Ongi etorri New York-era… edo txertoen jolasa!
Pandemiaren gai bakarra alde batera uztea pentsatu izan dut, beti gauza berari buruz hitz egiteaz jada nekatuta egongo zaretela iritzita… Baina ezinezkoa zait horretaz berriro ez aritzea; izan ere, harridurarako tokirik ez zegoela uste genuen arren, ezerk harrituko ez gintuela, egunero zerbait berria sortzen da berriro ere txunditzen gaituena. Uda hurbiltzen ari da, eta horrekin batera turismoaren aukera, pandemia huts batek hondatuko ez duen negozio erakargarri bat… gehiago falta litzateke! Hala, ba, gobernu guztiak jada estrategiak diseinatzen ari dira galdutako turismoa berreskuratzeko. EBk gero eta indar handiagoz «pasaporte sanitarioaz» hitz egiten du, turistek immunizatuta daudela ziurtatzeko. Gai delikatua eta arriskutsua, pertsonak bereizteaz gain, biztanleriaren kontrolerako (osasun-kontrola soilik?) tresna berri bihurtuko delako. Beste borroka bat gehiago… lana gainezka izango dugu! Beste leku batzuetan, AEBn adibidez, «osasun turismoaren» alde egiten dute, turistei Covid-19aren aurkako txertoak eskainiz leku enblematikoetan txertaketa puntuak jarriz. “Zatoz New Yorkera eta itzuli etxera txertoa hartuta eta Times Square edo Brooklyngo zubian txertoa jartzeko unea hilezkortuko duen argazki batekin!” AEBetako beste leku batzuetan, Covid-19ren aurkako txertoa hartzera bultzatzen ari dira herritarrak garagardoak, donutsak, beisbolerako sarrerak, ibilgailuen zozketak… bai eta porruak ere oparituz! Hain gai garrantzitsua izango ez balitz, kontuan hartuta nekez iritsiko dela txertoa Afrikako, Asiako edo Latinoamerikako txoko guztietara, txiste txar bat egitea baino ez litzaidake geratuko… Nolanahi ere, honek lehendik susmatzen nuen zerbait baieztatzen du: txertoak eta, zehazkiago, herritarren txertaketa masiboa ez da osasun-arazo batera mugatzen; batez ere, gai politikoa da. Eta beste aldetik, argi ta garbi geratu da txertoak beste kontsumo-produktu bat direla, mundu kapitalistaren merkatuko legeen mende daudenak. Hau, dena den, bertsotan kantatuko dut… Hona hemen:
Hamarreko handia,“Mutil koxkor bat” doinuaz…
Honek guztiak baieztatzen du
lehendik susmatzen nuena:
herritar ororen txertaketa
ez da beraiek diotena.
Osasun gai bat besterik ez da
hori da esan digutena;
jakin badakigu guk, ordea,
dagoela beste azalpena,
benetan kontu politikoa
dela arrazoi azkena
Hartzen ari diren neurriak
justifikatuz gainera,
saltzen digute sistema honen
“aurrerapen” ikuskera.
Teknologia, jainko berria,
hasiera eta amaiera.
Txertoak bakarrik eramango
gaitu askatasunera,
zein herrialdek galduko ote du
lehena izateko aukera!
Txertoa kontsumo-produktu bat
argi geratu da dela,
ta merkatuko legeen menpe
dago besteak bezela;
bere erabilera-balioa,
prebentziozkoa bazela,
merkatuko aldaketa-balio
bihurtuko da berehala,
eta jarraituko da betetzen
kapitalisten sakela. (bis)
Ez nuke bukatu nahi bozgorailu honek dei bat egiteko eskaintzen didan aukera aprobetxatu gabe: Dakizuenez, Maiatzaren lehen hamabostaldian Gasteizko Okupazio Mugimenduak “Lehertu Gasteiz” izeneko kanpaina antolatu du, eta, burutu dituen zenbait ekitaldiren ondoren, amaiera eman nahi dio bihar, Maiatzaren 15ean, 18:00etan, Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuko den manifestazio jendetsu batekin. Etorriko al zarete? Baietz Gasteiz lehertu!!! Bihar arte!!!
Mikel Lacalle (Zapateneo)
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!