V 10
Gaurtik aurrera panorama bestelakoa izango da. Esango nuke nolabait behin betirako deseskaladari heltzen ari gatzaizkiola. Orain arte aurrera eta atzera ibili bagara, seguruenik hemendik aurrera dena joango da, gutxi gora behera, norabide bakarrean. Hasieran muga batzuekin, baina gero eta askatasun gehiago izango dugu, nonbait, Ayusoren moduan. Txertoaren eraginez edo, seguruenik hemendik aurrerako olatuak ez dira hain gogorrak izango eta, beraz, ba omen goaz .. itzuli nahi ez genuen normaltasun horretara. Ekonomia vs osasuna sasi-dikotomia horretan, ekonomia hasten da definitiboki nagusitzen (osasuna bermatuta edo bermatze-bidean dagoelako).
Bizi izan dugun (bizi ari garen) egoera berezi honetatik nola aterako ginen mila aldiz hausnartu eta iruzkindu eta gero, bego hor gaia. Denbora falta da bizi izandakoak gu guztiongan hausnarketa handirik eragin duen ala ez jakiteko. Ikusiko dugu. Beste egun baterako utziko dugu printzipala dena: ekoizpen-eredu berri batetarako aukera, ekonomiaren digitalizazioa, deskarbonizazioa, .. bere argi-ilun guztiekin (ezkerrekook beti ei gabiltza horrela, ñabardurak jartzen eta).
Nire gaurko kezka bestelakoa da. Tabernak, ostatuak. Pandemia honekin terrazak deskubritu ditugu. Lehenago ere batzuek erabiliko zituzten, baina gutako batzuk estreinako aldiz eseri gara kalean zerbait edaten. Ostalaritza SOS.en manifestazioetan hartu dugu parte, euren eskaerak babestu ditugu, baina seguruenik ez dugu eremu honetan zaintza komunitarioa behar den bezala praktikatu. Eseri gara terrazan eta, beste aukerarik topatuko ez dugulakoan, hortxe kieto, arratsalde osoan, ondasun komunitario bihurtzen ari zitzaigun hori partekatu gabe. Ikusi ditugu agure-atsoak edo kuadrilaren bat mahai baten bila eta ez gara altxatu. Alternatzeko modu berri moduko bat asmatu behar izan dugu. Eta, horren harira, eta seguruenik egoera larrian zeudelako eta aukera bat hortxe ikusi dutelako, ostalari batzuek ederki igo dizkigute prezioak (nire eskarmentuaz ari naiz, agian oker nago, ez dut uste). Lehenago kaña zena bat batean kañon bihurtu da, edalontzian likido gehiagorik egon gabe, eta 2 eurotik 2 euro eta erdira pasa gara, eta batzuetan 3 hiru ordaindu ditugu horiengatik. Kafeak eta halakoetan ere 20 edo 30 zentimo gora di-da batean. Eta pelotazoetan, oharkabean pasatzen delakoan, eurotxo bat extra. Terraza-zerbitzua erabili dugu, bai, baina ez gure borondatez. Eta, batzuetan, terrazako prezioa barruko kontsumo esporadiko horietarako geratu da. Hemen, beraz, denon arduragabekeria/norberekeria pixka bat egon da.
Egoera normaldura itzuliko garenean, horrela geratuko al dira gauzok? Ostalari batzuek beltza ikusten dute aurreko eredura (taberna barruan, zutik eta suelto, alegia) itzultzea. Badirudi jende batzuek beldurra hartu diotela taberna barruan egoteari. Baikorrenek ezetz diote, ostalariek ere nahiago dutela lehenengo estiloan lan egitea eta, jendearen egarria aseezina denez, itzuliko garela. Beste eremu batzuetan lehengo normaltasunera itzultzea ez da sanoa, baina alor honetan lehenengo estiloa edo modua sozialki hobea delakoan nago ni. Ez baita gauza bera Alde Zaharreko taberna bateko terrazan eserita egotea, zerbitzari batek pelotazoa noiz ekarriko, edo tabernako leihoaren kanpoaldean bermaturik erdi eserita egotea, eskailera batzuetan eserita egotea, atearen ondoan zutik kalakan egotea, norberak tragoaren beharra duenean altxatu, edalontziak jaso, barrura eraman eta trago berriak ekartzea. Kalean kontsumituz baina turista bihurtu gabe. Eta, bide batez, ez legoke gaizki baldin eta prezioak bere neurrira itzuliko balira (beno, hau nik neuk ere ez dut sinesten).
Honetan ere gazteek izango dute azken hitza. Salbatuko al gaituzte.
Txema Matanzas
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!