«Zuriegia, agian» -Josean Bueno-
Urriaren 10a gaur, egun historikoa izan daitekeena, Kataluniako independentzia aldarrikatu daiteke hango Parlamentuan. Gertaerak eta erabakiak pilatuko dira, eta ondorioak historia orrialdeetara pasako dira, modu batean edo bestean. Horretaz berba egin behar, nola ez.
Kataluniako egoerari buruz analisi ugari, batzuk oso zorrotzak, daude eskuragai han eta hemen. Nik ez dut saltsa handietan sartuko, are gutxiago esateko batzuek eta besteek zer egin beharko luketen adierazteko. Begirada ez dut jarriko independentzia edota burujabetasunaren aldeko manifestazio erraldoietan, ezta Bartzelonan berriki egin zen Espainiaren aldeko beste manifestazioan. Larunbateko manifestazioak hartuko ditut hizpide, hau da, elkarrizketaren aldeko manifestazioak, Espainiar Estatuko hiriburu batzuetan burutu zirenak.
Harrigarri samarra iruditu zitzaidan, besteak beste, zuria hartu zutelako sinbolo gisa: jantzi zuriekin, kartel zuriekin, pankarta zuriekin atera ziren, han eta hemen, kalera. Helburua, elkarrizketa eta negoziazioa eskatzea, etor litezkeen gatazkak eta kalteak ekiditeko. Asmoa ona, dudarik gabe, eta seguru nago borondate oneko pertsonak bildu zirela halakoetan.
Baina badira, deialdi horretan, zalantza sortzen duten kontu batzuk. Izan ere, deitzaileen atala zuriz zegoen, dirudienez modu “espontaneoan” sortutako deialdiak dira. Zer nahi duzu esatea, niri nork deitzen duen jakitea gustatzen zait, batez ere deialdia hobeto ulertzeko bere testuinguruan, egon litezkeen asmoak hobeto antzemateko, deitzaileen fidagarritasuna neurtzeko … Nork proposatzen duen jakitea deialdi baten oinarrizko kontua iruditzen zait. Eta sinadurarik gabeko hori ez dut gogoko, mesfidantza sortzen dit, agian dagoeneko gaztetxoa ez bainaiz auskalo norekin bidea partekatzeko, norekin noan jakiteari funtsezkoa deritzot.
Gainera, deialdian alde bietara deia egiten zaie bitartekaritza eta elkarrizketa bidea har dezaten alde biak maila berean jarrita. Horrela, zurian. Baina zuri horrek gainontzeko koloreak eta errealitateak estaltzeko erabil daiteke, behe-lainoa trinkotzen denean bezala. Zuria baino ez da ikusten eta errealitatearen mugak eta formak desegiten dira. Izan ere, elkarrizketa eta bitartekaritzaren aurrean oso jarrera desberdinak izan dira konflikto honen aldeetan, kolore eta forma desberdinak. Ezin da dena estali oihal zuri batez eta guztiei hitz egin berdinak balira bezala, izan ere, ez dira berdinak. Ezta elkarrizketari dagokionean ere, batzuek, dagoeneko, bitartekaritza onartu eta eskatu dute, besteek, ez.
Zuria ere bada mezua, ez da sartzen analisietan. Ez du esaten, adibidez, Kataluniako herritarrek eskubidea duten ala ez bere etorkizuna erabakitzeko. Eta hori da konfliktoaren muina. Arazo hori ukitu gabe manifestazioen mezua zuria da, edukirik gabekoa, borondate on zein baliogabeko baten erakusketa. Ulertzen dut Espainia aldean katalanek Kataluniari buruz erabakitzeko eskubidea izan behar dutela adieraztea ez dela erraza izango. Katalanentzat beraientzat ez da erraza suertatzen ari eskubide horren defentsa. Baina arazo hori isiltzeak, zuriz uzteak, edukiz husten du honelako deialdi bat. Auzi honetan sartu gabe, zikindu gabe, lan gutxi egin daiteke konponbidean. Eskubide batzuen alde ala kontra egin behar da, horretan aratz, garbi eta zuri ezin da egon, beste mundu ideal batetik gauzak begiratuz.
Elkarrizketa egun hauetan aldarrikatzen dutenen artean asko isil-isilik egon dira orain arte, eta egoeraren larriaz ohartuta orain hitz egiten dute etengabe elkarrizketa akordio eta erreferendum itunduaren beharraz. Baina urteak eta hilabeteak egon dira aurretik hori guztia eskatzeko eta bideratzeko. Ez da egin, haiek jakingo dute zergatik. Kataluniako kaleak urteetan bete dira mobilizazio desberdinez, burujabetasunaren aldarria ardatz. Folklorea zela uste zuten? Buruzagi politiko batzuk egoki presionatuta dela bertan behera geratuko zela uste zuten? Katalunian bizi den edonork bazekien burujabetasunaren eskaera gero eta zabalagoa zela gizartean. Paper zuri batean jaso dute hori guztia orain arte, eta orain besteek ere dena ezabatzeko eta zuri-zurian berriro hastea nahi dute?
Kolore zuriak, bestalde, esanahi berezi batzuk ere ekartzen ditu gogora. Zuria da ateratzen den bandera etsaiari adierazteko etsi egin dugula, amore eman dugula, ez dugula borrokatzen jarraituko. Edozein trapu zuri ateratzen zuten airera beren burua galdutzat ematen zuten soldadu horiek. Hemen, nori eskatzen ari zaio zuriz janzteko, amore emateko, gauzak bere hartan uzteko? Ez dirudi hori eskatzen zaionik Espainiako Estatuari, daukan jarrera eta daukan boterea ezagututa. Estatu horri aurre egitera ausartu diren arma gabeko milaka horiei ari zaie eskatzen, edo, hobe esanda, Generalitateko Gobernuari, bere eskuetan baitago mugimendu politiko horri erantzuna eta jarraibidea ematea. Kolore zuria, honegatik ere, ez da aukerarik onena; are gehiago, momentu hauetan, gauzak dauden lekuan, bandera zuria ezinezkoa dela esango nuke: milaka eta milaka herritarrek erakutsi dute kemen harrigarri eta baketsua eskubideen defentsan.
Gauzak aldatu nahi dituenak behar ditu elkarrizketak negoziazioak, akordioak. Gauzak dauden bezala mantendu nahi dituenak soberan ditu elkarrizketa guztiak, ez bada funtsik gabeko irudia emateko. Horregatik, ene irudiz, txeke zuria ezin zaio orain eman Rajoyren gobernuari arazoa estali eta usteltzen utz dezan. Dena atzeratu, paper zuria mahai gainean jarri agian egon litekeen balizko negoziazio baten truke? (hain zuzen ere orain arte ukatu egin den hori). Zurikeria dirudi.
Euskaraz “zuritu” esaten dugunean zerbait itsusia onargarria bihurtu nahi dela adierazten dugu. Hainbeste kartel zuri, arropa zuri, pankarta zuriren atzean zer zuritzen den galdetzen diot nire buruari.
JOSEAN BUENO SAEZ DE ALBENIZ
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!