Maitemina
Orain dela hilabete batzuk nire bikote harremana eten egin nuen. Gogorra egiten ari zait dolua, desintoxikazio prozesu baten antzekoa; izan ere, gorputzeko dopamina maila bat-batean jaitsi zait, eta abstinentzia sindromea igarotzen ari naiz. Lagun batek ere duela gutxi eten du bere harremana, baina bere kasuan ezberdina izan da; berak bost urte zeramatzan harremanean eta jadanik maitasuna agortua zegoen, hormona jarioa aspaldi eten zitzaien. Ez da harritzekoa, hortaz, harremana amaitu izana. Beste lagun batek harreman ireki bat du, eta une honetan bi pertsonarekin dago aldi berean. Zaila egiten ari zaio, aldibereko bi harreman izatea ez baita oso naturala: biziraupen eta erreprodukzio sena dela eta, gizakiok berez monogamoak gara.
Gehienok izan ditugu horrelako elkarrizketak noiz edo noiz, esperientzia pertsonalean edota komunikabideetan irakurritako ikerketaren baten harira. Harreman sexu-afektiboak medikuntza eta biologiaren aztergai izan dira maiz, eta oraindik ere hala izaten jarraitzen dute. Izan ere, zientziaren ustezko neutraltasuna egungo gizarte eredua justifikatzeko erabiltzen den honetan, harreman eredu erromantiko, heterosexual eta monogamoak naturalizatzeak mesede handia egiten dio, besteak beste, genero binarismoa, lehiakortasuna eta kontsumismoa bultzatzen dituen eredu kapitalista heteropatriarkalari.
Inork galdetu al dio inoiz bere buruari laguntasun harremanetan jariatzen ditugun hormonak zeintzuk diren? Harreman mota horiek fisiologikoki zer eragiten diguten? Biologikoki nola justifikatzen diren? Harreman sexu-afektiboei zientziak berak ematen dien garrantzia iruditegi erromantikoak sortzen duen harreman ezberdinen arteko hierarkiaren adierazle garbia da. Iruditegi horren arabera, bikote harremanak dira gizartean garrantzitsuenak, familia harremanak doaz hurrengo, eta, laguntasuna edo bestelako harremanak dituzte atzetik.
Bikote-harremanen garrantzi soziala ikuspegi erreproduktibotik azaldu daiteke, espeziearen biziraupena argudio gisa erabilita. Argudio berberekin, harreman naturalenak heterosexualak izatea defenda daiteke, noski, baita gizon eta emakumeen arteko ezberdintasuna ere. Gure ezberdintasunean osagarriak izatearen ideia eta hortik eratorritako sexuen araberako lan banaketa ere biologikoki justifikatzen dute zenbaitek. Diskurtso horiek guztiek erreprodukzio (eta produkzio) nukleo goren izatera daramate familia.
Halaber, hautapen naturalaren zenbait irakurketa postdarwinistak monogamiara erraz aski eraman gaitzakete; izan ere, gure espeziearen eboluzioaren mesedetan, pertsona onenez (eta soilik onenez) maiteminduko gara, gure oinordekoek ahalik eta generik aurreratuenak izan ditzaten. Gutxik bilatzen dute azalpena egungo gizartearen lehiakortasunean, arrazoi biologikoek sinesgarritasun handiagoa baitaukate.
Azkenik, oso ohikoa da harreman sexu-afektibo bat eta horrek gugan sorrarazten duen oro jariatzen ditugun hormonen bitartez irakurtzea: adrenalina, dopamina edota norepinefrina lehenbizi, plazera, energia eta euforia sentiarazten digutenak; serotonina eta oxitozina ondoren, loturak sortu eta harremana egonkortzearen erantzule direnak. Eta ondoren? Bada, ondoren hormona jarioa bukatu egiten da (bi urteren buruan aditu batzuen ustez, bost urteren buruan zorte handiena dutenen kasuan), maitasunarekin batera. Harreman sexu-afektibo asko eten egiten dira une horretan. Izan ere, Brigitte Vasallok bere azken liburuan ondo baino hobeto azaltzen duen moduan, bikote harreman batetik eskuratu dezakegun bakarra hormona gaindosi hori dela sinetsarazi digute. Kontsumismoa ardatz duen gizarte honetan, hormona jarioa amaitzen den unetik harremanek zentzua galtzen dutela dirudi. Baina lasai egon gaitezke, hutsune hori betetzeko, Vasallok dioen moduan, maitasunaren supermerkatura joan eta harreman berri bat erostea besterik ez baitugu.
Mari Luz Esteban mediku eta antropologoaren esanetan, giza portaera azaltzeko erabiltzen diren teoria biologikoak sinpleegiak dira eta esperientzia erabat estereotipatuetan oinarritzen dira. Ez dago maitasunak bi edo bost urtez irauten duela justifikatzeko adinako datu enpiriko unibertsalik eta, era berean, hormonen eta gure jarreren arteko kausa-efektu erlazioak ez dira planteatzen zaizkigun bezain errazak; gure gorputzak substantzia batzuk jariatzen dituela jakitea ez da gure jokabideak azaltzeko nahikoa, alegia. Estebanen arabera, gizarte zientzietan dago gakoa, galdera egokiak planteatuz gero erantzun konplexuagoak eskaintzen baitizkigute.
Estitxu Villamor eta Uzuri Albizu
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!