Nikaraguako hauteskundeetarako premiazko irakaspenak
Azaroaren 7ko Nikaraguako hauteskundeen aurrean bi jarrera daude mundu “zibilizatuan” (aberastuta), Euskal Herrian, bakarrik itxuran kontrajarriak direnak. Asko sinplifikatuz, FSLNren aldeko jarrera bat dago, Daniel Ortega iraultzaile edo, behintzat, gutxieneko gaitza bezala hartzen duena, eta beste jarrera bat FSLN eta herri nikaraguarraren zati nabarmen baten etika eta arrazoiketa ideologiko-politikorako gaitasuna inplizituki ukatzen duena, Daniel Ortega “diktadore eta bortxatzaile”-tzat hartuta.
Lehenengoen artean 80. hamarkadako Iraultza sandinista etsipenez oroitzen duten erromantikoak daude, baita geoestrategaren ikastun handiak ere. Bigarrengoen artean hiritar aurrerakoi, sozialdemokrata, liberal eta eskuinekoen gehiengoa dago, hedabide nagusien eraginpean. Bi alde hauek herri nikaraguar antolatua eta bere militantzien gainetik kokatzen dira etika zein bertoko eta munduko errealitatearen analisi-gaitasunari dagokienez.
Gainera, beren mespretxua ezkutatzen eta justifikatzen dute mota guztietako eufemismo, topiko eta gezurrekin, beren nagusikeria eurozentrista, kolonialista eta arrazista edota beren aitorrezinezko interesak ukatuz ala aldarrikatuz. Haien artean, bakar-jokoan tranpak egiteko edota Kapital Handiarekiko duten konplizitatea jakinik ezkutatzeko adituenak “distantziakideak” dira. Laburbilduz: alienazioa ala faxismoa, baina milaka gris-ñabardurek bananduta.
Nikaraguako errealitatea konplexua da (munduko edozein tokiko edozein prozesu politikoren edozein errealitate bezala). Konplexutasun honi analisia egiten duenaren subjektibotasuna gehitu behar zaio. Elkartasunezko internazionalismoaren materialismo zientifiko dialektikotik edozein errealitate analizatzeko gure ohiko analisi teoriko-zientifikoaren alegiazko laborategi mugatu eta mugatzailetik atera behar dugu. Zentzu horretan, gure ahalbide urritzetatik, hauteskunde hauetan eta haien ondorioetan eragina daukaten faktore guztiak hartu behar ditugu kontuan, gure ezjakintasun eta irrazionaltasun subjektibo asko barne.
Honek ez du konpontzen neoliberalismoaren esku zikinetan abandonatu genuen (behin eta berriz bortxatzen jarrai zezan…) Nikaraguaren inguruko interesen polarizazioa ezta polarizazio ideologiko-emozionala ere; guretzat “la flor más linda de [nuestro] querer, abonada con la bendita sangre de Diriangén” izan zena. Beren porrotagatik, Iraultza, FSLN eta herria beren porrotean abandonatu genituen eta munstroaren urdailaren erosotasun berotsura bueltatu ginen, irritsu eta orientazioa galduta samurtasun eta erreferentzia berriak nola erosi bilatzera.
Honek ere ez du konpontzen elkartasunaren “zer egin” arazoa. Hala ere, “gizateriaren etsaia den yankee”-rekiko konplizitate inplizitua ekiditen laguntzen gaitu. Horretarako, elkartasunezko kausaren erabilera proselitistatik askatzea baita besteen garaipenak gureak bezala hartzeko eta porrot komunetatik ihes egiteko joera baztertzea sine qua non baldintza dira. Herri nikaraguar eta euskal ezkerraren arteko gaindiezinezko ezberdintasuna honako honetan datza: gutxieneko gaitzaren (Ortega ala besteak) analisian izandako errorea lehenengoek pairatuko dute, hemen ez ikusiarena egin dezakegun bitartean. Alderdi hau ez da bakarrik begirune eta autoritate kontu bat, behatzailearen hautematea eta balorazioa erabat baldintzatzen baitu, baita, hortaz, bere ondorioak ere.
Euskal elkartasun internazionalistaren gabezi larriak eta akats estrategikoak ez dira bakarrik agerian geratu 1990. urteko hauteskundeen ostean kausa sandinista alde batera uztean, baizik eta GKEen mugimenduaren kontrako estrategia beligerante eta eraginkorra ez izatean. Ezjakintasun interesatuaren eta kontrairaultzaren infernurako bidea asmo onez harriztatuta dago. GKE guztiak berdinak ez badira ere, guztiak “igeriketa sinkronizatuaren talde”-ko kideak dira; neoliberalismoaren tresna nazio errebeldeen kontrako bere borroka ideologikoan. Era berean, neokolonialismoaren laguntzaileak eta jendarte zibil onuradunaren diluitzaile eta alienatzaileak dira. Zabarkeria edo aitorrezinezko interesengatik alde garrantzitsu hau zaintzen ez dugunean elkartasuna ez da internazionalista eta herrien arteko samurtasuna izateari uzten dio.
Nikaraguari ezarritako gerra, krimen, xantaia, lapurreta, kreditu, doitze, blokeo, txotxongilo… guztiak aintzat hartuz eta gure jendarte demokratak berak bozkatzen dituen politikarien maila kontuan hartuz, gaur egungo euskal ezkerretatik ez daukagu inolako autoritate moralik kritikatzeko edota aholkuak emateko etika, garapen ekonomiko, gobernagarritasun, demokrazia ala justiziari buruz. Are gutxiago, Ortega eta FSLNren alde edo kontra Nikaraguako hauteskundeak baldintzatzen saiatzeko.
Edozein kasutan, gure buruari egin beharko geniokeen galdera hauxe da: zer ez dugu egin orain arte eta zer egiteko prest gaude Europar Batasuna, Erreinua eta Errepublika, euskal erakunde, bertoko enpresari eta bankuen esku-sartze politiko, finantzario eta kultural kriminala ekiditeko? Ez gara gai Euskal Herria sozialismo eta independentzia gehiagorantz aurreratzeko baina epaile (zein parte!) izatera ausartzen gara hauteskunde, demokrazia, agintari, politikari, alderdi eta herri nikaraguarrari buruz kritikatzeko eta irakasteko. Apaltasuna ez da bakarrik eliza kristauen itxurakeria, balio iraultzailea ere bada. Elkartasunetik “zer egin” jakin ez bitartean, hobeto isilik.
Walter Wendelin
Askapenaren militantea
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!