[Iritzia] «Gizarte politikak: gastua ala inbertsioa?» – Álvaro Castillo –
Maiz hala ez badirudi ere, hitzek sekulako indar semantikoa dute. Berba egiten denean hitz bate edo bestea aukeratzea ez da apeta kontua, inolaz ere. Izan ere, ele baten edo bestearen aldeko hautuak zama edo kutsu politiko nabarmen izan dezake atzean.
Konplexua dirudien arren, adibideen bidez aunitz argi geratzen da. Pasa den astean, sare-sozialetan nenbilela, horra non Vitoria-Gasteizko PPko burua den Leticia Comerón-en tweet batekin topo egin nuen. Honek, erdara hutsez, noski, alkatea kritikatzen zuen. Hori ez da, alta, aho bete hortz utzi ninduena. Harrigarria suertatu zitzaidana, ostera, gizarte-politikak indartu izana kritikatzeko armatzat erabiltzea izan zen.
Eta hau da hizkuntzaren kutsu politikoa azpimarratzea dagokigun unea. Izan ere, horri erreferentzia egiteko “dispara el gasto en ayudas sociales mientras se reduce en paro” hitzak erabili zituen. Tweet honi jarraiki, Vitoria-Gasteizko PPk, galdera- eta harridura-marken artean, “el gasto en ayudas está disparado” idatzi zuen. Ez al da arraroa gizarte-politikak areagotu izana negatibotzat jotzea? Ideologiaren arabera erantzun beharko litzaioke galdera horri.
Lehenengo eta behin, politika sozialei erreferentzia egiteko “gastu” hitza erabiltzeak norberaren printzipioak argi uzten ditu arras. Elkartasuna, zergen progresibotasuna, egoera okerrean daudenak lagundu behar direla… eta horrelako sinesmenak dugunontzat, gehiengo oso zabal batentzat esango nuke, gizarte-politikak ez dira gastu bat, inbertsio bat baizik. Gizarte-politikak justizia-sozialean, duintasunean eginiko inbertsio beharrezkoa besterik ez dira. Agerikoa da, alta, hiri honetan batzuk ez dituztela uste horiek elkarbanatzeen, eta, horrela gastutzat dutela justizia-soziala indartzea.
Bigarrenik, “gastu”-tzat duten hori hazi izana berri kezkagarritzat hartzea ere Gasteizko PPren lehentasunak eta sinesmenak salatu besterik ez ditu egiten. Halaber, ekonomiari buruzko ezagutza minimoa duen orok jakin badaki, elkartasunaz haratago, laguntzak ezinbestekoak direla kontsumoa egon dadin.
Hirugarrenik, laguntzek %12 inguruko hazkundea izatea Leticia Comerónentzat “estar desbocado” eta “estar disparado” den bitartean, Gasteizko gehiengo sozialarentzat harro egoteko arrazoia da, pozik egoteko arrazoia. Beste era batean esanda, Gasteizen haien politikak bukatu direneko sintoma, aldaketa eman deneko froga eztabaidaezina. Ulergarria da ANVISA eta TUVISA pribatizatu nahi zutenentzako gizarte-politiken hazkundea berri ona ez izatea, baina, zorionez, horiek ez dute Gasteizko gehiengo sozial aurrerakoia ordezkatzen.
Dialektikaren auzi korapilatsua alde batera utzita, batek pentsa lezake PPren posizioa zilegi dela, eskuin politiko liberal-kontserbadorea ordezkatu nahi duen heinean. Ba, zilegi izango litzateke alderdi politiko liberal-kontserbadore baten eredua jarraituko balu, baina, ez ote diote ideologia horretakoek gastuek ezin dituztela diru-sarrerak gainditu? Horra hor paradoxa! Diru-laguntzen hazkundea berri kezkagarritzat duen PP
berak Gasteiz historia izan duen zorpetze altuenarekin utzi zuen. Aski ezaguna da Maroto jaunak utzitako 68 miloi €-ko zulo ekonomikoa.
Politikan, eta bizitzan, hizkuntzak garrantzi handia duela ukaezina da. Errespetuaren defendatzaile sutsu garenok, onar dezakegu, latza den arren, eragile jakin batek justizia-soziala irmoki kritikatzea. Aitzitik, ulertu ezin duguna koherentzia falta hau da.
Bitartean, aldaketaren alderdiei Gasteizen erantzukizun zail bezain garrantzitsua dagokie: justizia-soziala sustatzen jarraitzerena; PPren borondatearen aurka, PPk utzitako diru-egoera trakets baten testuinguruan, baita PPk sortutako zor handia murrizterena ere. Baina, hizkuntzaren iluntasunetik ihesi, eta sinesmenak lehenetsiz: elkartasuna eta gizarte-politikak indartu.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!