«Trebiñuko kontrabandistak» -Beñat Hach Embarek-
Hizkuntza batek mundu ikuskera bat dakar gibeletik, eta erabiltzen ditugun hitzek moldekatzen dute bizitzea egokitu zaigun denbora eta espazioa, testuingurua ulertzeko kodeak. Adibidez, nor definitzen dugun kontrabandista gisa, eta nor ez.
Zuzeu.eus bidez
Estatu espainiarrarentzat nafar erresuma defenditu zuten gudariak “heretikoak” ziren; foruak babestu zituztenak “nekazari atzerakoi totalitarioak”; 1936an faxismoaren aurka gudukatu zirenak “gorri separatista traidoreak”; etakideak “terroristak”. Euskal Herriaren burujabetza bere garaiaren testuinguruan defenditu duen jendeari ezarri zaizkien adjektiboen inguruan bada hautu bat, borroka dialektiko etengabe bat, “errelatoaren bataila”. Baina ez da berdina ikusten “kontrabandista” kontzeptuaren inguruan.
Nola kontrabandista? Zer dela eta estraperloa? Herrien arteko harreman ekonomikoa betidaniko gauza naturala zen: Aezkoa eta Donibane Garazi, Baztan-Luzaide eta Baigorriko ibarra, Zaraitzu Baxenafarro zein Zuberoarekin, Erronkaribar Larraine edota Santa-Garazirekin…
Marc Legassek zioen bere liburu batean, “Ilargizarrako kontrabandistak”: “bere aberrian kontrabandoan pasatzen den herria, eta bere ondasuna banatu duten bi bidelapur: horra euskal arazoa”.
Bigarren karlistadan foruzaleak garaituak izan ziren erabat, eta Canovas del Castillok 1876ko uztailaren 21ean dekretatu zuen foruen deuseztapena, Bilintx hil zen egun berean (horretan ere zorigaiztokoa). Canovasi zitzaion gorrotoaren lekuko onenak dira Txirritaren bertsoak, Angiolillok agintaria hil eta gero jarritakoak (egun “gorroto delituarengatik” kartzelan legoke):
Il da Cánovas, fuera Cánovas,
pikaro gaizki eziya,
galdu zituen gari-zelaiak,
gallendu zaio sasiya;
galdu zituen ipar garbiyak,
gallendu trumoi nasiya,
galdu zituen fueruak eta
Jaungoikuaren graziya,
galdu zituen bizi-lekuak,
galdu du bere biziya!
Iru reloju, iruna kate,
iru mallakin bakoitza,
buruan berriz iru korona
petxuan iru orratza;
iru doblako amoriyua
tximista bezin zorrotza,
iru tirotan utzi zizuten
zuri senarra illotza,
iru ezpatak zulatzen dute
señora, zure biotza.
Ez ziren harritzekoak hitz gordin horiek, ondorioak latzak izan ziren eta. Soldaduska egitera behartuakizan ziren euskaldunak, eta horrek exodo bat eragin zuen Atlantikoaren beste aldera, gizonena bati-bat; horren ondorioz bikote euskaldun gutxiago sortu ziren, hizkuntzaren kalterako. Hil ere asko: Filipinas, Kuba, Ipar-Afrika… Zerga sisteman, justizian eta ekonomian ere sekulako aldaketak izan ziren, eta “berrokupazio” horren ondorioetako bat arantzelak izan ziren. Bailaren artean mendeetan barna josia zegoen merkataritza harremana, bat batean, kontrabandoa zen, eta egunez eta astoz lagunduta egiten zena, gauez eta motxilaz egiten hasi behar izan ziren.
Kontrabandistak ez: merkatariak, nekazariak, langileak… Nahi dena, baina kontrabandistak ez. Kontrabandistak lurrak okupatu eta baliabide natural zein humanoak ustiatzen dituztenak dira, ez dozena erdi bat gauza bizkarrean eta gauez garraiatzeko beharra izan duen jende xumea. Muga bat ez zegoen tokian muga bat ezarri zutelako; guardia zibilek Ibardineko artzainari ez ziotelako Azkainaldera joaten utzi galdutako ardi baten bila.
Igande honetan Araba Euskaraz ospatuko da, Argantzunen, Trebiñun. Sos bilketa ikastola berri bat eraikitzeko da, eta bertan oraindik eskaini ezin duten Lehen Hezkuntza irakatsi. Kontua da Trebiñu mugaz inguratuta dagoela, Gaztelaren administraziopean, eta Gaztelak ez diela baimendu ikastola Trebiñuko lurretan eraikitzea. Horregatik, ikastola berria Sagastietan egongo da, Araba ofizialean, konderriarekin mugan.
Trebiñuko ikastolako haurrak irudikatu ditut, autobusera igo eta Sagastietarainoko joan etorrian, egunero. Agian, egun batean, guardia zibilak geldituko ditu bide bazterrean, ea “kontrabandorik” dakarten ikusteko, garuneko neurona artean, bihotzeko aortan edota mingaineko dastapapiletan: euskara izeneko lehengai debekatu eta arriskutsu bat.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!