Izpiritua zabaltzeko gogoa
Aitortuko dizuet. Ez nago oso jantzita Espainiako Pop musika kontuetan. Horregatik, lehengo larunbatean, telebistako urrutiko aginteak Donostiako Zinemaldiko hasierako ekitaldira eraman ninduenean, ez zidan bereziki arreta eman aurpegi ezezagun bat ikusteak Zea Mays taldeko Aiora Renteriarekin batera euskaraz kantuan. Harridurak gerora asadatu ninduen gonbidatua Albazeteko Rozalen kantaria zela jakin nuenean. Mantxegoa, ez dut ukatuko, urrun samar geratzen zait geografikoki, adinagatik, eta musika gustuengatik; eta bitxia iruditu zitzaidan haren keinua.
Gerora, emanaldiaren ostean abeslariak bere sare sozialetan egin zituen adierazpenak bitxiak baino gehiago, txalotzekoak iruditu zaizkit, erakusten duen jarrera abegikor eta lagunkoiagatik. Artistak zera idatzi zuen: «Espero dut zuen hizkuntzagatik sentitzen dudan ilusioa eta begirunea sumatuko zenutela. Hazi egin nahi dut. Eta hizkuntza, erritmo eta doinu berri bakoitzak, kultura ezberdin bakoitzak, nire jakinduria aberastu egiten du, eta nire izpiritua zabaldu. Eskerrik asko».
Lankide batekin nindoan ordura arte ezezaguna genuen kantari mantxatarraren keinua komentatzen tabernara sartu garenean. «Bi kafe, faborez». Zerbitzariaren erantzunak, zaplazteko batek bezala, errealitatera bueltarazi gaitu. «Perdona, en castellano» (gogoeta pertsonala: bi latinetik dator, ikusi bestela bicicleta, bilingüe, binomio… kafek, berriz, erraz igarri dezakegu café esan nahi duela… eta faborez ere adiera latinoa da, por favor!… zer arazo izango du orduan barraz beste aldeko erdaldun elebakar honek «Bi kafe, faborez» ulertzeko?). Nago ozpin aurpegidun kamareroaren arazoa ez dela hogeitamar urtetan ezin izan dituela ikasi euskarazko gutxienezko kunplimenduzko lau esaldi. Benetan uste dut, kontrakoa esaten badu ere, borondate nimiño batez uler lezakeela gure eskakizun xumea, baina ez duela nahi. Hizkuntza hegemoniko bateko elebakarra izanik botere-jarrera batean dago. Ez du jakinduria aberasteko inongo interesik, ezta izpiritua zabaltzeko inongo beharrik ere.
Orduan, gertuago sentitu dut Albazetekoa, nire herrikidea den elebakartasunaren eta kulturabakartasunaren militante hau baino gertuagokoa, eta okurritu zait akaso ortzmugak zabaldu eta izpiritua elikatzeko ordua dela. Entzungo dut Rozalen eta esango dizuet gero.
Ongi izan!
Koldo Alzola
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!