Urak bor-borka
Igel egosiaren sindromeak azaltzen du zer gertatzen zaion sutan jarritako lapiko bat bete uretan sartzen dugun batrazio bati. Ura irakiten badago, sartzen saiatu orduko animaliak gogoz eutsiko dio heriotz seguru bat ekiditeko. Ur epeletan sartzen badugu, aldiz, anfibioa lasai murgilduko da; eta sua gero eta biziago jarritakoan; inozoa egokitu egingo da, apurka-apurka, tenperatura igoerara; eta konturatzerako ura irakiten egongo da eta igela egosita hilik. Halaxe gertatzen da, halaber, bizitza arruntean. Arazo bat gutxika-gutxika aurkezten zaigunean, ez gara gai ohartzeko etorkizunean ekar diezazkigukeen ondorioez, eta ez diogu behar bezala eta garaiz aurre egiten. Puntu horretantxe gaude gure inguru gero eta hurbilenean errotu den faxismoaren aurrean; irakite-puntuan, alegia.
Konturatu orduko, xelebretzat, behinolako garaietako freaky anakronikotzat genituenak nonnahi ditugu. Aspaldian telebistako tertulietan zein prentsa idatzian dabiltza, harrotuta, hautsak astintzen… eta orain, urte berria hastearein batera, igelari konturatu gabe ura irakiten jarri zioten bezala, erkunde gorenetan dauzkagu, ongi sartuta eztabaida politikoa monopolizatzen. Nonnahi. Urrunean, Donald Trump, nazioarteko legedia eta gutxieneko kontsentsuak urratuz, atzerriko armada baten burua exekutatu eta munduko oreka ahula arriskuan jartzeko ausardia erakusten du harroputz. Beste zenbaitetan, Bolivian zein Venezuelan, kasu, eskuin muturreko fakzioek gobernu zilegiei estatu kolpeak eman eta boterea bortizkeriaz bereganatzeko saiakerak egiten dituztenean, txalo egin diete Europako ustezko demokratek, besteak beste, PNVk eta haren aparatu mediatikoak. Espainian, berriz, Kongresu erdia hartu dute; eskuin mutur deklaratuaren eserlekuak hautesontzietan irabazita; eta ordurarteko eskuindar, ustez, moderatuen diskurtsoa eskuin muturrera lerrokatuta gero. Baina ez erakundeetara bakarrik, futbol zelaietara ere iritsi da, faxismoaren normalizazioa. Han, beste batzuetan giza duintasunaren aurkako leloak axolagabe onartu diren esparru berean, talde bateko zaletuak zigortu dituzte, zergatik eta nazi bati nazi deitzeagatik. Eta inguru hurbilenean ere, sekula ikusterik espero ez genuena ikustera ere iritsi gara, pintaketa faxistak alde zaharrean. Urrunera joangabe, Hala Bedi irratiko egoitzara ere iritsi dira azken garaiotan faxisten grafiti mehatxugarriak.
Konturatzerako ura bor-bor leporaino daukagu; eta ez dakigu nola; faxistak ez direlako, perretxikoak bezala, hutsetik atera. Aitzitik, hortxe izan dira beti, orain faxista deklaratuekiko kontrastean moderatuak diruditen eskuindarren artean kamuflatuta, isilean euren behin betiko kolpea mamitzen. Urrats bat aurrera eman duten eta gutxietsi ditugun bakoitzean, urrats bat galdu dugu. Orain ez dirudite xelebre kuadrilla bat. «Ez dira pasako» aldarrikatzen hasi garenerako sukalderaino sartu zaizkigu. Ez dezatela pausu bat gehiago ere eman, igel hanka egosi usaina somatzen hasita gaude eta.
Koldo Alzola
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!