«Trebiñuren eskutitza gurasoei» -Trebiñuko euskalgintza-
Arabaren bihotza. Mapetako hutsunea. Zulo beltza. Zortzigarrena. Salbuespena. Nahi eta ezina. Ahal eta nahi eza. Finean, Trebiñu.
Egunero, urtean 365 egunez Trebiñun bizi garenak, lo egiten dugunak, lan egiten dugunak, jolasten dugunak, ikasten dugunak eta gozatzen dugunak asko gara. Eta Euskal Herriko herri askotan bezala euskaraz egin nahi ditugu guzti horiek. Gogora dezagun lagunok, Trebiñu ez da Araba. Ondo irakurri duzue, Trebiñu ez da Araba. Eta Trebiñun euskara ez da ofiziala. Baina ezezkotasun guzti horien aurrean, Trebiñuko euskaldunon nahiak eta ahaleginak lurralde hau euskararen territorio egiten dute.
Oraingo honetan ez gatoz erreguka, ezta eskean ere. Eta ez dugu oihurik egingo gure lurraldetasunaren inguruan. Trebiñuko euskararen egunerokotasunari eman nahi diogu hitza. Astelehen buruzuriei, ogia euskaraz erosteari, zerbitzu publikoetan euskaraz hitz egiteari, eskoletan “Kaixo!” esateari eta bertsolari bat gure herriko plazan arrotza ez izateari. Tarteka gure izateaz oroitzen diren makro-euskal jaialdiak bazterrean utziko ditugu gaurkoan, Trebiñu otsaileko astearte hotzetan ere esnatu egiten baita.
Eta goizean goiz esnatzen dira gure alaba eta seme asko, Trebiñuko eskola publikoa Gaztela eta Leongo sarekoa izanik, euskara eskolan existitu ez eta Langraitz edo Gasteizera joan behar direlako, etxetik 5 minutura eskola publiko bat dutenean. Eta gure beste alaba eta seme hainbat, urtez urte zalantzan dauden diru-laguntzen menpean dagoen Argantzungo Ikastolara joaten dira. Burgosen bizi garenez, bai Burgosen, Ikastolak ez du kontzertaziorik eta borondate onaren eta esleipenetako izartxoen eta eranskin gehigarrien menpe bizi da. Hori da Trebiñu, dokumentuetako izartxoa, eranskina, gehigarria, letra txikia, noizbait desagertu edo ahazten bada ondorio latzik ez dakarrena.
Baina Trebiñutarrok etorkizuna euskalduntzeko dugun nahiaren erakusle argiena, Udalak irekitako Armentiako Bentetako haurtzaindegia da. Udalaren eskuetan dagoen hezkuntza gune bakarra euskalduna da, euskaldundua eta euskalduntzailea.
Eta haurrak eskolan dauden bitartean gurasoak hainbat enkargu eta paper egitera joaten dira zerbitzu publikoetara, gaztelaniaz noski, hemen euskara ez baita ofiziala. Eta ofiziala ez denez, norbanakoaren borondatera mugatzen da honen ezagutza eta erabilera. Euskara ofiziala den herrietan neurriak hartzeko oztopoak eta zailtasunak zein diren ikusita, pentsa oraindik ofizialtasunik ez duen lurralde baten egoeran.
Berezia, bereizia eta ezberdina denak arreta berezia, bereizia eta ezberdina behar du. Ez da berdina hartzailea eta emailea. Eskalea eta emailea. Trebiñu berezko hartzaile naturala ez denez, eskale bilakatu da. Eskua zabal, emailearen borondate onaren menpe dago bere biziraupena. Trebiñu bere jatorrizko etxetik kanporatu zuten eta arrotza zaion aterpe batek babestu izan du hartaz geroztik, guraso berri batzuen zaintzapean. Bere jatorrizko ama eta aitak laster etxera itzultzeko aukera izango duela zin egiten diote. Amak eta aitak eskupekoak ematen dizkiote, baina gainontzeko anai arrebenak baino txikiagoak izan ohi dira. Bitartean,
Trebiñuk gainontzeko anai arreben bizimodua jarraitu nahi du, baina bitarteko berdinak ez dituenez frustrazioa eta nekea agertu ohi da haren inguruan.
Arratsaldeetan herriko Txingoka euskara elkarteak antolatutako eskolaz kanpoko ekintzetara doaz haurrak eta asteburu honetan Gutxisolo euskara elkarteak antolatutako txango eta jaia dugu larunbatean. Gauza guzti hauek egiteko adopziozko gurasoek ez diote laguntzarik eskaintzen Trebiñuri, haiek ulertzen ez duten eta ustez ez dagokien hizkuntza batean hitz egiten baitu. Gauzak horrela, berezko gurasoengana jo ohi du laguntza eske, erreguka, belauniko, borondate onaren esperoan. Eta azken urteetan, dagoeneko adin nagusikoa izanik, nekea arlo hainbatetan nagusitu eta hainbat gauza ez egitea erabaki eta beste hainbat laguntzarik gabe eta bere kabuz egitea erabaki du. Hala ere, eskertuko luke ama eta aitaren benetako laguntza.
Arabako amatxo eta aitatxo eta Euskal Herriko amona eta aitona: mugi ezazue mugitu beharrekoa zuen etxean Trebiñu laster egon dadin. Eta bitartean, emaiozue gainontzeko anai arrebak bezalakoa izateko aukera, zortzigarrena izan arren, euskalduna ere badelako.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!