Nola ikasi pentsamendua askatzen
Nola egin aurre dominazio sistemari honen arabera sortuak baikara? Ezarri badigute sentitu behar duguna, desiratuko duguna, hausnartuko duguna, eta baita ere, zelan eraiki eta garatu pentsamendua.
Askotan entzun dugu, dominazio sistema kapitalistaren baloretan hezituta gaudela, eta beraz, deseraiki kolektiboa eta pertsonala burutu behar dugula pertsona berria erditzeko. Egia bada ere, burmuina bahituta badugu, baloreetan eraldaketarik ezin izango dugu gauzatu.
1997. urtean, Iñaki Gil de San Vicentek “Aprender y atreverse a pensar bien. Recetario útil y oportuno para no pensar como tontos” argitaratu zuen. Bertan, pentsamendu metodoaren garrantziaz, eta arlo honetan, garaiko ezker abertzaleak zuen gabeziaz idatzi zuen. Testu horretan azaltzen duen bezala, militantziaren gehiengoak ez daki errealitatearen gaineko azterketa zehatzak egiten, eta are gutxiago honen aurreikuspenak sumatzen. Gabezi hau ez da norbanakoarena soilik, trebakuntza eza hau kolektiboa da, antolakunde iraultzaileek ez baitute gauzatzen pentsamendu metodoa askatzailean trebatzeko ikastarorik.
Iñakik, testuan baieztatzen du baita, militantziaren gehiengoak ez dakiela bere kabuz pentsatzen, eta hortaz, ez duela zalantzan jartzen haien antolakundeen zuzendaritzatik jasotzen dituzten irakurketa eta planteamendu politikoak. Jarrera hau oso arriskutsua izan daiteke estrategia iraultzaile baten baitan, zuzendaritzaren balizko desbideraketa egonez gero, are zailagoa eta motelagoa izango delako militantzia konturatzeko prozesua, eta ondorioz, denbora pasa ahala, esku-hartzerako orduan, tendentzia hau ekiditeko aukera ahulagoa izango da.
Egungo sektore ezberdinetako militantziaren gaineko ikerketa egin gabe, ausartuko naiz esatera, eragile edota antolakunde gehienetan hutsune hau presente dagoela oraindik ere. Hau dela eta, Oinharri Formakuntza Politikorako Eskolak hurrengo asteburuan burutuko duen ikastaroaren ezinbestekotasuna. Ostiraletik igandera arte, “Nola ikasi pentsamendua askatzen” izenburupean, hurbilduko diren militante ezberdinei materialismo dialektikoa eta historikoaren metodoa aurkeztuko diete. Aipatutako pentsamendu metodoari egingo dioten hurbilpenaren bitartez, kide horiengan, “ondo pentsatzeko” grina sortarazten saiatuko dira. Helburua ez da errealitatearen gaineko azterketa zientifiko zehatz bat egiten ikastea soilik, baizik eta buruetan sartuta dugun barne etsaia erbesteratzea, hau inokulatu digun kanpo arerioari gerra egiterakoan eraginkorragoak izan gaitezen. Pentsamendu askatzea ezinbestekoa baita etengabeko gerra honetatik garaile ateratzeko, gurean, Euskal Herri Sozialista eraikitzeko hain zuzen ere.
Nahitaezko formakuntza bada hurrengo asteburuan Errekaleorren Oinharri Eskolak burutuko duena, esan behar da Eskolaren metodoa ezagutzeko aukera aproposa izango dela ere. Bertaratuko direnek, ikastaroak barnebilduko dituen lau ikaskuntza eremuetan arituko dute; hauek, Komunitate Lanak, Antolakuntza, Kultura eta Arlo Teoriko-praktikoa direlarik.
Oinharri Formakuntza Politikorako Eskolak, ikastaro honen bitartez eta bere jardunarekin, Euskal Herriko askapen prozesuaren bidean, formakuntzaren giltza eskaini nahi dio Herri Mugimenduari. Heldu diezaiegun beraz aurkeztutako erronkari, eta 97-an Iñakik zioen bezala, ausartu gaitezen ondo pentsatzen ikastera.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!