Martxoak 3, Gasteizko Transmaribibollo kolektiboaren mugarri
Azken urteotan, LGTB mugimenduak erronka berriei aurre egin behar izan dio. Arriskugarritasun-legea, izurrite arrosa, lobotomia edota elektrosok terapiak atzean utzi, eta guregan merkatu hobi bat ikusi du kapitalismoak. Hau da, kaleetatik desagerraraztea nahi izatetik, gay kolektiboaren goraipamena egitera pasatu dira haiek, eta gu, HIESAren pandemiak ekarritako bakardadetik, “Donete-a” atera izan bagenu bezala, “lagunak” nonahi izatera.
Mugimendu honen memoria desitxuratu egiten ez dutenean, zuzenean ezabatzen dute, eta lortu ditugun onurak betidanik hantxe izan direla ulertarazi nahi digute. Mugimenduaren zati batek, ordea, memoria dugula aldarrikatzen du: ezin ditugu ahaztu Stonewalleko matxinadaren ahizpak, ez borroka piztu zuten horiek, ezta kolektiboaren kontra oldartu ziren polizia, epaile eta agintariak ere.
Memoria dugulako ere ezin ditugu ahaztu HIESAren pandemiaren bakardadean eraildako milaka eta milaka ahizpak horiek. Izan ere, instituzioen utzikeriari eta gizartearen estigmari aurre egin behar zioten borrokalari horiek ere gure memoriaren parte dira. Eta primeran gogoratzen dugu zeintzuk utzi genituen hilobian eta zeintzuk egon ziren kolektibo honen inguruan kordoi sanitarioa egiten. Guk ez dugu ezer ahazten.
Asteartean, martxoak 3a izan zen, eta Lumagorri elkarteko sare sozialetan, gure urtebetetzea zelakoan, zorion-mezu batzuk jaso genituen; 1976ko martxoaren 3a agertzen baita gure jaiotze-data balitz bezala zenbait sare sozialetan. Bada, ez! Lumagorri ez zen martxoaren 3an jaio, are gutxiago 1976. urteko martxoaren 3an…Egia da urte dexente daramatzagula Gasteizko kaleetan lumak astintzen, 10 urte ez dira alferrikakoak izan, baina, nolanahi ere, martxoaren 3a ere bada gurea den egun bat, klase ikuspegia ezin dugulako ahaztu, harrotasuna langile borroka delako, gu, maritxuak, bollerak eta transak ere langile-klasearen parte garelako.
Baina antolakuntzari dagokionez, martxoaren 3a badu garrantzia Gasteizko LGTBI kolektiboarentzat.
Martxoaren 3a Arabako emakumeen asanbladaren hastapena izan zen. Eta ezin uka gure hirian sekulako garrantzia izan duela Emakumeen asanbladaren ekarpenak, eta gure kolektiboaren aitortza merezi dute, haiek izan baitziren Gasteizen ekainaren 28a antolatzen lehenengoak.
LGTB-kolektiboa sasian zebilenean, legez kanpoko elkarteetan antolatzen hasi zirenean, elkar ezagutza, laguntza eta babesa prestatzen zuten bitartean, Arabako Emakumeen asanbladak Gasteizko lehenengo mobilizazioa antolatu zuen, eta gaur arte iraun duen sugarra piztu zuen martxoaren 3tik sortutako elkarteak.
Beraz, ekainaren 28an bezala, Gasteizko transmaribibolloak badugu martxoaren 3an zer gogoratu eta zer ospatu, eta 1979an Errenterian poliziak eraildako Francis Vadillo trabestiaren erailketa Euskal Herrian mugarria izan zen bezalaxe, horrenbestez, Gasteizko Martxoaren 3a ere mugarri bat da transmaribibollo kolektiboarentzat.
Amets Martinez de Heredita (Lumagorri)
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!