Txiletik lurraren defentsarekin solasaldian
Estitxu Villamor eta Itxaso Viñeren iritzi tartea.
Azaroan, Txileko egoerari buruz mintzatu nintzen. Urriaren 18tik Txileko Herriak kalean jarraitzen du eta borroka honek Txleko mugak gainditu ditu. Munduan, Euskal Herrian eta Gasteizen, asko izan dira egin diren elkartasun keinuak: elkarteratzeak, produktu txiletarrei boikota egitera deitzen duten pegatak supermerkatuetan jartzea, hitzaldiak… Abenduko lehenengo asteburuan, batzuek, gure elkartasuna eta salaketa Madrilera eramatea erabaki genuen. Bertan COP25 burutzen zen, Nazio Batuen Aldaketa Klimatikoaren Konbentzioa bere 25. edizioan, hain zuzen ere. Eta horren kontra, edo bertan ospatzen den hipokresia eta aurpegi garbiketaren aurrean, Klimaren aldeko giza gailurra antolatu zuten talde ekologista ezberdinek. COP25aren lehendakaritza eta egoitza Txilek zuen, baina Urritik kaleak pilpilean dituzten herri mobilizazioak direla medio, Piñerak bertan behera uztea erabaki zuen. Hala ere, Madrilek egoitza eskaini zion COP25ari, eta presidentzia Txilek izaten jarraitu zuen. Hau dela eta, eszenatokirik aproposena zen Txilen ematen ari den errepresio bortitzaren salaketa egiteko. Baina Txileko herriarekiko elkartasuna adierazteko Madrilera bidaiatu genuenok, Gasteizko kide ekologistak izan genituen bidelagun.
Hala da, lurraren defentsan borrokatzen ari garenok ere bertan egon ginen. Gobernuen pasibotasuna eta itxurakeria salatzea zen gure helburua, eta baita ingurugiro justizia eta justizia soziala aldarrikatzea ere. Izan ere, etengabeko hazkunde ekonomikoa bilatzen duen eredu hau auzitan jartzen ez bada, nekez geldiaraziko dugu aldaketa klimatikoa. Kapitalismoak, nahi ta nahi ez, munduko baliabideak mugaraino ustiatzea dakar, horrek lurrarengan eta pertsonen bizitzengan eragiten dituen kalte guztiekin.
Txile ere ez dago salbu, Pinocheten diktaduraren laguntzaz, Kapitalismo neoliberalak izan duen garapen sakonak ondorio zuzenak izan ditu amalurrean, eta nola ez, pertsonengan. Sistema hau diseinatzerakoan, Txileko lurralde osoan ematen den produkzioa eta errekurtso ezberdinen ustiaketaren banaketa territoriala marraztu zuten. Mundu osoan bezala, Estatu Txiletarrak, zonalde bakoitzak kapitalismo globalizatu honetan zer produzituko zuen ezarri zuen. Iparraldetik hegoaldera, mehategiek, monokultiboek, ikatz zentral termoelektrikoek, zur-industriek, hidroelektrikoek eta abarrek lurra, ura eta haizea pozoitu eta husten dituzte. Honetaz gain, itsasoaren gehiegizko ustiapena zazpi familien artean banatuta dago. Itsasoarekin ematen dena, Txileko ur guztiarekin gertatzen da, Pinocheten garaian sinatutako Konstituzioak ura pribatizatu baitzuen. COP25ean, #ChaoCarbón kanpaina presente egon zen ere. Dinamika honek, herri mugimenduak deitutako sakrifizio zonaldeetan dauden heriotza-tasa altuak salatu nahi ditu, eta haizea kaltetzen duten ikatz zentral termoelektikoen itxiera eskatzen dute. Herri Maputxearen aldarrikapenek isla izan zuten ere. Aintzinako herri hau, lurraren defentsa aktiboa burutzeagatik bortizki erreprimitua izan da eta estatu txiletar zein argentinarren partetik anikilazio estrategia pairatzen du. Makarena Valdes, Alejandro Castro eta Camilo Catrillancaren izenak, mobilizatutakoen eztarri zein bihotzetan egon ziren. Baina estatu txiletarra ez da lurraren defendatzaileak akatzen dituen estatu bakarra, mundu osoan zehar, eta bereziki latinoamerikan, ehundaka aktibista akabatzen dituzte.
Txilerekin batera, munduko hegoalde globalak pairatu ditu eredu extraktibista honen arazo larrienak, eredua iparralde globaleko herrialdeen beharrak asetzera bideratuta dagoen arren. Baina baliabideak gero eta urriagoak izanik, guk ere mehatxuak gero eta hurbilago ditugu. Joan den azaroaren 27an Gasteizko Subijana herrian burutu nahi den Armentia 2 putzua egiteko baimena eman zuen Espainiako Trantsizio Ekologikoko ministeritzak. Hau fracking-aren bidez zulatu nahi ziren Enara 1 eta 2 putzuen oinordeko zuzena da. Oraingoan teknika konbentzionalak erabiliko dituztela esaten dute, geologikoki hobia ez konbentzionala den arren. Gasa 1400 km2-ko azalera batean zehar dago sakabanatuta, oso sakonera handian, arroka ez-porotsu eta iragazkaitzetan. Bertako gasa ustiatzea teknikoki oso zaila bihurtuz eta kalte ekologiko handiak ekarriz. Horregatik, lurzoruan dagoela dioten gas guztia erauzi nahiko balute, ehundaka edo milaka putzu beharko lirateke. Gainera, Subijanako akuiferoa bete betean zulatu behar dute; EAEko lur azpiko ur gozo erreserbarik handiena dugu hau, iraganean Gasteizko hiria lehorteengandik salbatu izan duena. Larrialdi klimatikoko egoera honetan guk argi daukagu gasa lurpean uztea dela onena, erregai fosilen aldeko apustua behin betiko baztertuz.
Argi dago sistema kapitalistak, bere hastapenetatik, etekina jarri duela edozeren edota edonoren gainetik. Sistema kapitalistaren barruan ematen diren zapalkuntza guztiak honetara bideratuta daude. Eta zapalkuntza guzti hauei lurraren ustiapena gehitu behar zaio. Kapitalismoak ezarritako lurraren ustiapen honek milaka pertsona pobreziara, heriotzera, migratzera edota baldintza kaskarretan bizitzera kondenatzen ditu. Herri Maputxea bezalako jatorrizko herriek argi dute, beraien duintasuna eta askatasuna defendatzeko aurrera daramaten borroka, lurraren babesari lotuta dago. Munduko edozein txokotan kapitalismoaren kontra borrokatzen garenok batu egin behar dugu lurraren defentsan etorkizun duin bat bermatzeko. Baina, aldi berean, ozen esan behar dugu, kapitalismoa suntsitu ezean, ezinezkoa egingo zaigula lurra defendatzea. Kapitalismoa eta benetazko ekologismoa ez direlako gauzagarriak batera.
Horregatik “Ez hemen ez inon” da gure leloa. Ez dugu horrelako proiektu suntsitzailerik nahi, ez Txilen, ez Subijanan ezta beste inon ere. Borroka guztiak batuz, zuk esan bezala, eredu kapitalista osoa irauli behar dugu eta, nire ustez, ekofeminismoak planteatzen duen moduan, bizitzak erdigunean jarri. Baztertu dezagun behingoz produkzio eta kontsumo eredu basati hau eta pentsa dezagun zeintzuk diren gure benetazko beharrak: plusbalioa lortu eta hazkunde ekonomikoa mantentzea, edo bizitza duinak bizi ahal izatea?
Estitxu Villamor eta Itxaso Viñe
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!