«Lapurreta» -Koldo Alzola-
Mikel arnasestuka eta asaldatuta sartu da etxean. Pisukideak bere kopetilunaren zergatiaz galdetu dio.
– Lapurtu egin didate -dio iritsi berriak- kutxazainera sartu naiz dirua ateratzera eta kale kantoiko itzalpetik ezezagun bat atera zait, labana paparrean jarri eta kartera kendu dit.
– Eta praka horiek zeneramatzan? -dio lagunak-.
– Bai, noski, zer dela eta? -erantzun du lapurretaren biktimak-.
– Galtza estu horiekin diru-zorroa somatzen zaizu -besteak- nabarmenegi zoaz, arreta deika, probokazio bat da praka horiek jantzita kutxazain batean sartzea.
– Baina, zer dinozu? -Mikelek entzundakoa sinestu ezinik- zer axola dio nola noan jantzita?.
– Bada bai, badu bere garrantzia… -temati pisukideak- eta zer demontre egiten zenuen kutxazain batean bakarrik? Eta, portzierto, adierazi al zenion argi eta garbi erasotzaileari ez zenuela nahi lapurtzerik?
– Faborez! zer iradoki nahi duzu? Lapurtzerik nahi ez nuela espreski adierazi ez niolako lapurretaren errua nirea dela? zoratuta gaude ala? -suminduta biktimak-.
– Ez da hori, ez dut esan nahi errua zurea denik, ez behintzat erru guztia… baina tira, horrenbesterako ere ez zen izango, ezta? -pisukideak-
– Nola ezetz? aizu, labana batez lapurtu didate eta errua nirea dela dinostazu! eta horrenbesterako ez dela, gainera! -Mikelek suminduta-
– Tira, tira, horrenbesterako ez zen izango, bestela burumakurrago ikusiko zintuzket, eta sare sozialetara zabalduko zenuen zure beldurraren berri, eta ikararen ikaraz negarrez agertzen zareneko argazkiren bat edo…
Seguraski surralista gertatuko zaio edonori balizko egoera hau. Ulertezina da erasoa jasan duena erasoaren erantzule bilakatzeko joku bihurri hori. Onartezina da egoera bortitz hori pairatu duenari kontu eske joatea, bere jarreraz, gertaera saihesteko behar adinako ahalegina egin ote duen kolokan jartzea. Iraingarria da biktima benetan biktimak jokatu behako lukeen bezala jokatzen ari ote den auzitan jartzea. Baina, akaso, Mikel izan beharrean Miren izan balitz; eta dirua bezain sakratua den zerbait lapurtu beharrean, duintasuna lapurtu izan baliote, bortxatu izan balute, alegia; orduan egoera hori askori ez litzaioke hain surrealista, ulertezina, onartezina eta iraingarria irudituko. Egunero gertatuaren gertatuaz ohikoegia bilakatu zaigulako. Egunero hedabide ofizialek, iritzigileek edota epaileek bortzatutako emakumearen gainean jartzen dutelako bortzaketaren erantzunkizunaren zama.
Koldo Alzola
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!