Periferiako euskaldunen infernu handia
“Herri txiki, infernu handi” ETBko telesaioko azken atala gure herrian grabatu dute, Haranan, Arabako Mendialdeko bailara ezkutu eta ezezagunenetako batean. Lepoa egingo nuke pasa den astekoa telebista publikoko kamarek Euskal Herriko periferiako txoko hori bisitatu zuten lehen aldia izan zela. Saioaren ohiko formatuari jarraituz, udalerria osatzen duten lau herrixketan barrena ibili ziren aurkezleak inguruko euskaldunen testigantza xelebreak jasotzen. Ez zuten lan makala izango programazio arduradunek solaskideak bilatzen; batetik, 220 biztanle baino ez daudelako erroldatuta ibar osoan, 65 urtetik gorakoa horien erdia; eta bestetik, gaur egun eskualde erdaldundu samar delako. Gaur egun, diot, zantzu historikoek euskara bertako jendearen hizkuntza izan dela erakusten dutelako, ia XX. mendera arte. XVII. mendetik kontserbatzen diren hainbat eskuizkribuk, esaterako, erakusten dute Inkisizioak Logroñora itzultzaileak eskatu behar izan zituela 1610ean sorginkeriaz akusatutako emakumeak epaitzeko, haran osoan ez baitzegoen gaztelania ezagutuko zuenik, edo ordena militarrek ere antzera jokatu behar izaten zutela 1622an haietan sartu nahi zuten auzokideen testigantzak jasotzeko. Gerora, XVIII. mendean ezaguna da Joan Baptista Gamiz Ruiz de Otheo olerkaria, Sabando herrian -Haranatik kilometro gutxitara- euskaraz idazten zuena, horixe baitzen ingurune horretako eguneroko hizkuntza. Gaur egun, ordea, belaunaldi gazteenak dira behinola galdutako euskara berreskuratzen ari direnak, eta lau herrietan ez dira asko.
Gauzak horrela, sumina eragin zidan aurkezleak behin baino gehiagotan Arabako euskaldunen aurkako estereotipoak elikatu nahian-edo elkarrizketatuekin erakutsitako jarrera. Lehenengoa Kontrasta herriko Karmele izan zen. Euskara jator, garbi eta arinean aritu zitzaion kazetariari herriko tradizio zaharren inguruan. Orduan, esatariak, solaskidearen hizkuntza gaitasunaz harrituta, betiko galdera mingarria bota zion: “Aizu, zu hemengoa ez zara izango, ezta?”, iradoki nahiko balu bezala ondoegi hitz egiten zuela euskaraz Arabako Mendialdekoa izateko, eta bere zuhaitz genealogikoaz itaundu zuen. Besteak, orduan, argitu behar izan zion jaiotzez legazpiarra bada ere, ama Haranekoa duela eta betidanik ibili izan dela bertan. Antzekoa gertatu zitzaion Done Bikendiko Feliperi. Hari ere galdera mesfidati bera bota zioten bere euskarazko jariotasunaren zergatia argitu nahian. Eta berak desenkusatu behar izan zen esanez duela 30 urtetik gora herrian bizi izanagatik, sortzez Mallabiarra zela. Aitorpenek lasaiago utziko zituzten telesaioko arduradunak, bestela, ikusleek ezingo baitzuten ulertu ADN gipuzkoarra edo bizkaitarra izan ezean, arabar batek euskaraz hain ondo hitz egin lezakeenik.
Pasa den astean, Irati filmaren aurkezpenaren atarian, Edurne Azkarate pelikulako emakumezko protagonista eta euskaldun errioxarrak, Arabako euskaldunok pairatzen ditugun aurreiritzi horien inguruko gogoeta interesgarria utzi zuen Hala Bediko mikrofonoetan. Haren esanetan, periferietan bestelako euskalduntasun eredu bat eraikitzen ari da, zenbaitetan gutxietsita sentitu izan garelako, eta nazkatu izan garelako bigarren mailako euskaldunak izateaz.
Bada garaia “Nolatan hitz egiten duzu hain ondo euskaraz arabarra baldin bazara?” delako leloa gainditzeko, eta daukagunaz eta lortu dugunaz harrotasuna erakusteko. Begiratu diezaiogun, bestela, euskal hiztunen kopuruaren bilakaerari Araban eta euren burua euskaldunagotzat duten beste herrialde batzuetan. Haranan harro esan dezakegu bilakaera hori goranzkoa dela, ez beste eskualde batzuetan bezala, beraz, erakus diezagutela zor diguten errespetua, EITBtik hasita.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!