Ukraina: propaganda, zentsura eta zuzentasun politikoa
Ukrainako nonahikotasun mediatikoari itxura txarra hartu behar diogu; derrigorrez. Itxura txarra, hedabide boteretsuetan (pribatu zein publikoetan) Ukraina “onen aldea” behin eta berriro erakutsita, eta bere indar armatuak eta milizia ultraeskuindarrak askatzaile moduan aurkeztuta. Nahiz eta gatazkaren nondik norakoak zehaztasunez ez ezagutu, sistema honen sustatzaileek zabaltzen dizkiguten ikuspegiak eta propaganda emozionalak gure mesfidantza handitzera eraman beharko gintuzkete.
Hemen eta orain politikoki zuzena dena Ukrainaren alde egotea da (Ukraina, gobernua, Estatua, indar armatuak eta gainerako indarkeria-egiturak gisa irudikatuta, nahiz eta Ukrainako biztanleriarekiko elkartasunaz mozorrotu). Era berean, politikoki zuzena dena eta sen onak agindutakoa Errusiaren kontra adieraztea eta Putinen kontra gaizki esaka aritzea da. Europako jendarteen patuak gidatzen dituzten eliteek agindua eman dute, eta irakurketa honen atzean kokatu behar dira otzantasun osoz argazkian atera nahi dutenak. Hori dela eta, erakundeetatik Ukrainaren aldeko ekimenak bultzatu behar dituzte, Ukraina Eurovision-en irabazle atera behar da, kirol-ekimeneko emanaldietan Ukrainako ikurra jarri behar da eta unibertsitateen web orrialdeetan “Ukrainarekin” leloa txertatzeko gonbita egiten da (EHUko web-ean kasu, non beste herri batzuen zapalkuntzak ez du inoiz jaso halako tratamendurik -eta egon, egon dira eta badaude…-). Europako gobernuek daukaten AEBekiko morrontza bera adierazten dute maila ezberdinetako erakundeen gehiengoak, sozialdemokraziaren alderdi gehienek, hedabide handiek, pertsona publiko askok… zuzentasun politiko horretan lerrokatuta, itxurakeria bertute bihurtuta.
Ukrainaren alde eta Errusiaren kontra, noski! Gauzak horrela, Errusiako edo Donbass-eko ikurrak estadioetan debekatu behar dira (probokazioak omen baitira, Borrell “the gardener”-en hitzetan, munduko oihana basatiaren aurrean europarron lorezain partikularra); bakarrik alde bateko populazioak pairatzen dituen kalteak erakutsi behar dira (kasu batzuetan, gainera, zalantzatan jarri direnak); gerraren hasieratik Errusiako hedabideak blokeatu behar dira eta deserosoak izan daitezkeen kazetariak atxilotu (edo hauen atxiloketaren aurrean, tokiko herriaren presioaren ondorioz, aho txikiko kezka adierazi). Kasu batzuetan, Errusiaren kontrako jarrera esperpentora heltzen da, munduko unibertsitate onenen ranking-en batean unibertsitate errusiarrak ikusezin egitea bezala (https://www.timeshighereducation.com/world-university-rankings/2023/world-ranking). Izan ere, Errusiako komunikabideak blokeatzeak bi ezaugarri ditu: bata, inposizioa, autoritarismoa, tokiko burgesiak etsaitzat hartzen duenaren mezua (kasu batzuetan propaganda hutsa izan badaiteke ere) herri eta pertsonoi galaraztea; bestea, paternalismo iraingarri batekin gu guztiak tratatzea, propagandaren aurrean eraginerrazak izango bagina gisa (kasu askotan ziurrenez horrela izango dena, baina haiek izendatutako etsaiaren propagandaren aurrean “babesteko” bakarrik, inolaz ere gainezkatzen gaituen inperialismo atlantistaren propagandaren aurrean).
Propaganda, ezkutaketa eta zentsura naturalizatu egin dizkigute Ukrainakoarekin ere, hainbeste gairekin eta, duela ez hainbeste, pandemiaren kudeaketarekin egin zuten moduan.
Donbasseko ikurra erakustea probokazioa omen da, politikoki zuzenaren zentzuaren kontra doa, eta neurri errepresiboak justifikatzen dira indarkeria goresten omen duelako. Baina ez omen da probokazioa arropan, zorro edo motxiletan AEBtako ikurra eramatea, munduan zehar gerrak, inbasioak eta Estatu kolpeak sortu eta sortzen jarraitzen duen potentzia inperialista, hain zuzen ere, baita Ukrainako gerraren erantzule eta onuradun nagusia. Askatasunaren eta mundu librearen paradigma omen den “gure aliatu” estatubatuarrarekin lerrokatzea zuzentasun politikoan kokatzen da. Era berean, politikoki ez-zuzena da (eta antisemita omen…!!!) Estatu sionistaren kontra agertzea eta Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak kanpainaren alde egitea, baina ez dago inolako arazorik kaletik Hugo Boss letra handiz daukan jantzi batekin joateko, alderdi naziaren kide esanguratsuaren izena gogoratuz, SS, Wehrmacht eta Waffen-SS-rako uniformeak egiten zituen enpresaren jabea. Kapitalismoan business is business, eta negozioak beti daude politikoki zuzenaren barruan.
Egungo statu quo-ren defendatzaileak Ukrainarekiko gure jarrera modu horretan bideratzen saiatzen badira, itxura txarra hartu behar diogu, bai. Eta, era ia instintiboan, aurkako erreakzioa sortu beharko liguke. Gure mesfidantza (norberak gehiago ala gutxiago garatua) biderkatu behar dugu. Ez gaitezen izan beren argazkiaren apaindura, ezta gure gaineko erakundeen txotxongiloak ere. Etorkizuna justizian eta elkartasunean eraikitzeko borrokatzen duten herrion argazkiak oso bestelakoa izan behar du, eliteen interesei kontrajarria eta beren zuzentasun politikotik kanpo. Argazki bat non eliteen propaganda elikatzera gehitzen diren eragile “aurrerakoi”-en itxurakeriak lekurik ez duen. Askatasunean garatu nahi den jendarteak ezin du onartu eliteen zentsura ere. Muturreko egoera batean egon gabe, oso era argian erakutsi berri digute askatasunen mundu liluragarri honetan informazioa (edo propaganda… zergatik ez?) jasotzeko eskubidea bertan behera geratuko dela haiek horrela erabakitzen dutenean. Bai, zentsurara eta alde bateko propagandara naturaltasunez ohitzea ere zuzentasun politikoaren partea da.
Iñaki Etaio
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!