«Puigdemont atxilo» -Patxi Goenaga-
Kataluniako gatazka dela eta, paperean behin eta berriro agertzen diren hainbat izen eta terminok ondoeza sortzen didate. Holakoak dira rebelión eta traición, adibidez. Egia esan, hitz horiek entzuten ditudanean zaharkitutako zerbaitez ari garela iruditzen zait, Erdi Aroko kontakizunetan erabiltzekoak edo. Baina hortxe daude Mendebaldeko zenbait ordenamendu juridikotan, nonbait, hautsak estalita bezala, delitu horiek bazirenik ere ez genekiela… Harik eta epaile zorrotz batek mahai gainean jartzea erabakitzen duen arte. Legea interpretatu behar duenak dio matxino hauek, Puigdemont nagusi dela, delitua gauzatu dutela. Rebelión, matxinada delitua, alegia. Batzuek Ama Europaren babesa bilatu dute. Bese batzuk gartzelan daude. Baina Europako estatu askotan, nonbait, delitu hau ez da esistitzen. Alemanian ez. Hala ere, Espainiako justiziak delitu hori leporatzen dielarik, atxilo hartu dute Puigdemont Alemanian. Gero ikusiko estradizioa bideragarri den ala ez. Gero ikusiko Europak benetako babesa eskaini dezakeen ala ez.
Delitu horren elementu nagusia da, ulertu dudanez, lege-ordenamenduaren kontra aritzea indarra, armak, erabiliz. Hortaz, zein izan zen benetako delitua? Non dira armak?
Bide batez, gehiegikeria izugarria iruditzen zait, beste askori bezalaxe, Kataluniako ‘matxinada’ hau, baketsua eta armarik gabea izanik, tejerazoarekin konparatzea. Konparazio hau epaileak egin zuen. Eta lasai asko, gainera. Horretan hasita, joan zitekeen pixka bat urrutixeago ere konparagai bila: kongresuko sapaia tirokatu ordez, bide bazterrak eta gainerakoak hilotzez bete zituen altxamenduarekin konparatzea falta zitzaion. Alemanian matxinada deliturik ez omen dago, baina badela kideko bat ‘alta traición’ delakoa. Baina zer da alta traición? Zertan ari gara?
Arazo politiko bati konponbide politikoa bilatzen saiatu beharrean epaileen esku jarri nahi da soluzioa.
Dena dela, eraiki nahi den Europa handi horretan ez al da izango lekurik nazio eta herri txikiagoentzat? Ala zer? Nork uka diezaioke herri bati herri bezala antolatzeko eskubidea? Herritar gehienek beste bide bat hobesten badute, nola ukatuko zaie nahi duten aukera berri hori?
Jendea beldurtzea nahi bada (eta ez bakarrik bankuak eta enpresa handiak, dirua oso izutia denez, hauek berehala beldurtzen baitira eta ipurdia erraz aulkiz aldatzen baitute) ibilbide luzerik ezin du izan horrek.
Kataluniako aferak soka luzea du. Inoiz ez dut uste izan berehalakoan amaitu behar zuenik, baina gero eta nahasiago ikusten dut kontua. Eta konponbidea gero eta zailago. Jendea atxilotuz, gartzelara eramanaz eta hola ez goaz bide onetik. Hori diogu batzuk. Baina badira, halaber, beste asko, zigorra eta makila astindu nahiago dutenak, eskarmentua eskatzen dutenak, soberanista jende honi zigor ejenplarra eman behar zaiela uste dutenak… Zer nahi duzue esatea? Gartzela zigorrak gauza gutxi konpontzen ditu. Gartzelak gehienetan ez du ezer konpontzen.
Kataluniako presidentearen atxiloketak urduri jarri nau. Ez nuen uste gertatu behar zuenik, eta gutxiago Alemanian. Pena eman dit, eta amorrua ere bai. Nahiago nuen beste zerbait. Oraindik ikusteko dago galtzaile baten aurrean ote gauden, ala ez, baina galtzaileak maiz errukia sortarazten du. Aldiz, garaile harroputzak, kontrako erreakzioa dakar. Irabazle omen direnek dena dute beren alde: legea, konstituzioa bera, baina baita konstituzio hori betearazteko prest dauden juezak, politikariak eta abarrak.
Espainiako komunikabideetan iritzi batzuk ustezko galtzailea iraintzeko eta hankapean birrintzeko batere kupidarik gabeak izan dira. Esatari ospetsu baten ahotan entzun nuen, adibidez, graziosoarena eginez, puigdemoniako adjektiboa ere. Zein erraza den holakoetan txikiari, ahulari, barre egitea. Eta arazo baten aurrean galtzailerik eta irabazlerik behar ez genukeenean, oraingoan bezala, okerreko bidea hartzen dugu.
Kataluniako presidenteak, ordea, galtzeko aukera guztiak izanda ere, gogor eutsi dio emandako hitzari. Miresten dut. Estrategia badaezpadakoa izango zen. Baliteke. Baina zintzo jokatu du. Batzuek traidoretzat, kobardetzat eman zuten. El fugado, el huido… Zergatik ez dute beste adjektibo bat erabiltzen horien ordez? Zeren ihes egin bazuen, hemen aurkituko ez zuen babesa behar zuelako egin zuen ihes.
Hauek nire sentipenak eta nire penak Hau nire oraingo amets gaiztoa. Estradiziora ez ahal dira iritsiko!
Hala biz.
Patxi Goenaga
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!