Pandemia garaietako hitzak, keinuak, jarrerak…
Galduta nabil. Noizpait hartutako konpromisoa betetzea ere ahaztu. egiten zait. Hala gertatu zitzaidan azkeneko Araba hizpide saiorako deiarekin. Egunez nahastu eta nire hitza bete ezinik eta hizpidea ezin harturik geratu nintzen. Inor nire faltaz ohartu ote zen? Badaezpada, barkatu, entzule.
Garai latzean bizi gara. Jendea gero eta ilunago, tristeago eta ‘abarrago’ ikusten dut. Neure burua ere bai. Ez dut nahi gauzak hala izan daitezen, baina diren bezala dira. Udaldia atzean gelditu zaigu eta saiatu naiz neure buruari animoak ematen, ingurukoen laguntzarekin, baina tunelaren amaiera ez dugu ikusten, argi gutxi, zoritxarrez. Baina tira. Aurrera egin behar. Geuk ez badugu egiten, nork egingo du?.
Maiz aitortu dizuet, hizkuntza, hizketa, hitzak… maite ditudala, bizibideak berak hala erakutsita. Hau diodanean, askotan, maniatiko bat naizela entzun behar izaten dut. Baina tira, denok ditugu maniak, geure maniak. Ala ez?
Sarritan hitzok, keinuak lagun dituztela darabiltzagu. Koroaren izurrite honetan ospetsu egin zitzaigun jendeak elkar agurtzeko ezarri zen keinua: eskua, besarkada edo muxu eman beharrean, ukondo kolpe leun bat ematea. Keinu hau, egia esan, ez zitzaidan oso atsegina egiten, ez eta ere oso adiskidetsua. Eta gutxiago, doministiku egiteko sudurra ukondoaren barnealdearekin babestu ondoren, ukondoa erabiltzea adiskidantza adierazteko. Hala ere, egun batean norbaiti entzun nion irratian beretzat adeitasuna adierazteko bide egokiago zela eskua bihotzondora eramatea. Hau bai, hau gustatu zitzaidan eta harrez gero keinu hori erabiltzen duen jendearekin topo egin dut eta hala agurtu izan dugu elkar.
Keinuez aparte, hitzak ere hor ditugu: agur hitzak eta bestelakoak. Izurriteak hitz eta termino ugari ere ekarri ditu gurera. Eta hauekin batera, estatistikak, numero saltsa, ehunekoen dantza izugarria … Oraindik ere nekagarri egiten zait zenbait hitz eta zenbatzaile behar bezala ulertzea. Kutsatuen ‘igoera negatiboa’ eta ‘jaitsiera positiboa’… Ni galdu egiten naiz.
Izurritea hizpide dugularik hitz eta termino ez-ohiko mordoxka sortu dira edo ahantziak genituenak berpiztu . UZEIk Euskaltzaindiaren eskutik holako hiztegitxo bat ere eskura jarri zuen udaberrian. Egia esan behar badizuet, oraintxe arte ez dut izan hiztegiño horren berri. Denera ez gara iristen, zer egingo dugu, bada! Hala ere, kasualitatez, Karmel aldizkarian Joxe Mari Etxebarria adiskidearen artikulu bat irakurri ahal izan dut egunotan (Karmel 311, 2020-3), non hiztegitxo horren aitzakian euskañol delakoaren kontra ageri den egilea. Gertatzen dena da hiztegi horretan agertzen diren termino gehienek ez dute, nire iritziz, ‘euskañol’ deizioa merezi. Antibiriko, asintomatiko, eta beste bakarren batzuek ez dute akats handirik. Nik hala uste. Izan ere euskañoletik ihes egin nahi hutsak ez digu beti euskal hitz edo termino peto-petoa oparitzen. Horietako bat da inkubatu. Nire lagunaren iritziz, txitatu behar omen luke: inkubatu ez zait gaizki iruditzen. Txitatu baino egokiago irizten diot, nolanahi ere.
Izurrite garai hauetan bestelako hitzak ere aurkitu ditut. Horietako bat irakurri nuen eta itsatsirik geratu zitzaidan gogoan eta, hain zuzen, honexek eman zidan aitzakia nire gaurko ‘predikurako’: kale zurruta euskara txukun eta garbian. Polita, ez? Kale zurruta egiten ibili zirela lotsabako zoro batzuk, ‘boteiloia egiten’ esan beharrean. Eta pentsatzen dut ‘boteiloi zaleak’ gabe, kale-zurruteroak edo beharko lukeela. Hau ere esapide polita. Nik hala uste. Baina, –ero atzizkia ‘gurea’ ez dela eta, baten batek zurrutero ‘euskañoltzat’ joko balu? Hau ere, niretzat hitz polita, gezurtero, parrandero, igeltsero, saltsero eta beste asko bezala. Eta Rajoy-ren ahotan entzun genuen ‘aprobetxategi’ hitza zer?
Begira zenbat burutazio ekarri dizkidan pandemia malapartatuak. Hiztunek ‘tarte soziala’ errespetatuarren hitzek beren bidea egiten dute gizartean. Batzuetan behintzat bai.
Beste batean, gehiago.
Patxi Goenaga
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!