Kontuz, udaltzainak hauteskunde kanpainan
Pasa den asteburuaren atarian udaltzainek Gasteizko Gaztetxea erasotu zuten hamaikagarren aldiz. Apirilak 28 zituen eta muinoko etxea okupatu zuteneko 35. urteurrena ospatzen ari ziren bildutakoak. Funtzionario armatuak bertaratu eta lokalak kontzertuak antolatzeko lizentziarik ez duela argudiatuta jaialdia zapuztu eta soinu teknikaria eraman zuten atxilo. Ehundaka batzuk izango dira artzapeztegiko gurdi-toki zaharrean azken hiru hamarkada hauetan ikusi ditudan kontzertuak, nazioarteko musika taldeenak zein bertakoenak, gogoangarriak gehienak eta gogoangarriak izanagatik gogoratzen ez ditudan beste asko, denak balizko lizentziarik gabekoak. Baina izan behar zuen Gaztetxearen 35. urtebetetze egunean bertan ikuskizunak antolatzeko baimenik ez duela akordatu zirenekoa. Kasualitatea? Ez. Kasualitatea ez den bezala asteburu horretan bertan polizia talde bereko agenteek Alde Zaharreko okin bat bortizki jipoitu izana. Jatorri arabiarreko langileak Santo Domingo kalean du okindegia eta lantokirako joan etorrietan egunero egin behar izaten die aurre poliziaren kontrol fenotipokoei. Oraingo honetan eguneroko jazarpen arrazistaz gogaituta behar baino erantzun zakarragoa emango zion, nonbait, udaltzainari eta trukean paliza basatia jaso zuen. Edo kasualitatea ez den bezala duela hilabete eskasa udal matoiek Zabalgana auzoko espaloietan patinetean zebilen adin txikiko mutil bati sudur hezurra apurtzerainoko jipoia eman izana. Ez da kasualitatea, hauteskunde kanpaina da. Demokraziaren festa helmuga duen lasterketa zoroan dabiltza murgilduta alderdi politiko instituzionalak eta gauza jakina da gatazka sozialak, intseguritate sentsazioak eta, oro har, beldurrak eskuinalderantz mugitu ohi duela bozkaren balantza, kanpainako zuzendari eta aholkulari orok ondotxo dakien bezala. Eta gatazka ez badago, sortu egin behar da. Eta intseguritaterik ez dagoenean, dagoelaren sentsazioa elikatu behar da. Eta beldurrik izan ezean, asmatu egin behar da; okupari, etorkinari edo patinetedun nerabeari beldurra. Horixe baita beldurrean oinarritutako gizarte kontrol sistema honetan gauzak dagoenetan jarraituko dutelaren bermea.
Espero litekeena da, beste askori eskatzen zaien bezala, pistoladun funtzionario horiek armak entregatu eta egindako kalteagatik barkamena eska zezatela… Baina egiten duten bitartean, kontuz ibili hor kanpoan, polizia ere kanpainan dago eta.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!