Presentzia poliziala
Uste dut ados gaudela guztiok azken asteotan Gasteiz nahikoa kargante jartzen ari dela. Presentzia polizialaz ari naiz. Ez naiz militarizazioaz ari, hitz potoloegia iruditzen zait dagoen hori definitzeko. Covid.arekin loturik dagoen poliziaren presentzia itogarriaz ari naiz (eta, bide batez, txirrindularien aurkako kanpaina berriaz, edo ez hain berriaz). Auzoetan gauzak nola dauden ez dakit, baina erdialdean kalera atera eta hemen eta hor eta han ikusten dituzu. Udaltzainak eta polizia baskoak. Maiz argiak piztuta. Eta askotan anbulantziaren bat.
Aurreko ostiralean etxetik atera eta hortxe munipen autoa, espaloian, udaltzain biak kanpoan, patinete elektriko horietako batean omen zihoazen bi neskatxori –hamabost bana urte- kargu egiten, datuak hartzen, lasai samarra dena baina, Jesus, ezin zituzten neskak, baldin eta motiborik bazegoen, gelditu, zerbait esan eta joaten utzi? Zein astun jarraitzen ari direla pentsatzen nihoala, Virgen Blanca plazara heldu, eta han goian pifostio ederra, ertzainen bi patruila eta inguruan berrehun bat pertsona, seguruenik hara hurbildu ginenon artean inork ez zekien zehazki zer zen gertatu, oihuak, mutil bat kotxean sartzen saiatzen ari, eszena ez zen biolentoegia, tira, baina azkar bukatu izan ez balitz –udaltzain batzuk agertu eta dena urtu zen poliki poliki- auskalo nola bukatuko zen kontua. Zein zen trifulkatxoaren gakoa? Nonbait terraza batean zegoen mutiko batek ez ei zuen muskoa ongi jarrita, edo erabat kenduta zuen, edaten zuen bitartean, edo edan eta gero, … (Tartean, emakume batek: “Zer nahi dute baina? Musukorik ez badute eramaten, 1000 euro eta listo!”. Ai, tolerantzia, zer zen hori?
Eta etxerako bidean bueltan, errituala bihurtu dena. Diskoteka batetik neska mutilak atera orduko hantxe daude udaltzainak, eta di-da, mutil bat paretaren aurka, beste bat identifikatzen, oihuak, … Gazte jendea zurrutaturik ateratzen dela eta ez dela isiltzen? Seguru, baina ezin dute egoera hori bestela kudeatu? A zein galdera, Txema, jakina ezetz, ez baitituzte horretarako prestatu. Eta bukatzeko: oso nekagarria da txirringaz ibiltzean etengabean hona eta hara begira egon behar izatea.
Neke soziala aipatzen da, bai, eta arragoa horretan denetarik sartzen delakoan nago. Hau da: ez diot gako politiko argirik ikusten. Gazteriak bizi duen egoera estrukturalaren aurkako erreakziorik, zinez, ez dut ikusten. Sortzen diren engantxada horietan ez dago ideologiarik, frustrazioa bai, baina norabide politiko argirik ez. Ikusi ditut ideologizatuak diruditen protestak, baina ardatza ez da argia, lelo batzuk orain dela 40 urtekoak dira, eta ez datoz bat deiaren leloarekin, baldin eta deiak lelo argirik badu, ezen eta hor ere mix bat baitago: ez da zehazki negazionista gisan defini genezakeen jarrera (eta negazionista hitza elkarri uler diezaiogun erabiltzen dut, inor deskalifikatu nahi gabe), ez da hain borobila/ausarta, baina horren osagai batzuk badituzte deialdi batzuek, … Aldiz, triskantzatxo gehienetan alkohola dago, frustrazioa, asperdura, eta gaizki tratatua zarela sentitzeak sortzen dizun ostia txarra.
Total, bai, badago “Beno, bale, nahikoa da” esateko aukera eta beharra. Seguru naiz jende askotxok baduela horretarako gogoa. Baina diskurtsoa ongi zehaztuta behar da izan, gauzak bere neurrian hartuz. Ulertzen dut gertatzen ari denaren inguruan ikuspegi muturrekoa duten pertsonek euren klabean egitea (“pandemia aitzakia hutsa da, kaletik botatzeko aitzakia.”), baina jarrera domestikatuan gaudenok ere badugu gure posizioa zabaltzeko aukera. Etxean entzuten dut auzoetan jende gaztea dela batez ere xaxatzen dutena, askotan modu desegokian. “Nahikoa da, trata gaitzazue gure gurasoak tratatzen dituzuen bezala, edo hobeki, ez da hain zaila!”, horrela konbokatuko nuke nik. Eta horretarako lagungarria litzateke autodiziplina puntutxo bat, gure aldetik gauzak txukun egin, aitzakiarik ez oparitzea. Lasaitasunez, “Aizue, pitin bat gogaituta gauzkazue” esateko modu erakargarriak, konstruktiboak, alaiak eta sendoak badaude.
(Udaltzainok: batez ere zuoi nagokizue, ….
Txema Matanzas
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!