Working class heroes
Iragan maiatzaren 27an, Roberto Sanchezek, Arrasateko ospitaleko mediku anestesistak, Osakidetza uzteko bere asmoaren berri eman zuen prentsan argitaratutako artikulu baten bidez. Erabakia bere jarduera profesionalean jasandako etengabeko jazarpenaren ondorioa izan zen, sendagilearen esanetan, eta urtetako istorio epiko baten azken kapitulua. Abiapuntua 2019an izan zen. Orduan, Deba Goienako erietxeko hiru anestesistak; Sanchezek berak, Marta Machok eta Manuel Martinezek; salatu zuten espezialitate horretarako lan eskaintza publikoko azterketetan iruzur sistematikoa egiten zela, zerbitzu buruek hautatutako zenbait hautagaiek ebaluazio jarduerak aldez aurretik jasotzen zituztela. Mesede kate hori jokabide ezaguna eta nabarmena zen Osakidetzan, ezaguna bezain normalizatu eta onartua, horrela izan zen beti eta horrela izaten jarraituko zuen zoro hirukote horri sistema jerarkiko eta ustel horren estatus quoa ostikada batez pikutara bidaltzea okurritu ez balitzaio. Eskandaluak medikuntzako beste espezialitate askotako probak zipriztindu zituen gero, eta elur bola hain handia bilakatu zen non Osasun Sailburua bera ere dimisioa aurkeztera gonbidatu behar izan zuten.
Hirurak hamarkadetan eraikitako bezerokeria sistema ustez ukiezin baten traidore izendatu zituzten eta hura amesgaiztozko istorio baten hasiera izan zen. Anestesistek salatutako iruzurrak ikertzeko eratu zen batzordea salatariak zelatatzeko eta jazartzeko tresna bihurtu zen. Ospitaleko zuzendaritzatik jasanezin egin zieten jarduera profesionala, guardiako sei asteburu jarraiak kateatzera behartuz, greba egunetan gutxieneko zerbitzu faltsuak betearaziz eta, oro har, egunez egun haien bizi eta lan giroa itogarria bilakatuz.
Ezarritako sitemari planto egin zioten, eta larrutik ordaindu ere bai. Badakit, dakidanez, Sanchezek babes asko jaso dituela bere arlo profesionalean, miresmen txaloak, esker oneko hitzak, baina horretan geratu dira, babes anonimoetan, sekula Arrasateko hiruen ausardiarik izan ez eta mesede-katearen gurpilari eragiten jarraituko dioten peoienak. Akaso hiru profesional hauek piztu nahi izan zuten txinpartak ez zuen jarraipenik izango, olio orbana ez zen zabalduko, espero zuten domino efektua eten egingo zen… baina pentsatu nahi dut haien ahalegina ez dela hutsala izan. Gutxienez lortu dute ukiezina zirudien sistema ustel baten gainean susmoaren itzala zabaltzea (eta bide batez goi kargu batzuen buruak garbitzea) eta arlo pertsonalean, beste askok ez bezala, gauero lasai egingo dute lo, eta hori ez da gutxi.
Izango da hiru zoro hauek kamikazetzat dituenik. Niretzat langile klaseko heroiak dira, eta halaxe onartu beharko genieke, eta haien koherentzia eta duintasun ereduari jarraitu, herri honetako jauntxoek txiringito berria egingo ez badute osasun publikotik geratzen zaigun apurrarekin.
Koldo Alzola
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!