«Zergatik egingo dugu zaintza-lanen greba feminista?» -Lidia Ruiz Gómez eta Vanessa Cachafeiro Sáez de Cortázar (Mugarik Gabe)-
Datorren martxoaren 8rako zaintza-lanen greba egiteko deia egiten dugu. Imajinatzen zer-nolako kolapsoa sortuko litzatekeen emakume guztiok planto egin eta zaintza-lanak egiteari utziko bagenio, esfera produktiboan nahiz erreproduktiboan?
Rita Laura Segato antropologo feministak azaltzen duenez, bizitzan produktibitateak dituen balioak eta zaintza-lanek dituztenak bi proiektu historiko desberdin dira. Zaintzaren proiektu historikoa festari eta plazerari dagokio; gauzen proiektu historikoa produktibitateari. Gauzen proiektu historikoak norbanakoak egiten ditu; loturenak, aldiz, komunitatea.
Eta guk komunitatea nahi dugu, gorputzak eta haien zaintza sistemaren erdigunean jarri, balioa eman zaintzari, afektuei, plazerei. Mugimendu feminista eta hainbat kolektibo eta erakunde sozial aspaldidanik ari gara aldarrikatzen premiazkoa dela bizitzaren eta planetaren zaintza gizarte antolaketaren erdigunean jartzea. Zentraltasun berri honek kapitalismo heteropatriarkalari eta kolonialistari gizartean duen leku hegemonikoa kentzea lekarke.
Zaintza-lanak ez dira soilik mendekotasun-egoera ohiz kanpoko batean daudenen kontua, ezta bizitzako lehen urteetan daudenena ere; edo gaixotasun kroniko bat dutenena edota bizialdiaren amaieran daudenena. Alderantziz, bizitzaren ziklo osoan pertsona orok behar du zaintza, bai gure gorputzena, bai eta horiek zeharkatzen dituzten afektu eta desafektuena ere. Zaintza horiek jasotzeak ez luke familia edo afektu lotura jakin batzuen atzean egon behar, ezta norbanakoaren bitarteko ekonomikoen edo horiek egiteko denboraren eta nahiaren atzean ere.
Gaur egun, ez gizonek ezta Estatuak ere ez dute beren gain hartzen bizitza zaintzeko ardurarik. Emakumeok ari gara zaintzen krisia nola hala konpontzen. Emakumeok ari gara jasaten Ongizate Estatuaren murrizketak eta geroz eta zaintza-lan handiagoa behar duen gizartearen zahartzea.
Geuri dagokigu lan horiek egitea eta soinean zama handiegia daramagu, lanorduak bizkoiztu eta hirukoizten baitzaizkigu. Bestela, familia sarera jotzen da, amonareengana, batik bat, zeinari denbora libreaz gozatzea eta nahi duen bizi-proiektua aurrera eramatea eragozten baitzaio. Zaintzera derrigortutako emakumeak dira amonak, beste aukerarik ez baitzaie geratzen.
Beste batzuetan, beste emakume batzuk kontratatzen dira, maiz migratuak eta pobretuak izan ohi direnak; beren haurrak eta familia hegoalde globaleko jatorrizko herrialdean utzi behar izaten dute beste pertsona batzuk zaintzeko, harik eta zaintzen kate globala deitzen zaiona sortu den arte.
“Gasteizko etxeko emakume langileen egoerara hurbilketa” (Aproximación a la situación de las empleadas de hogar en Gasteiz), 2018ko ekainean argitaratuko den ikerketa lanean adierazten denez, etxeko emakume langileek lan-baldintza prekarioei eta beren eskubideen urratze-maila altuari egin behar diote aurre. 2015ean, Euskadin, 29.543 pertsona zeuden afiliatuta Etxeko Langileen Sistema Berezian.
