat bihurtu da. Beharbada, filmaren gordintasuna da kritika horien arrazoi nagusia. Izan ere, estreinatu zen garaian, biraketa kontserbadorea bizi zen Erresuma Batuan, Margaret Thatcher lehen ministro bihurtzear zegoenean. Testuinguru horretan, pelikula esplizituegia zela ondorioztatu zuten askok: sexua, bortizkeria eta drogak. Garaiko jendarte puritanoaren aurkako molotov koktela.
Agian ez da oso ezaguna, baina islatzen duen belaunaldiaren ezinbesteko dokumentu historiko eta kulturala bihurtu da. Quadrophenia belaunaldi baten erretratua delako. Mod bizitza estiloa bikain islatzen duelako.
Jimmyren bizitzak astinaldi sakona jasaten du: familiaren ulertezintasuna, asetzen ez duen lan bat, lagunekiko urruntzea, desamodioa eta drogen munduan erortzea. Guzti horrek sinisten duen guztiari uko egitera darama Jimmy, autosuntsiketa bide batean.
Quadrophenia Franc Roddamen lehenengo lana izan zen zuzendari gisa, eta zalantzarik gabe, bere pelikularik ezagunena eta gogoangarriena izan da. Bere filmografia birpasatzen badugu, Moby Dick telebistako miniseriea izango da Quadropheniaz gain ezagutuko dugun lan bakarra.
Azken finean, 1979. urtean Quadrophenia estreinatu zenean, mod kulturaren berraurkikuntza bat eman zen, orduan ia desagertuta zegoen azpikultura.
Ez da kasualitatea: filmaren ostean, 80. hamarkadaren hasieran, mod musika eta janzkera modan jarri ziren berriro ere, eta lehen azaldu dugun bezala, hamarkada osoan zehar, mod eszenaren benetako revival bat eman zen.
Hauxe izan zen Quadropheniaren bertute handiena: ez zela soilik belaunaldi baten erretratua, baizik eta jendartea astintzeko ahalmena izan zuela. Langile klaseko gazteen problematika bikoitza mahaigaineratu zuen: belaunaldien arteko talka eta klaseen arteko borroka. Testuinguru horretan hiriko azpi-kulturak irtenbide eraginkorra ziruditen.
Eta modu honetan, Jimmy eta bere lagunek, garaiko gazte askok bezala, arropa, musika, drogak eta biolentzia baliatzen zituzten bizitza helduarekiko sentitzen zuten arbuioa adierazteko. Bitartean, gurasoek eta lan munduak ordezkatzen zuten bizitza heldua, botere heldua.
Gazte hauen xarma dirauen bitartean, munduaren epizentrotzat dute euren burua. Ahaldunduta. Boteretuta. Baina denboraren poderioz magia hori agortzen denean, errealitatearen kolpea sentitzen dute.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!