Negazionistak
Coronabirusa heldu zen. Eta berarekin batera negazionistak berriro. Azken hilabeteetan dena gainezkatu duten Covidaren inguruko mezu eta sasiberrien artean negazionismo terminoa maiz agertu da.
Negazionismoa. Definizioei erreparatzen badiegu, bi elementu nagusi topatzen dugu. Lehena, errealitatea edo ebidentzia ukatzea. Historikoa, zientifikoa… enpirikoki edota datu egiaztagarriekin frogatuta dagoena. Bigarren elementua, ukatze honen arrazoia: deserosoa den egi batetik ihes egitea.
Covidez gain, termino hori beste gertakizun, egoera edo fenomeno batzuekin erlazionatzen dugu. Historiari dagokionez, III Reich-en garaietako judutarren holokaustoaren negazionismoa entzundakoena dugu (askoz ezagutza gutxiago dago armeniarren genozidioaren negazionismo turkiarraz). Zientziari dagokionez, adibideak ugariak dira ere: aldaketa klimatikoaren, HIESaren ala eboluzioaren negazionismoa.
Ezjakintasuna, beldurra, fanatismoa, pseudozientzia eta zientziaren kontrako jarrera, sineskeria… elementu komunak dira errealitate deserosoa ukatzeko, portaera irrazional baten osagaiak.
Hala ere, errealitatearen ukatzearen atzean beste negazionismo mota bat topa dezakegu, non, aipatutako elementu horietakoren bat ager badaiteke ere, errealitate gordina ezagutzen den, nahiz eta sistematikoki ukatu.
Horretaz badakigu nahiko Euskal Herrian. Ez dugu urrun joan behar. Negazionisten ejertzito bat daukagu alboan, baita gure artean ere.
Nola deitu ba Euskal Herriaren existentzia bera ukatzen dutenak? Politikari espainiar askok Euskal Herriari “entelequia” deitzean negazionismoa baino ez dute erakusten. Ultranazionalista turkiarrek armenioekin eta kurduekin, okupatzaile marokiarrek sahararrekin edota sionistek palestinarrekin historikoki egin duten antzera.
Nola deitu, negazionistak ez bada, azken hamarkadetan bizi dugun gatazka armatuari osagai historiko-politikoa ukatu diotenei, terrorismo arazo huts bezala irudikatuz? Kurduekin bezala, tamilekin bezala, Kolonbiako insurgentziarekin bezala…
Eta zer esan Euskal Herrian torturaren praktika ukatu dutenei buruz? Mikel Zabalzaren torturapeko hilketatik 35 urte betetzen diren honetan bertsio ofizialak torturatu zutela ukatzen jarraitzen du. Zerrenda oso luzea da. Atxilotuek tortura salatzea ETAren esku-liburuan zegoela errepikatu digute behin eta berriro, errealitatea soto ilunetan ere desagerrarazten saiatzen… Uniformedun, politikari eta kazetari horiek ez al dira torturaren negazionistak akaso?
Negazionista mota hau oso zabalduta dago, bai. Maiz entzuten ditugu hedabideetan, kezkatu beharko gintuen nolabaiteko normaltasunez, gainera. Haiek bai ezagutzen dute errealitatea, egia, Historia, beren eraikin ofizial grisetan gertatutakoa, gehienetan gainontzekook baino askoz hobeto, zehaztasun guztiekin. Baina ukatzen dute, egunetan zehar, urteetan zehar, mendeetan zehar. Negazionista interesatuak, bai; faltsutzea eta zinismoa oinarri.
Negazionismoaren ohiko aipamenak sinplistak dira eta amorrua sortarazi beharko ligukete. Izan ere, egia, errealitatea, Historia eta baietza bera ukatzen duten horiek guztiak uzten dituzte kontzeptu horretatik kanpo. Baina ukatzen gaituzten negazionista interesatuen artean bizi garela ukaezina da.
Iñaki Etaio
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!