«Nork bere lana» -Patxi Goenaga-
NORK BERE LANA
Mendehurrena dela eta, ospakizunik ospakizun eta komunikabidez komunikabide dabil Euskaltzaindia. Duela bizpahiru aste Arantzazun egin zuen bere XVII. Biltzarra, euskara batua abian jarri zeneko 50. urtehurrena ospatzeko asmotan. Arantzazun hainbat hizlarik hartu zuen parte. Elkarrizketarako ia denborarik ez. Nire iritziz, euskaltzain osoak ere gutxitxo, aukeran. Baina tira. Ez naiz horretan sartuko orain.
Euskara batuaren inguruan antolatu zen bilkura. Ez dakit zer eskatu zitzaien hizlari-gonbidatuei. Hala ere, gauza batek pitin bat asaldatu ninduen. Asaldatu edo… gogoeta egiteko premia piztu. Dena dela, entzule soil eta mutu gisa parte hartzera deitu gintuztenarren, gogoeta xume bati leku egin nion neure barruan.
Komunikabideen zeregina eta egindako lana izan zen saioetako bat. EITB-k ere izan zuen aukera berea erakusteko. Izan ere, ikus-entzunezko agente bati dagokion legez, bideo bat eskaini ziguten, ez hitzaldi bat, beste guztiek bezala. Eta hots eta irudi bidezko aurkezpen honetan, ‘txostengilea’ zutik, mutu zegoela, telebistako jendeak, aktoreek, esatariek, eguraldi berri-emaleek eta abarrek zenbait kontu aipatzen zituzten bitartean. Gauza polita. Baina antzezle gisa ari ziren profesionalek hainbat galdera eta eskari egiten zioten Euskaltzaindiari. Denek zuten Euskaltzaindiarentzako zerbait: “nik Euskaltzandiari eskatuko nioke”… “nik uste Euskaltzaindiak esan behar lukeela nola den hau edo bestea”, etab. Hizkuntzaren erabilerak sortzen dituen zalantza guztiak Euskaltzaindiaren esku jarri nahi zirela zirudien. Jakina, badira Euskaltzaindiak erabaki beharreko kontuak, baina normalean hiztunek lehenagotik egindako hautuen gainean hartu beharko du bere erabakia, ezer erabaki behar badu. Euskal komunikabideetan profesional handiak daude. Gure irrati-telebistako profesionalen euskara maila oso altua da, nire iritziz, eta gero eta hobeto ari direla esango nuke, gainera. Are gehiago: iruditzen zait euskaraz ari diren profesionalek kontu handiagoarekin tratatzen dutela hizkuntza erdaldunek gaztelania tratatzen duten baino. Orduan galdetzen dut: zertara dator Euskaltzaindiari egiten zaion eskari-zerrenda hori? Profesionalek hartu beharreko erantzunkizuna beste profesional batzuei traspasatu nahi diegu? Zertarako ditugu etxeko profesionalak?
Hortik gaurko izenburua: nork bere lana, eta, agian hobe, nori bere betebeharra. Izan ere, Euskaltzaindiaren helburu nagusia da euskara idatzia lantzea eta prest jartzea gaurko beharretarako, betiere erabiltzaileen premien arabera. Bestalde, Estatutuaren arabera, gure herrialdeko euskara aholkuemaile ofiziala da. Hortaz, batetik, inork eskatu gabe, bere kasa, aholkuak eman ditzake premia orokorreko gaietan eta egoki irizten dion bidea markatu. Eta alderantziz, erakunde batek, gogoeta egin eta hautua zein den aztertu ostean, aukerak aurkez ditzake eta Euskaltzaindiak zein hobesten duen esan beharko du, baten bat hobesten badu. Izan ere, komunikabideetako profesionalek berek baino hobeki inork ez ditu ezagutzen arazoak, eta konponbide-aukerak ere. Printzipioz, berek ezagutzen dituzte hobekien. Batzuetan aukerak argi egongo dira. Beste batzuetan, agian, ez hainbeste. Baina bakoitzak bere ardurak hartu beharko ditu. Hautua eztabaidagarria bada, utzi betebehar hori erabakitzeko ahala edo gaitasuna duenaren esku. Orduan izan liteke Euskaltzaindiaren txanda.
Azkenean denok dakigu nola jokatzen dugun. Maiz, erabileraren poderioz aukera bat nagusitzen baita. Euskaltzaindiak ere hala egiten du: nola esaten dute hiztunek, nola idazleek, zer diote profesionalek, azken batean? Ba, horren arabera joka dezagun. Euskaltzainoi, hala izendatuak izan ginenean, ez zitzaigun jakituria txertatu esku-ezartze bidez edo. Onenean ere, norbaitek (ustez) duen jakituria hori aitortu egiten da. Baina profesionalek ere badute gaitasuna eta jakituria, aitortua. Eta komunikabide batean euskararen kalitatea ziurtatzea batez ere bertako profesionalei eta teknikariei dagokie. Hauek araubide bat eskatzea zilegi da, baina etxeko lanak egin ostean. Bada prakak bete lan denontzat. Araugintzan, esango nuke premiazkoena egina dagoela hein handi batean: Euskaltzaindiaren inguruan eta babesean, gauzak aski ongi egin direla esango nuke. Eta beste ehun urteko epe bat jartzen badiogu geure buruari, soseguz eta tentuz ibiltzeko problemarik ez dugu izango. Baina dagokigun denboran gauzak patxadaz egin ditzakegu. Bakoitzak jakingo du zer daukan emateko, zer egiteko eta zer hartzeko: nork berea.
Patxi Goenaga
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!