«Kultura bor-bor» -Irantzu Lekue-
Nola dago Gasteizko kultura? Nola Arabakoa? Zertan lagundu dute instituzioetatik hainbeste saldutako “Plan Estrategikoak”? Bi ditugu dagoeneko, Gasteizkoa bat eta Arabakoa bestea baina… zer dakigu benetan horien inguruan? Nondik eraldatzen da errealitatea?
Poz pozik nagoela esan behar dut. Gasteizko kultura bor bor dagoelako. Eta hori guztia pertsona anonimoek egunero egiten duten lanari esker da. Bi dira azken asteetan indarra, kemena eman didaten proiektuak. Batetik, Judimendi auzoan herritar eta eragileen artean abiatutako Sugar Fest eta bestetik aste honetan lehen aldiz ikusi ahal izan dugun “Orainaldian: laissez faire”
Judimendikotik hasiko naiz; Arabako hiriburuan komunitate -esperientzia berritzaile gisa jaio da Sugar Kultur Fest egitasmoa. 50 ekimen baino gehiagok osatzen dute egitaraua; auzoak bizi duen suspertze- unearen ondorioz osatu ahal izan den egitaraua. Sugar Fest-a bultzada soziala sorkuntzara bideratzeko ahalegina da. Pasa den urritik garatzen joan den egitaraua, parte- hartze zuzenaren bidezkoa, auzotarren berezko baliabideetan oinarritutakoa. Asmoa ordea beste bat da Judimendik behar duen errehabilitazio prozesua bururaino eramateko tresna izateko jaio dena, etorkizunean nahi dugun auzoarekin amesten dugulako. Kudeaketa kulturalerako eredu berri baten alde egin du auzoak San Juanak antolatzeko duen urteroko grina eta konpromisotik haratago.
Tresna berria, herrikoia eta kultura duena ardatz. Zer gehiago eskatu daiteke, ezta?
Eta aldi berean, aste igualean, Orainaldian dokumentala aurkeztu dute Gindi Auzmendik, Mikel Buruagak eta Iñaki Landak. Sormenera bultzatu dituen galdera: zer ari dira sortzen Gasteizko gazteek?
Orainaldian proiektu esperimentalak hiriko kultur sorkuntzari erreparatzen dio. Gasteizen sortzen ari denari. Ertzetan, ofizialak ez diren zirkuituetan, kultura-kala “alternatiboetan”. Baina ekimenaren berrikuntza, balio erantsia, ikuspegi berri, desberdin eta integratzailetik egitean datza. Arreta tradizionalki kulturari lotutako pertsonengan jarri beharrean, “gizona, zuria, 40 eta 50 urte bitartekoa, kulturan bere modus vivendia duena” deskribapenaren araberako pertsonengan edo ibilbide esanguratsua duten artista entzutetsuengan, Gasteizen bizi eta lan egiten duten gazteen egungo sorkuntzari erreparatzen dio.
Orainaldian kontaketa esperimental eta subjektiboa da, jauzia eman eta sortzea erabaki duten gazteen adierazpen artistikoaren bizipena aztertzea xede. Gazte ekintzaileak dira -ideiatik ekintzarako urratsa egiten dute-, kultur sortzaileak. Horrexegatik “laissez faire” azpititulua, liberalek bere egina, “utzi egiten” esan nahi duena. Azpitituluak proiektu honen funtsa biltzen du.
Hainbat dira dokumentaleko protagonistak, besteak beste, Gasteiz Hardcore Crew, Nerea Mauleon, Ane Gebara, Beñat Goitia, Bernaola, Lurburu kolektibo artistikoa, Mikel «Ktthulu», Iker Fidalgo, Irantzu Lekue, Paul Urkijo, Izaskun Urkijo, Frik1 eta Ojodecuervo edota Reina Ginolanda moduko sortzaile gazteak.
Gasteizen artista eta sortzaile belaunaldi berri bat dago abian.
Hamaika proiektu, hamaika ilusio eta hamaika protagonistekin.
Pozik egoteko arrazoiak. Lanean eta borrokan jarraitzeko arrazoiak.
Gasteizen kultura bor bor dagoelako.
Irantzu Lekue
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!