Pandemiaren kudeaketari buruzko zenbait gogoeta
Euskal erakundeek pandemiari ematen dioten tratamendua, herritarren osasuna babesteko modu bat izatetik urrun, gure eskubideak murriztu eta mugatzen dituen, gure bizitza eta gaitasunak pobretzen dituen eta gure osasun psikiko indibidual eta komunitarioa kaltetzen duen botere autoritarioa inposatzeko tresna bat da.
«Bigarren olatua» deritzotenak sortutako egoerari aurre egiteko, inbertsioei, langileen kontratazioei eta azpiegiturak eta osasun-hornidurak hobetzeari aurre egin beharrean, joan zen martxoaz geroztik argi geratu baitzen ezinbestekoak zirela aurreikusten ziren olatu berriei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak erabaki du errentagarriagoa zaiola bere estrategia politiko-ekonomiko-kapitalistan herritarroi eskubideak murriztea eta gure etxeetan isolatzea, ekoizteko izan ezik.
Biztanleria oro har infantilizatzea erabaki da: adinekoentzat onena zer den erabaki da, haiei galdetu gabe eta haien lehentasunak erabakitzeko eskubidea kenduta; auzoak ezagutzen ditugun auzokide eta herri-kolektiboei pertsonak eta zonaldeei neurriak egokitzeko lan komunitarioa egitea eragozten digute; elkarri laguntzeko herri-ekimenak eten eta gutxiesten dira; laguntza instituzionala heltzen ez zaien kolektibo ahulenei elkartasuna adierazteko ekimenak oztopatzen dira.
Horren guztiaren gainetik, biztanleriari bizkarra emanez, herritarron parte-hartzerik gabe, bizitzako esparru guztietako lehentasunak erabakitzen ari dira: gizarte-ereduaren lehentasunak (arlo ekonomikoan oinarrituak); osasun-ereduaren lehentasunak (osasunaren kontzeptu utilitarista batean oinarritua, gure ekoizpen-gaitasuna bermatzeko asmoarekin bakarrik); eta segurtasun kolektiboaren kontzeptuarenak (alarma-egoerekin, etxeratze-aginduekin eta eskubide-murrizketekin, komunitatearen autobabesa ahalbidetuko zizkiguten elkarri laguntzeko eta elkartasuna adierazteko tresnak bultzatu beharrean).
Beldurra ezartzen da (datuak manipulatuz; mehatxuak eginez eta zehapenak ezarriz; hedabide ezagunenak bozgorailu gisa erabiliz; gertuko lagun hurkoenganako errezeloa sortaraziz, kutsakorrak izan daitezkeelakoan…), eta aginduak itsumutuan betetzen ez dituzten edota zalantzan jartzen dituzten pertsonak erruduntzat jotzen dira, pertsona guztioi irizpide propioz pentsatzeko eta jarduteko aukera kenduz.
Hau guzti hau kontuan izanda, besoak gurutzatuta jarraituko al dugu? Ez al duzue uste egoera honi buruz, aurreiritzirik gabe, hausnartzeko eta eztabaidatzeko unea iritsi dela, eta krisialdi sakon hau baliatuz, errealitate berri bat (gure politikariei hainbeste gustatzen zaien esamoldea erabiliz) diseinatzen hasi gaitezen, bizitza benetako erdigunea izango duena, eta pertsona guztien ongizatea helburua?
Seguru idealista edota ameslari inozoa naizela esango duzuela… baina John Lennonek kantatzen zuenez, jakin badakit ez naizela bakarra!
(Hausnarketa hauek, hain zuzen ere, Gasteizkoak antimilitarista taldean sortuak izan dira, bileratxo batean, gehiegi sakondu gabe…)
Mikel Lacalle (Zapateneo)
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!