Non dira txorroskiloak?
Euskara ikasten hasi nintzenean urrutizkin bezalako hitzak irakasten ziren oraindik. Gogoz kontra utzi nion horri eta telefonoa esaten hasi, halako batean ohartu nintzelako urrutizkin barregarri zela euskaldun ikasien artean, nahiz orduan nik pentsatu euskarazkoagoa zela telefono baino. Oker nengoen, noski, baina tira. Urrutizkin bezalakoak gerra aurreko euskaldunen neologismoak dira, jaurlaritza, lehendakari, ikurrin, Euskadi eta ertzain bezalaxe. Sabino Arana Goirik pilatxo bat egin zuen 1893-1903 artean, nahiz gehienak ahaztu ditugun urrutizkin baino arinago. Halere, harenak dira egun normal-normal darabiltzagun asko: aberri, abertzale, abesti, antzerki, askatasun, egutegi, espetxe, euskalki, gipuzkera, goiburu, idatzi, ikastola, ikur…
Hizkuntza bizi guztien lexikoak bezala, gurea ere garai ezberdinetako hitzez osatua da. Baliteke Neolito garaiko hitzik egotea gure euskaran, jakina, baina ziurrenik gutxiengoan daude gaur, eta maileguak ez dira horren errudun bakarrak. Itzul gaitezen XX. mendera. Politika-eta aipatu ditugu, baina gogoan oso
hartzekoa da baita irakaskuntza ere, lehenengo ikastola 1914an sortu baitzen Donostian, eta handik aurrera, urterik urte ia, Tolosan, Errenterian, Soraluzen, Bergaran, Iruñean, Lizarran, Gasteizen, Elizondon, eta abar.
Ikastolaz ikastola eta hauetatik ikastetxeetara hedatu bide den lexikoaren azterketarik ez dut ezagutzen, baina hasi gaitezke seme-alabekin ikasi ditudan arkatz, borragoma, txorroskilo, margo eta errotulki hitzetatik. Arbela lehenagotik nekien. Zer, ba? Ez al dira hitz arruntak? Ba ez, ez dira batere. Zuretzat bai, agian, entzule, baina ez adituentzat. Orotariko Euskal Hiztegia-ren arabera, arkatz 1916ko hiztegi batean agertu baino lehen ez dago inon, eta ez dakigu nondik datorren. Margo akats baten ondorioa da. Arbel harriaren adieran baino ez dago. Borragoma ez legoke Elexpuruk Bergaran jaso ez balu. Eta txorroskilo zein errotulki ez daude. Ondorioz, Euskaltzaindiak arkatza, margo, borragoma eta arbel onartu ditu ―gaitzerdi―, baina errotulki-ren ordez errotuladore hautatu du, eta zorrozkailu txorroskilo-ren ordez, hau Hegoaldekoa eta lagunartekoa delakoan.
Lagina ez dela erabat ona? Ados. Azterketan sakondu behar dela? Ados baita ere. Baina, dena den, nago Orotarikoa antolatu zenean urrutizkina ez ezik, barregarriak bide zirela ikastolako hitzak ere. Hegoaldekoa eta lagunartekoa? Ez, jauna: ikastolakoa da txorroskiloa. Beraz, finean, nago ez ote den gutxietsi andereñoek batez ere ―beraz, emakumeek batez ere― egindako lan hura guztia. Hau bidegabekeria.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!