Palestina: Libre utz ditzatela gatibu hartutako guztiak!
Sekulako indarkeria erakustaldian, harrapatu zituzten. Beren etxetik atera, eskuak lotu eta autoan sartu, ulertzen ez zituzten oihuen artean. Ez zieten esan nora eramango zituzten. Burua behera begira jarri eta haiekin zeudenak agurtzeko tartetik ez. Izan ere, ingurukoak ere eraman zituzten. Baten bat ez, tiroz akabatu baitzuten. Dena oso azkarra izan zen. Oso bortitza. Burua estali eta, handik aurrera, beldurrak eta tentsioak itota, bidaia amaigabea egin zen. Tentsioa, oihuak, mehatxuak, kolpeak eta torturaren kiratsa jarritako txanoaren aire hezean. Hots, bidaiaren amaiera heriotza bera ez omen izango. Denbora eta espazioaren nozioa galduta, txotxongilo hutsa ziren atzemaileen eskuetan. Neurtu ezin den denboraren ostean, autoaren motorra gelditu eta, besotik helduta, nonbaiten sartu. Txanoa kendu eta pasabide zikinetik oinez aurrera egitera behartu, bultzaka, argi urriarekin. Pasabide estuetan, eskailerak behera, ezkerrera hartu, eskuinera… Noizean behin kaputxadun batengana heldu, eta berak aginduak ematen zizkien atzemaileei, leku baterantz edo beste baterantz jarraitzeko. Azkenik gela handi batera heldu, non beste gatibu batzuk zeuden, hizkuntz arrotzean aritzen ziren kaputxadun armatuen artean.
Zer? Non? Noiz? Nola? Zergatik? … eta orain zer? Galdera gehiegi aurrean, eta oso susmo goibeltsu begiradan… Aldi berean, senideak, lagunak, kideak… buruan… noiz jakingo dute? Zer jakingo dute? Akaso, jakingo dute…? Momentu horretan desagerrarazten bazituzten, agian inork ez luke ezer gehiago jakingo haiei buruz, ziurgabetasunean betiko lurperatuta…
Eta kanpoan? Kanpoan senideak, lagunak, kideak… haien artetik eramandakoaren berririk gabe. Etsita informazio apurren bila. Zaurituta eraman dute? Non egongo da? Bizirik egongo da? Nora joan orain? Nori galdetu? Non bilatu? Begiak malkoz betea, kemena lur jota geratzen da eta existentzia infernu bihurtzen da. Bizitza, handik aurrera, bide bihurri bilakatzen da, ez dagoenarekiko kezka beti presente, bizitzaren indarra agortzen, gorputza eta gogamena higatzen… Zer egin? Atzemandakoekiko lotura galduta, zerbait egin daiteke? Itxaropena ia erabat aldenduta, etxera ekartzeko bide guztiak itxita… kanpoko presioa baliagarria izan daiteke?
2023an, Estatu sionistaren ziegetan, 5.200 preso politiko palestinar zeuden, presoei sostengua emateko Adameer elkartearen arabera (www.adameer.org). Haietako 1.264 atxiloketa administratiboan zeuden, epaiketa noiz egingo den itxaroten, kasu gehienetan haien kontrako akusazioak ezagutu gabe. Egunak, asteak, hilabeteak, urteak pasatzen dira beren etorkizunari, beren bizitzari buruz zerbait berri jakiteko. Itxaronaldi makabroan, tunel ilunetik noiz aterako. 170 adin gutxiko ume eta gazte preso, gurasoengandik urrun, amona-aitonarengandik urrun, anai-arrebengandik urrun, horietako batzuengandik betirako, okupatzaileek bizitza kendu baitzieten. Bizi osorako kondenatuak 559 ziren irailean, 20 urte baino gehiago preso daramatenak 432, eta 40 presok 25 urte bete dituzte espetxe sionistetan. Tratu txarrak, elikadura penagarria, osasun-asistentziarik eza, isolamendua, sakabanaketa, senide eta lagunen bisitak oso aldizkakoak eta mugatuak, gose grebak non preso asko heriotzaraino heldu diren… zer esango dugu espetxeei buruz…
Sufrimendu intentsua, sufrimendu luzea… urteetan zehar, hamarkadetan zehar. Palestina librearen irudikapena beren ametsetan. Bizitzeko eta borrokatzeko pizgarria. Beren lurretara aske eta jabe bueltatzea grina. Zulo ilunetara heltzen ez den musika palestinarra noiz entzungo berriz, libre. Palestina, aspaldidanik sionismoak presondegi bihurtutako eremua.
Sufrimendu intentsua, sufrimendu luzea, Historian zehar, milioika palestinarrentzat, modu batean edo beste batean preso izatera kondenatuta. Belaunaldiak, herriak, familiak zeharkatzen dituen sufrimendua. Beti presente, bizitzaren parte.
Bitartean, askatasunaren eta giza eskubidearen aitzindariak omen diren gobernuak, Estatuak eta jendarteak, beste aldera begira, kartzelari sadikoari zapladatxoak ematen bizkarrean. Sufrimendu intentsua, sufrimendu luzea, harresitutako ustezko lorategian bizitzeak ematen omen duen nagusitasun moraletik ikusezina dena, presoen populazioa oihana basatiaren piztiatzat hartuta. Trufa egiteko sufrimendua, “arabiarrak” azpikotzat hartzen dituen jendarte gaixotuaren partetik, non gehiengo batek zulo sakon eta ilun batean gutxieneko enpatia aspaldi lurperatu zuen.
Aldi berean, alboan, sufrimendu erraldoi horretatik kilometro gutxitara, sufrimendu erraldoi horri sorgor, milaka gazte dantzatzen dute rave batean, zibilak omen diren kolonoek okupatutako eremuetan. Musika elektronikoak estaltzen ditu ziegen barroteetako soinu apalak eta tortura gelen garrasiak. Ezerk ez dezala ospakizun psikodelikoa apurtu. Enpatia dantzari gazte axolagabe eta beren senideentzat izan behar da, baita kibutzetan goldea eta metrailetarekin besteei lapurtutako lurra lantzen dutenentzat. Yahweh-ek eta gure lorategi zibilizatuaren lorezainek agintzen digute.
Palestinar preso politiko guztiak askatzeak agian soinu berriak ekarriko lituzke zonaldera eta familia askorengana, bakoitzak gustuko duen musika estiloz gain. Sionismoak ezberdinarekiko enpatia aspaldi giltzaperatu, torturatu eta akabatu bazuen ere, espero ez zuen musika-instrumentuz tonuz aldatzera behartu dute agian.
Palestinar preso politiko guztiak Palestina librera!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!