Urte berriko kontzertuaren harira sortutako liskarrari buruz
Urtero, urtarrilaren 1ean, Vienan egiten den urte berriko kontzertua telebisatzen du TVE-k. Aurten musikarekin batera liskar ugari ere egon da, baina.
Vienako Orkestra Filarmonikoak orain dela astebete plazaratu zuenarekin hasi zen guztia. Beren zuzendariak dio, orkestrako kide guztien izenean, oraindik ez dela emakume batek orkestra zuzentzeko momentua iritsi. Badirudi ez dagoela esperientzia nahikoa duen emakume zuzendaririk, ez eta kontzertuak dakarren “arrisku eta zoramena jasaten jakingo lukeen” emakumerik. Momentua zein izango den beraiek erabaki arte itxaron beharko dugula dirudi.
1997an onartu zuten lehen emakume instrumentista: Anna Lelkes arpa-jolea. Hogeita bost urte geroago %9ra baino ez da iristen onartutako emakume instrumentisten kopurua.
Goazen atzera baina, urte berriko kontzertu honen sorrerara, iragan iluna baitu. Gaur ezagutzen dugun kontzertua ekitaldi nazi baten oinordekoa da. Lehen emanaldia 1939ko abenduaren 31an izan zen Winterhilfswerk kanpainarako dirua biltzeko asmoarekin, Alderdi Naziaren kultura komisarioek ekitaldi bateratzaile bezala ikusi zuten kontzertua, Hirugarren Reich osoan zuzenean emititu ahal zitekeena, eta data urtarrilaren 1era mugitu zuten 1941ean.
Gerrak luzerako joko zuela ikusi zutenean, Strauss II-ren Danubio Urdinaren Valsa eta Die Fledermaus obertura soldadu nazien morala indartzeko erabili ziren kontzertuetan. Oraindik ere urteroko kontzertuan interpretatzen diren obrak dira, orkestrak beti errepertorio bera errepikatzen baitu, obra berri batzuk noizbehinka sartzen. Strauss familiak jatorri judua zuela konturatu zirenean, Goebbelsek, propaganda naziaren ministroak, isilarazi egin zuen berria.
Gerra amaitu zenean kontzertu bateratzaile hura urtero egiten jarraitu zen, bere sorrera eta iragana guztiz ahaztu diren arte.
Orkestrak buru naziekin erlazio estua izaten jarraitu zuen. 1960Ean Baldur von Schirach, Vienako gobernadore nazia izan zenari eta 1942an orkestraren ohore-eraztuna jaso zuenari agur publikoa egin zioten. Baldur von Shirach hogei urte baino geroago kartzelatzik atera zenean, orkestrak beste domina bat eman zion. Historiadore batzuek filarmonikaren artxiboetan sartzea lortu zuten, eta gerra bitartean eta ostean buru naziekin eduki duen erlazioa zabaldu zuten. Orkestrak sei buru naziri, von Schirachena barne, emandako domina sariak ukatzen jarraitzen du.
Aurtengo kontzertuan Martín Llade, Radio Clasican Sinfonía de la mañana zuzentzen duen aurkezlea ibili da esatari. Zuzenean egin zuen, kontzertuaren emisio erdian “Zergatik nahiko luke inork reggaetoia entzun, hau edukita?” komentarioa. Azkar iritsi zitzaizkion kritikak eta azkar erantzun ditu berak ere, ahaztu litekeen komentariotik hara hanka guztiz sartuz.
Musikologia korronte berriek guztiz gaindituta dituzte musika onaren, txarraren, erraz eta konplexuaren hierarkia zentzugabeak. Musika bakoitzak bere parametro propioak ditu, genero batzuk besteen parametroekin neurtzea absurdoa da. Musika bakoitzak bere hizkuntza eta funtzioa ditu, batak besteari erantzuten diona. Etnozentrismoaren eredu garbia dira hegemonia bat babesten duten jarrera hauek. Musika klasiko edo “kultua” piramidearen gailurrean jartzeko konparaketak eurozentrismoz eta klasismoz beteak daude, bere inguruan biltzen diren instituzio zahar ia guztiak bezala. Musikak izan beharko lukeenaren definizio txiki eta estuak darabiltzate beren argudioak babesteko. Aldiz, Martin Lladeren hitzetan musika klasikoa “guztion eskura dagoenetik ez da klasista”. Galdetu beharko litzaioke Vienako Filarmonika ikusteko sarrerak zenbatean saldu ziren, gonbidatuak nortzuk izan ziren, eta eserlekuetan eserita langilerik ba al zegoen.
Honakoa esan zuen azaroaren hasieran egin zioten elkarrizketa batean: “Musika klasikoak ez du reggaetoia entzuten duen entzulerik, ez eta beharrik ere”. Reggaetoia begitan hartua du Lladesek, badirudi. Dena den, entzule eta ikusleei buruzko datu interesgarri batzuk: Espainia osoko 24 orkestrek bakarrik eskaintzen dute bizitzeko duina den soldata bat, eta soldata hori finantzazio publikotik dator. Beren errepertorio klasikoak ia demandarik ez duenez, ez dago musikari profesional bezala lan egiten bizitzerik diru publikoak mantentzen dituen orkestra hauetako batean ez bada. Kultura ministerioaren datuen arabera, musika klasiko kontzertuetan bikoiztu egiten da 54 urtetik 75 urtetik gorako entzuleen kopurua gaurko musikarekiko. Grafikaren marrazkia nola aldatzen den ikusi besterik ez dago.
Musika klasikoa entzule geroz eta gutxiagorekin geratzen hasia da. Egungo gizartearen portzentaia gazte eta handienak reggaetoia bezalako gaurko musikak entzuten dituela jakinda, ez da oso estrategikoa beren musika gustuak irainduz klasikoa goraipatzen saiatzea; zenbakiek gezurrik ez dioten modura, musika klasikoak programetan jarraitu nahi badu, publikoa behar du eta.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!