[Iritzia] «Halabeharraren kapritxoen menpe»-Koldo Alzola-
Loteria tokatu zaigu etxean. Albiste pozgarriak, azkenik, baretu egin du asteotako egonezina: Alaba onartu egin dute auzoko eskola publikoan. Ez da kontu erraza, matrikulazioarena tragedia handia bilakatu baita azken urteotan familia askorentzat. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskaera adina plaza eskaintzen ez duenez, halabeharrak erabakitzen du horrelakoetan nor den auzoan bertan eskolaratzeko aukera duen zorioneko umea, eta nork alde egin beharko duen soberako lekua duen beste eskola batera.
Halaxe da, nire bizitzako une erabakigarrienetako batzuk halabeharrak baldintzatu ditu. Hamazortzi urte bete berritan, garai hartako usadioaren arabera, herri arrotz bateko armadan derrigorrez zerbitzatu behar ote nuen zozketa bidez erabaki nahi izan zuen norbaitek. Loteria makabro haren aurkako jarrera izan zen intsumisio mugimenduarekiko nire lehenengo kontaktua eta nire konzientzia politikoa esnarazi zuen akuilua.
Gerora, urte batzuk geroago, 8812 ekimeneko militantea izan nintzen. Gasteiztar askok ondotxo gogoratuko dute hiria astindu zuen espekulazioaren aurkako herri mugimendu hura. Orduan babes ofizialeko etxebizitzen zozketak ziren gure salaketaren xedea. Etxebizitza eskubidea dela aldarrikatzen genuen, eta nekez bermatu daitekeela eskubide bat merkatuaren logikaren parametroetan kokatzen den bitartean, eta erakundeek eskubideak bermatu egin behar dituztela, eta ez zozketatu.
Egun, berriz, beste oinarrizko eskubide bat dakusat kolokan halabeharraren kapritxoen menpe, nire bi urteko alabaren hezkuntzarako eskubidea. Izan ere, haur guztiontzako sare publikoan eskolaratzeko eskubidea bermatzen ez duen sistema honetan zotz ala motz banatzen dira dauden plazak. Pentsa genezake Hezkuntza Sailaren prebisio falta dela gutxienez ume adina plaza ez eskaintzea, baina erakundeek baliabideak dauzkate auzune batean bi urteko zenbat haur dauden jakiteko, eta zenbat plaza beharko diren aurreikusteko. Hala egiten ez badute, ume guztiak sare publikoan eskolaratzeko eskubidea ez bermatzeko hautu estrategikoa egiten badute, itunpeko ikastetxeak balizko bezeroez elikatzeko delakoan nago. Eta, bide batez, haurrak ahalmen ekonomikoaren eta jatorriaren arabera sare publikoan eta pribatu-itunpekoan bereizteko. Alegia, baliabide ekonomiko nahikoak dituztenek, sare publikoko aukera mugatuek uxatuta, itunpeko ikastetxeen alde egin dezatela; eta itunpeko ikastetxetan bazterkeria irizpideak tarteko onartuko ez lituzketenak sare publikoan gera daitezela. Matrikulazio sistemaren emaitzak errealitate hori erakusten du, behintzat. Akaso, garai batean beste oinarrizko eskubide batzuekin egin genuen bezala, bada garaia aldarrikatzeko nekez bermatu daitezkeela eskubide horiek merkatuaren gora beheren menpe dauden bitartean. Bestela, erakundeek enpresa pribatuen esku uzten duen bitartean, halabearraren kapritxoen esku utzi behako dugu guk hezkuntzarako eskubidea.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!