«Norena da kalea?» -Koldo Alzola-
Norena da kalea?
Iragan asteotan esparru publikoa erabiltzeko zilegitasunaren inguruko eztabaida jarri dute mahai gainean Gasteizen eta Bilbon, hurrenez hurren, antolatu diren bi ekimenek.
Urriaren seian, Okupatu Gasteiz lelopean, hiriburuan ibilbide luzea duten lau proiektu eraldatzailek hartu zituzten kaleak; Hala Bedi irratiak, Gaztetxeak, Auzolana pilotalekuak eta Errekaleor auzo okupatuak. Alde Zaharreko plazak egun batez festaz eta aldarripenez betetzeko asmoa Udalak zapuztu zuen, debekatu baitzien antolatzaileei eremu publikoen erabilera. Azkenean hilabetez landutako egitarau oparoa dexente murriztu behar izan zuten deitzaileek, baina egin egin zuten. Alkateak argudiatu zuen bere agindua esanez jaialdi horretan burutu behar ziren ekitaldiak, hamarkadak lanean daramatzaten hiriko lau gizarte eragilek antolatutakoak, ez zirela hiriaren intereserako; eta ezin zela utzi Alde Zaharreko esparru publiko osoa lau erakundek erabil zezaten. Kontua da astebete lehenago enpresa batek, hirian inongo tradiziorik edo oinarri sozialik ez duen eragile pribatu batek, Erdi Aroko azoka antolatu zuela eremu berean. Baina jaialdi komertzial lukratibo bat, anakronismo historiko iraingarriz betea eta bertako erdi aroko historiarekin inongo begirunerik ez duena, hori bai; hori, itxuraz, hiriaren interesekoa da. Noren arabera, baina? Nork erabakitzen du hiriaren interesekoa zer den eta zer ez?
Handik astebetera, Bilbon, «Piztu Bilbo-itzali MTV» ekimena antolatu zuen hango herri mugimenduak, kultura herrikoia eta esparru publikoaren erabilera aldarrikatzeko. Ekimenak gogoeta planteatzen zuen, turismoaren negozioa sustatze aldera, hiria azken urteotan pairatzen ari den bilakaeraz. Eta kanpainia horren jomugan Bizkaiko erakundeek, bitarte ekonomiko oparoak baliatuz, txisteratik atera duten MTV sarien banaketaren jaialdia. Hori ere hiriaren interesekoa izango omen da, erakunde antolatzaileen arabera. Baina gauzak zer diren, turistei eta AEBetako azpikulturari alfonbra gorria jartzen dioten erakunde bertsuak izan dira duela ordu batzuk errefuxiatuei ongi etorria adierazteko kanpaldia antolatu nahi zutenei esparru publikoaren erabilera ukatu dietenak.
Zilegiagoa al da kalearen erabilera ekimen pribatu baten probetxu ekonomikoarako baimentzea gizarte eraldaketa aldarrikatzeko baino? Zilegiagoa al da baliabide publikoez lagundutako telebista kate estatubatuarraren ikuskizuna giza eskubideen defendatzaileen ekimena baino?
Garai batean zorigaiztoko pertsonaia batek gure oroimeneko orrialde beltzenetako batean utzi zuen zizelkatuta zorigaiztoko esaldi hau: kalea nirea da. Gasteizko karriken gainean bost odol putzu utzita bermatu nahi izan zuen, gainera, halaxe izango zela. Berrogeitabi urte geroago, zenbaitek halaxe jarraitzen du pentsatzen, kalearen erabileraren monopolioa daukala. Baina kalea oso urrun geratzen zaie kalea baino alfonbra gorria zapaltzen ohituago dauden horiei.
Koldo Alzola
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!