Ziurgabetasunaren Leloa
Askotarikoak izan dira, historian zehar, etorkizuna iragartzeko teknikak: eskuetako markak behatu, kartak bota, hegaztien ibilbideari begiratu, kafearen hondarraren formak aztertu, orakuluaren edo xamanaren hitzak interpretatu. Kultura eta garai historiko bakoitzak modu batera edo bestera egin izan du eta badira, oraindik ere, horien artean erabiltzen direnak. Esoterismoaren iruzur hutsa?
Teknika horiek guztiek sugestioa eragin dezakete gugan eta, modu horretara, jokabide batzuk eragin. Baina ez du ematen oso fidagarriak direnik. Zeozertan sinesteak aldartea aldatzera eraman gaitzake, ados; baina gertatuko dena bermatzerik ez dago. Oso begi bistakoa den zerbait ari naiz esaten? Ezin da etorkizuna erabat aurreikusi.
Esandako honekin, hala ere, ez dut etorkizunaren ziurgabetasun politikoaren aldeko apologiarik egin nahi. Izan ere, politikoki oso gogorra iruditzen zait egungo gazteek etengabe entzuten duten ziurgabetasunaren inguruko diskurtsoa. Batetik, ziurgabetasun laborala, birikoa, energetikoa, ekologikoa eta existentziala onartu behar dituzte, besteak beste; bestetik, ahalik eta gehien prestatu behar dira lehiakorrenak izateko, irabazteko. Indibidualki gaingizakien modura prestatu behar dute eta, aldi berean, kolektiboki, kolapasoa datorrela baino ez dute entzuten. Zer garaipen mota da hori, baina?
Etorkizunik ez dago eta bakoitzak salba dezala bere burua! Denok korrika ari gara, elkarrengandik aparte eta norabiderik gabe. Bi mezu kontraesankor horiek egoera nahiko eskizofrenikora garamatzatela iruditzen zait. Hori ote da egungo gazteen (eta ez hain gazteen) artean gaixotasun mentalak ugaritzearen arrazoietako bat? Oso zaila egiten zaie beren burua proiektatzea, epe laburrera bada ere, eta exijentzia maila itzela daukate, bakardadean autoeraikitzeko.
Gauza bat da, beraz, etorkizuna ezin dela aurreikusi esatea, eta, bestea, ziurgabetasunaren onarpen politikoa edo, are gehiago, horren apologia. Politikak ez lituzke berezko ziurgabetasun existentzial batzuk baretu edo murriztu beharko, bultzatu ordez?
Komunitateak badu zaintza eta babesa emateko aukera. Baina politika neoliberalek kontrako norabidera garamatzate. Optimizazioa! Efikazia! Zertarako behar dituzu bi giltzurrun, batekin bizirautea posible bazaizu? Saldu ezazu! Eta, behin hasita, zertarako bi birika, bi begi? Atera diezaiegun etekina organoei! Horrelako murrizketen aldeko aholkuak eman diezazkiguke enpresa kudeatzeko aholkulari berriak. Agian esajeratzen nabil, ados, baina murrizketen bidea hartuta, gero eta hauskorrago gaude ezbeharrei aurre egiteko. Gero eta egoera prekarioagoa bizi dugu. Ez dago biderik, ibiltari; ibilian egitenda bidea. Baina elkarrekin goaz.
Iñigo Martínez Peña
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!