Iruzkingile baldarra, garagarra
Badira urte batzuk hileroko kolaborazio hau idazten dudala Hizpiden, Hala Bediko goizeko magazinean. Iritzi zutabea hedabide honetan kaleratzen hastearekin batera beste webgune batean ere hasi zen argitaratzen, Zuzeu.eus atarian, horretarako baimena eskatu eta oneritzia eman nielako. Gune horretan askotariko iritzigileek idazten dituzte artikuluak eta argitalpenei iruzkinak idazteko aukera ere izaten da, modu anonimoan eta inongo galbaherik gabe. Pentsatu nahi dut web orriko arduradunek gogoeta irekia eta iritzi trukaketa librea bultzatu nahiko zutela batere kontrolik gabeko komentario antzuen argitalpena ahalbidetu zutenean, baina eskarmentuak erakutsi dit ideien elkartrukaketarako baino irainak eta zaborren jaurtiketarako foroa bilakatu dela esparru hau, eta horrek mesede eskasa egiten diola hausnarketari eta pentsaera kritikoari. Gainera, badago halako desoreka bidegabe bat idea batzuk eta besteen artean; jatorrizkoak, kolaboratzaileok idazten ditugunak, izen abizeneko egileok sinatzen ditugu, gure argazkia eta guzti; iruzkin suntsitzaileak, ordea, ezizenen atzean ezkutatzen diren irakurle anonimoek bidaltzen dituzte.
Hasieran, nire iritziak agertoki honetan plazaratzen hasi zirenean, auzo lotsa txiki batek bultzatuta-edo, iruzkingile gorrotatzaile horiei erantzuten hasi nintzaien, batez ere, giza duintasunaren aurkako zenbait komentario ezeztatzearren, iritzi xenofoboak eta arrazistak gehien batean… baina berehala konturatu nintzen ahalegin antzua zela, alferrikakoa zela besteen ideiak gutxietsiz eta irainduz nabarmendu nahi duten gizagaixo mediokre horiekin eztabaidan hastea, eta erantzuteak merezi ez duten ikusgarritasuna lor dezaten baino ez duela balio. Gauzak horrela, aspaldi utzi nion atari honetan egiten zaizkidan kritika suntzitzaile eta iraingarriei erantzuteari.
Nolanahi ere, iragan hileko zutabean izan zen erantzun bat, bere oldarkeriagatik, arreta bereziki erakarri zidana. Artikuluan, besteak beste, CAF trengintza konpainia Palestinan eraikitzen ari den apartheid trenbidearen inguruko kritika egin nuen, gauza jakina baita Beasaingo enpresa Jerusalem Ekialdeko koloniak hirigunearekin lotzen dituen azpiegitura eraikiz nazioarteko legedia urratu eta gerra krimen batean parte hartzen ari dela. Iruzkin atalean “Garagarra” goitizenez sinatzen zuen pertsonaia anonimo batek halaxe idatzi zuen: “CAF bakean utzi, anormala! Belarritakoa daukazula eta ez zara iraultzailea, itsusi bat baino ez!”
Gehienetan bezala, erasotzaileak ez du argudiabiderik behar jatorrizko artikuluaren ideak konfrontatzeko, irain merkeak baino ez, eta ahal dela ahalik eta karaktere kopuru gutxienetan, hiru lerro jarraian idazteak haren gabezia intelektuala agerian utz ez dezan. Oraingo honetan, baina, hain iruditu zait musutrukekoa iraina, eta hain pertsonala, atzeraka egin dut “Garagarra” horren arrastoaren bila eta konprobatu ahal izan dut azken urtean CAFeko aferari edota euskal enpresari eta sionismoaren arteko merkataritza harremanei buruz idatzi dudan guztietan bere gustu txarreko ekarpenak egin dituela, zintzo-zintzo, guztietan. Oharkabean jarraitzaile bat agertu zait, gogaikarria baina jarraitzalea, azken batean.
Jakinminak bultzatuta ikerketa txiki bat jarri dut abian. Mehatxugile gorrotagarriak ez du jakingo, seguraski, baina anonimotasunaren babesean idazten duelakoan iruzkin bat bidaltzen duenean zutabearen egileak iruzkinaren kopia bat jasotzen du bere e-mailean eta bertan igorlearen posta elektroniko helbidea eta IP zenbakia geratzen dira erregistratuta, eta horrela, eta lagun informatikari baten laguntzaz, jakin ahal izan dut nondik bidali diren mezu horiek. “Garagarrak” CAF konpainiaren ondraren eta erregimen sionistaren defendatzaile sutsuak CAFen egoitzan kokatutako ordenagailu batetik idazten ditu mezuak, hain zuzen ere, trengintza konpainiak Beasainen duen egoitza nagusitik.
Pentsa nezake nire jarraitzaile gogaikarria enpresako langile xume bat dela, jaten ematen dion eskua asko maitatuagatik, lanorduak potrojorran eta enpresako ordenagailutik sarean nabigatzen ematen dituena. Baina izan liteke, zergatik ez, konpainiak propio jarritako zelatari bat sarean enpresaren irudi korporatiboa kaltetzen duten iritziak duseztatzeko. Hala balitz, eta gerra krimen bateko partaide izateko akusasioaren kontra nire ustezko itsusitasuna beste argudiorik ez badaukate, eskrupulorik gabekoak ezezik uste nuena baino baldarragoak ere badira. “Garagarra” baino iritzigile trebeagorik ez badaukate, jai daukate.
Koldo Alzola
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!