«Zoroetxea» -Mikel Ayllon-
Ia ez dut akorduan noiz ekarri ninduten hona. Duela hiru bat urte-edo izango zen. Memoria bigunekoa nauzue, sentitzen dut, eta hemen emandako urte luzeek ez didate horretan mesederik egin. Horretan ere ez.
Nire neure kabuz etorri nintzen ateraino. Bai, badakit, ekarri nindutela esan berri dut, eta, akaso, kontraesana irudituko zitzaion baten bati. Bada, ez. Denek uste zuten hemen egon behar nuela. Esan ere egiten zuten. Hasieran haien artean, isilka-misilka. Gero, baita aurpegira ere, nire hobebeharrez ari zirelakoan. Denek begiratzen ninduten lekuz kanpo banengo bezala, denek esaten zuten ez nintzela normala, denek nahi ninduten haiengandik aparte, denentzako traba nintzen. Eta hona ekarri ninduten, nire oinez etorri banintzen ere.
Bizitzan ia beti iristen baikara, lehenago ala geroago, bidegurutze berera, atzera bueltarik izango ez duen hautuaren aurrera: zer nahi dugu izan, normalak… ala zoriontsuak? Dagoeneko ondo baino hobeto jakingo duzue zein bide hartu nuen nik. Eta non bukatu dudan. Ez baita erraza, erraza ez denez, normal nahi zaituen munduan zoriontsua izatea. Seguru zuek ere ohartuko zinetela horretaz, eta horregatik erabakiko zenutela normalak izatea.
Atzokoa izan da hemen eman dudan azken gaua. Ez dut batere lorik egin. Gaua nire puskak biltzen eman dudala kontatzea daukat, baina gezur galanta litzateke, ez bainuen nirekin ezer ekarri hona, eta ez baitut, denbora honetan guztian, ezer nire egin. Orain zer bide hartu behar dudan erabakitzeak kendu dit loa. Zer egin behar dudan zoroetxeko atea zeharkatu eta berehala. Medikuek esan didate kito, osatuta nagoela, eta, beraz, normala naizela berriro. Eta, aizue, pena ere ematen dit, behin normala izatea lortuta, kontrako norabideari heltzea.
Inor agurtu gabe alde egin dut goizean goiz. Neguaren antz handiegia duen uda honetako euriak eman dit ongi etorria, eta hemen hartu behar izan dut aterpe, autobusaren markesina batean. Eta hemen nago ordutik, autobusaren zain datorren, autobusera sartzen den eta autobusarekin batera errepidean behera desagertzen den jendearen aurpegietara begira-begira. Ea ez zaidan berehalakoan ahazten normala izatea zer den.
Baina ezin. Eserita nago oraindik. Hurrengo autobusera igoko naiz, esaten diot nire buruari. Baina hurrengo autobusa ere badator, inguruan pilatu zaidan jende guztia irensten du eta badoa, ni hemen utzita.
Halako batean burua jiratu eta iragarki bat ikusi dut markesinako kristalean itsatsita. “Pisukide bila gabiltza” dio izenburuak. “Telmo eta Labrit gara, eta hiru logelako pisua osatzeko norbaiten bila ari gara”. Eta azpian, telefono-zenbaki bat.
Etorri berri den autobusera igo naiz azkenik, eta ondoan eseri zaidan emakumeari telefonoa uzteko eskatu diot.
Mikel Ayllon
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!