Txertoen zirkotik haraindi
Koronabirusaren txertoen inguruan zirko ederra antolatu dute azken asteotan: kontraesanak, norabide aldaketa etengabeak, erabaki ulergaitzak… Konfiantza hartzeko moduko giroa, aizu! Horrekin distraitu eta nahastu nahi bagintuzten, benetan lortu dute. Ez dakit hori zen asmoa, baina, egia esan, badira beste eztabaida interesgarriak txertoen kontu honetan eta ulertezina da hauek plazan hain leku gutxi izatea.
Adibidez, zergatik ez dira produzitzen txerto gehiago? Europan (eta beste herrialdeetan) badago ahalmen teknikoa askoz txerto gehiago sortzeko eta banatzeko. Jende askorentzako hil ala biziko arazo honetan lehentasunezkoa izan beharko luke txertoak ahal bezain azkar sortzea, horretan denok ados egon gaitezke. Kontua da farmazia-enpresa jakin batzuek daukatela patentea, txertoa garatu dutelako, eta horiexek ari dira beren kontrolpean txertoak sortzen.
Badakigu txertoa lortzeko Europar Batasunak laguntza ekonomikoak bideratu zituela, txerto horien hornidura jasoko zelako enpresen konpromisoarekin, adostutako prezio eta epe jakin batzuetan. Baina, ikusi dugunez, enpresa horietako batzuk ez daude hartutako konpromiso hori bete, eta txertoa espero baino atzerapen handiagoz ari da heltzen.
2020ko urrian ehun herrialdek baino gehiagok, Indiak eta Hegoafrikak besteak beste, COVID19rekin lotutako patenteak askatzeko eskatu zuten, pandemiari mundu mailan aurre egin ahal izateko. Merkataritza Mundu Erakundean aurkeztu zuten eskaera. AEBek, Europak, Japoniak eta beste batzuek ez zuten proposamena onartu. Beste estrategia bat zuten, enpresekin adostea.
Bitartean, jende gehienari, denbora luzean eta modu askotan, izugarrizko esfortzua eskatzen ari zaigu gaixotasunari aurre egiteko (askatasun murrizketa handiak, galera ekonomikoak askorentzat, krisi larria hainbat sektoretan…). Besteak beste, askok bakardade larrian bizi izan dituzte beren azken egunak, familiakoei laguntzea debekatu zaielako; ez dira kontu txikiak! Eta, jakina, birusak jendea hiltzen jarraitzen du, egunero-egunero.
Aparteko neurri larriak jasan ditugu denok. Ez dago motibo nahikorik neurri larri horiek ere txertoaren produkzioan eta patenteetan ezartzeko? Enpresa-interesak guztiaren gainean daude? Beti? Izan ere, bai Espainiar Estatuko legeek bai Europako legeek patenteak askatzeko aukera zabaltzen dute egoera larrietan. Hau ez al da egoera horietako bat?
Ezin dut ulertu nola honen inguruko eztabaida ez dagoen egunero kalean, komunikabideetan eta abarretan. Gehienon interesekoa da. Zergatik ez dabiltza partiduak, sindikatuak, iritzi-emaileak, intelektualak eta abar jo eta ke patenteak askatzeko eskaera aldarrikatzen? Uler dezaket oso ondo batzuen nahia eztabaida hau itzaltzeko, ez zaielako interesatzen. Egoera honetan ezin dut ulertu, aldiz, beste askoren isiltasuna eta epelkeria.
Josean Bueno Saez de Albeniz
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!