«Portabozak» -Blanca Urgell-
Asteroko eztabaida hutsalaren kontuak ernegaraziko ez bagintu, “portaboza” delakoaren eztabaida barreratik ikusi ahalko genuke euskaldunok. Guk agian “portaboz”, “eledun” edo “bozeramaile”-ren artean zein hautatu eztabaidatu beharko genuke, baina ez dugu arazorik zalaparta atera duen bukaerako -a femenino horrekin, ezta antzeko ezerekin ere.
Euskaldun guztion bihotzean filologo bat ezkutatzen dela diotenez gero (beno, hau beste egun batean eztabaidatu beharko dut), inor ez da harrituko esaten badut euskarak berez gramatika-generorik ez duen hizkuntza dela, alegia, izen batzuek genero naturala dutela (behia eta zezena, zaldia eta behorra, oilarra eta oiloa), baina izenek oro har ez dutela horrelakorik, ez eta izenondoek, mugatzaileek, eta abarrek haiekin komunztadura egin beharrik ere. Beno, ez da erabat egia: toka eta noka egitea bada genero-gramatikala markatzeko modu bat, baina funtsean euskara oso ezberdina da inguruko hizkuntzetatik, izenak ez ezik, haiekin batera izenondoak, mugatzaileak, eta abarrak ere generoaren arabera bereizten dutenak, baita genero naturalik ez duten gauzak direnean ere, hala nola etxeak (la casa, la maison) eta porruak (el puerro, le poireau), eta batzuetan ez daude ados, hala nola kotxeetan (el coche, la voiture). Haietan hain sartuta ez bagenude, bereizketa zoroa emango liguke, ezta?
Ez dut esan behar ingelesak ere ez duela horrelakorik, orain denok ingelesez —pitin bat baino ez bada ere, “I Love Rock ‘n’ Roll” abesteko lain bai, ezta? Dena dela, izan zuen garai zaharrean, eta bitartean galdu du. Euskarak bezalatsu, hizkuntzaren txoko bakar batean badirau genero-bereizketak. Asmatu duzu, ezta? She-he eta her/him izenordainetan.
Gaixotasun horretatik aske gara, beraz, munduko hizkuntza garrantzizkoenetako baten moduan (behingoan ez gaude galtzaileen taldean, e?). Halere, genero-neutraltasunaren aldekoak eta kontrakoak ere badaude ingelesez. Zergatik? Ba emakumearen egoerak eta kontsiderazioak ere badituelako bestelako eraginak hizkuntzan, genero-marka ezagun horiezaz gainera. Izan ere, badira lanbide batzuk, adibidez, generoaz markatuak direnak, hala nola fireman, barman, eta abar, nabarmenenak aipatzearren. Honegatik izen neutroagoak bilatu dira: adibidez, firefighter fireman-en ordez, edo chairperson edo chair chairman-en ordez, baita chairwoman-en ordez ere.
Ez dakit eztabaida hau euskaraz noraino eman den, arian ari ote garen ere honetan. Izan ere, gurean ere badira horrelako batzuk, hala nola berez ekialdeko euskalkietan bizi den ‑sa atzizkia, gure artean hitzen batean ezagun egin dena, arrakasta gorabeheratsuarekin (gogoan hartu alkatesa, adibidez). Markatu behar dugu, ala ez?
Ni markatzearen aldekoa naiz pertsona bakarrari dagokionean, pertsona bereziari, emakumeak bestela ikusezin gelditzen garelako. Izan ere, gramatika-marka kentzen edo jartzen errazagoa iruditzen zait —eta portaboza-ren kasuan bezala probokaitzalea eta, beraz, fun—, buruko pentsamendua aldatzen baino. Egizu ariketa nirekin: zer duzu buruan, zein irudi datorkizu burura ertzaina, erizaina, ohika eta idazkaria entzuten duzunean? Eta, denetan zailena: zer duzu buruan suhiltzailea entzutean? Ai, maja!!!
Blanca Urgell
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!