Horietaik %95 emakumezkoa zen, 28.112, hain zuzen. Araban 3.152 emakumezko zeuden afiliatuta guztira, horietatik 1.253 atzerritarrak. Kontuan hartu gabe merkatu informalean lan egiten duten emakumeen kopurua. Ikerlan optimistenen arabera, %30 inguru osatzen dute. Emakumeentzat sortzen diren kontratu kopuruari dagokionez, etxeko lanen jarduera da lehenengoa. Emakume etorkinen lan-hobia ere horixe da. Aipatu dugun ikerketa-lanaren zirriborroaren arabera, Lan Ikuskaritzak ez du ikuskapen-lanik egiten, familia kontratatzaileen egoitzen bortxaezintasunaren aitzakia pean.
Etxeko enpleguan maiz gertatzen diren indarkeria matxista, klasista eta arrazista egoeren aurrean inpunitatea dakar. Gainerako sektoreen aldean, ez zaie lan-eskubide eta Gizarte Ongizateko eskubiderik aitortzen (bidegabeko beste diskriminazioen artean, ez zaie langabezirako eskubiderik aitortzen), eta lan-arriskuen prebentziorako legeditik kanpo uzten dituzte. Sektorean honako hau da normaltasuna: informaltasuna, funtzioen zehazgabetasuna, lanegun amaigabea, kitapenik ez ordaintzea, gaixotasun- edo haurdunaldi-bajengatik bidegabeko kaleratzeak, familia kontziliaziorako eskubiderik ez izatea, lan-hitzarmen kolektibo bat ezin negoziatzea, estresa, autoestimu falta eta desoreka emozionala.
Egoera hauek are larriagoak dira langile migratuez ari garenean. Egoera irregularrean daudenez, baldintza okerragoak jasateko prest egoten dira, herrialdean egoitza legala lortu ahal izateko. Kezkagarria da bereziki barneko langileek -emakume migratuak gehienak- jasaten duten eskubideen urratzea.
Egiatan, esklabotza erregimen batean ari dira lanean; euren bizitzaren eta gorputzaren gaineko kontrola egon ohi da kasu batzuetan, lanegun akigarriak izaten dituzte, legeak ezarritakoa baino soldata baxuagoa jasotzen dute eta, batzuetan, ostatuaren eta mantenuaren truk baino ez dute lan egiten.
Gainera, emakume askok aitortu izan dutenez, modu batean edo bestean, jazarpen sexuala jasan izan dute. Oso maiz kutsu sexuala duten eskaerak jasotzen dituzte, internet edo iragarkien bidez etxeko langile zerbitzuak eskaintzen dituztenean.
Horregatik guztiagatik, zaintza-lanaren greba bidez kaleak hartuko ditugu. Salatuko dugu lan horiek emakumeen bizkar egiten direla eta gizonak, berriz, salbuetsiak geratzen direla, gauzen ordena “naturala” balitz bezala; salatuko dugu etxeetan egiten den lana, doan egiten denez ikusezina, sistema honen oinarria dela; bizitzaren mantenua erdigunean jartzea exijituko dugu; zaintza-lanen banaketa justua eta berdintasunezkoa; zaintza-lanak familia nuklearretik haratago birbanatzea eta kolektibizatzea, emakumeen esku utzi gabe; erreprodukzioak dakarren guztia aitortzea; eta erakunde publikoek har dezatela beren gain eskubide unibertsalak bermatzeko ardura, bai zaintza jasotzekoa bai eta bizitzaren zaintzarekin zerikusia duten enplegu guztiena ere, batik bat etxeko lanarena.
Imajinatu nolakoa izango litzatekeen eguna zure inguruko emakumeek zaintza-lanik egingo ez balute. Gu geratzen bagara, guztia geratuko da. Horregatik, dei egiten dizuegu emakume guztioi: ez zaindu, ez egin lan erreproduktiborik. Eta jantzi besoko more bat eta zintzilikatu amantala balkoi eta leihoetan, greba egiten ari zaretenaren seinale.
*ZENTZUZ KONTSUMITU partzuergoak egindako ikerlana. SETEM HH, Medicusmundi Araba eta Mugarik Gabe kolektiboek osatzen dute partzuergoa eta kontsumo kontziente eta eraldatzailearen alde ari dira lanean 2005etik hona Gasteizen.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!