[Iritzia] «Antenaz» – Blanca Urgell –
Antena hitza gaztelaniazko antena-tik dator zuzenean, hainbat hitz tekniko moderno bezala. Bestaldean dugu frantsesezko antenne, eta ez hain urruti ingelesezko antenna ere. Hitz guztiok azken batean latinezko antemna-tik datoz, erromantzeak jaio baino lehen antenna bihurtu omen zena. Horrela diote Alfred Ernoutek eta Antoine Meilletek beren latinaren hiztegi etimologiko ederrean.
Latinez ‘itsasontzietan haize-oihalari eusten dion haga’ zen, hau da, euskaraz edo zurruna, edo berga deritzana. Gaztelaniaz ez dator zuzenean latinetik, horixe espero bagenuke ere, Joan Coromines espainolaren hiztegi etimologiko erraldoiaren egileak azaltzen duenez, katalanetik edo galegoportugesetik baizik. Bai, bai, ze orduan, orain gezurra badirudi ere, 1406an antena lehenengoz lekukotzen denean, eta lehenagotik ere bai, gaztelaniak katalanetik eta galegoportugesetik mailegatzen zituen hitzak, eta ez alderantziz, nabigazio eta komertzioarekin lotutakoak, besteak beste.
Lehendabiziko adibide horietan ‘zurruna’ edo ‘berga’ esanahi hori baino ez du. Neuri behintzat ezagunagoa egiten zaidan beste adiera, intsektuen antena alegia, XIX. mendeko kontua omen da: ematen du, beraz, biologoen edo entomologoen hizkuntzatik sartua dela gaztelaniara adiera honetan, eta ez nekazarienetik.
- mendean sortu zen —gailuarekin batera, jakina— gaur azpimarratu nahi nukeen adiera, uhin elektromagnetikoak bidaltzeko eta hartzeko erabiltzen dena, gure mendien tontorrak eta gure etxeen gainak betetzen dituen baso metalezko horren tantaietako bakoitza.
Euskaraz tradizio laburra eta urria duen hitza da antena. Orotariko Euskal Hiztegia-k hiru adibide baino ez ditu jasotzen, hirurak gailuarenak, eta zaharrena Uztapide bertsolariarena, Sasoia joan da gero liburukoa (Auspoa, 1976). Pentsa! Atzo goizekoa! Ni euskaraz ikasten hasi nintzen urtekoa, hain zuzen. Dena dela, zera… gure bertsolaria etxean bakarrik zegoela, tximistak jo eta berak honela kontatzen du: Telebixtaren antenatikan / egin zuan etorrera, / etxe-kantoia puskatu eta / andikan ere aurrera; / da sukaldeko leio batetik / gure etxera sarrera, / tiro aundi artan lertu zan eta / antxe sartu zan lurrera (Uzt Sas 266).
Tximistak agorrilaren hamalauan jo omen zuen Uztapideren etxea. Eta haizeak otsailaren 3tik 4rako igarobidean bota zuen Hala Bedi gure irrati honen antena, Arabako uhinetan bi kanal isilik utzirik bat-batean. Badakizue nora heldu nahi dudan: antena berriro zutitu da, eta badabiltza berriz uhinetan Hala Bedi Bat eta Hala Bedi Bi, gaitzerdi! Hala eta guztiz ere, inoiz baino denon laguntzaren behar gehiagoan gelditu dira.
Izan bedi gure laguntza Hala Bedi itsasontzi pirataren oihalaren zurruna!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!