[Iritzia] «Hau ez da poema bat» -Mikel Ayllon-
Batzuetan, ez dakit, dei nazazue zoro nahi baduzue, baina irudipena dut idazten dugun guztiak zerikusi handia duela bizi dugun egoeraren larrian eta munduaren hondamendian. Eta guztia esaten dudanean, guztia esan nahi dut, baita hitz txatxu hauek ere.
Batzuetan, begiak oraindik itxita ditudala esnatzen naiz, eta Telmo eta Labrit pisukideez hizketan hasten natzaizue, pixka bat gogogabe, Telmo eta Labrit, gainera, benetazkoak balira bezala. Kontatzen dizuet zer gosaltzen dugun zoroetxe honetan. Kontatzen dizuet zein haserretzen den zeinekin, edo nola egiten diogun errieta elkarri.
Batzuetan, benetan diotsuet, gerra kazetaria naizela sentitzen dut, bi bandoen arteko tiro artean ernai. Edo kultur kazetaria, edo kiroletakoa ere ez gutxitan. Batzuetan iruditzen zait ikusi uste dudana kontatu besterik ez dudala egiten, zapatillak erantzi edo pijama janzten duenaren asmo antzekoarekin.
Ursula K. Le Guin idazleak esana da: “bizi behar dugun garai beltz honetan, biziki behar duguna kazetaritza gutxiago eta poesia eta fikzio esanguratsu gehiago da”. Eta ni larrituta bizi naiz, ez dakidalako kabituko ote zaidan hain esaldi luze eta pisua kamiseta batean, eta irudipena dudalako, poesia eta fikzioa idazten dugunean ere, kazetaritza gehiegi egiten dugula, eta poesia eta fikzio esanguratsu gutxiegi. Eta gero, hori gutxi ez eta kexu agertzen gara, literaturak prestigioa galdu duelako, ia inork ez duelako libururik erosten, eta irakurri, despistaturen batek soilik, eta noizbehinka. Ez galde niri horren arrazoirik. Auskalo. Baina irudipena dut, aukeran, jendeak nahiago duela periodiko originala irakurri eta ez liburu batean argitaratutakoa.
Batzuetan, zaku bete irudipen esantzen naiz, eta begiak irekita. Eta orduan ohartzen naiz non nagoen. Eta gure zoroetxean ez dago sukalderik, ez egongelarik, ez gosaririk, ez Telmorik, ez Labritik. Orduan pizten zait kazetaritza egiteari utzi eta poesia idazteko gogoa. Baina, lasai, laster joaten da, erizaina gelan sartu eta pilulak irentsarazten dizkidan bezain pronto. Orduantxe zoratzen bainaiz, hemen egoteko, zoratuta egon beharra dagoelako.
Batzuetan, pilulek eztarria laztantzen didaten bitartean, poetaren esanek betetzen didate burua trumilka. Hark esana da: “poesiak, begien bistakoa da, ez du mundua aldatuko, baina mundua aldatuko duten pertsonak aldatuko ditu”.
Eta gero, gelatik ateratzen naiz, egunero bezala, Telmo eta Labritekin gosaltzera.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!