«Noiz arte Saharari kantuka?» -Mirari Ullibarri-
Basamortu zabalean, adobezko etxe bat eraiki duzu, itxaropenez, minez, ezintasunez… Hau ez da zure lekua, badakizu, hau ez da zure lurra. Ez zenuen hauturik izan: erbestea ala tortura, erbestea ala tristura.
Hala eta guztiz ere, 40 urte baino gehiago atzerrian edota okupazioan pasa izan dituzuen arren, ez duzue amorerik eman, ez duzue aukera hori planteatu ere. Asteak pasa izan ditut zuekin, tearen inguruan eraiki duzuen filosofia ikasten, familiaren esanahia iraultzen eta “sororitate” kontzeptua birdefinitzen.
Gauza ugari ikasi izan ditut zuekin, eta horietako bat erresistentziak izan ditzaken adierak dira. Hitzak arma bilakatu dituzue, ahots kordak iskilu eta eskuak erreminta. Arma horien adibiderik esanguratsuenetariko bat, komunikazioa izan da, errefuxiatuen kanpamentuetan nengoelarik zenbait kazetari elkarrizketatzeko aukera izan nuen, hartatik aterako ondoriorik esanguratsuena hauxe da: informatzea ez da ogibidea, erresistentzia tresna baizik, informatzea ez baita hautua beharra baizik.
SalhaBoutanguiz, zonalde okupatutako kazetari sahararrak honakoa azaleratu zidan solasaldian, “tortura eguneroko kontua da, oraintxe bertan ez dakit etxera bueltatzeko aukerarik izango dudan, hala eta guztiz ere, garrantzitsuena borrokan jarraitzea da, nazionalki zein internazionalki”. Emakume honentzat, kazetaritza eguneroko borrokan irauteko ezinbesteko tresna zen, nahiz etaondorio larriak izan. Esan bezala, berak ez zituen komunikazioarekin loturiko ikasketarik burutu, nolanahi ere, bere herrialdean gertatzen ari zenaren inguruan informatzeko beharra ikusi zuen, eta horrez geroztik, kazetaritza erresistentzia molde bezala erabili izan du.
Erresistentziaz ari garelarik, ezinbestekoa da emakume sahararren papera goraipatzea, iraultzaren lehenengo egunetik emakumeak lehendabiziko lerroan egon baitira; milizietan, logistikan, instituzioetan, manifestazioetan, diasporan eta etxean. Haiek gabe borroka honek iraupenik izango ez lukeelako, haiek gabe herrialde sahararra desagertuko zelako.
UNMS (Saharako Emakumeen Batasun Nazionala) internazionalki ezaguna den erakundea da, honakoa 1974. urtean sortu zen eta bere helburua herrialde sahararraren autodeterminazio eskubideagatik borrokatzea da, baina beti ere, emakumeon papera kontuan hartuz. Emakumeen ahalduntzea oso garrantzitsua da UNMSko kideentzat; azken batean, horren bitartez, emakumeen partaidetza esparru guztietan (goi karguetan ere) gauza daitekeelako. Hortaz, lehen esan bezala emakume sahararra erresistentziaren zein borrokaren atal garrantzitsua da.
Bukatzeko, esan beharra dago, Euskal Herrian gertatu bezala, Saharako lurralde okupatuetan (Marokoren menpe dauden horietan) ere, tradizioaren zein ohituren erakusketak gaur egun desobedientzia suposatzen duela. Hori dela eta, bandera sahararren koloreak ikuskatzeak ondorio larriak izan ditzake. Dena den, horiek jasateko zein gainditzeko prest daude, errebolta sinboliko hauek desobedientzia islatzen dutelako, menderaezintasuna, alegia.
Aldaera ugari daude eguneroko borrokan irauteko, baita modu ugari ere, herri baten oihartzuna ez isiltzeko, beraz, segi dezagun oihartzun horren uhinak izaten, jarrai dezagun internazionalki erresistentziaren partaide izaten. Elkartasuna herrien arteko xamurtasuna baita.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!