Iritzi-testua
Egun on, nondik hasten gara? Zer idatzi daiteke, gutxieneko ganoraz, ez bazara, une honetan, ekonomilari bikaina edo zientzialari trebea? Edo, zer baino, nondik idatzi daiteke? Egongo dira ni baina tenple handiagorik dutenak, nik nire gainditurik egotearen sentsaziotik idazten dut. Informazio asko jaso dugu guztiok, auskalo zenbat egia eta zenbat pozoi ez ote diguten sartu. Gainera, gutariko bakoitzak bere moduan egiten die aurre muturreko egoera hauei eta nik, beldur geldiarazle horretarako joaldia dudanez -kakati-, defentsa-sistema nagusia dut: “Kia, hau guztia denok uste duguna baino askoz lasterrago pasako da”. Eta sinisten dut. Horrela, gutxienez, burua ez zait blokeatzen.
Daukagun kristo honekin, eta azken urteotako nire joera pragmatikoaren eskutik (erne, ez da jarrera pragmatiko hutsa; egia da ere nire ustez politikoki, sozialki aritzeko modurik eraginkorrena dela), une honetan denok ei dugun irizpide nagusia dut nik ere lelo ea bakarra: orain, pertsonak. Eta hortik aurrera, ea denak balio dit. Izan ere, ahoa ireki baino lehenago agian gogoratu beharko genuke, denok, salbuespenak salbuespen, ibili garela berandu. Kostatu zaigu zer zetorkigun ikustea, ez genuen ikusi nahi, ez genuen uste posiblea izango zenik eta, azkenean, zast, hekatonbe txikia. Beraz, orain pertsonak horren itzulpen praktikoa: berdin didala nork egiten duen, orain trajedia ahalik eta txikiena izan dadila dugu xede, eta gero kitatuko ditugu kontuak. Orain gerta daitekeena itzulezina delako. UMEren inguruko eztabaida, esate baterako, ez dut oso ongi ulertzen. Ba al du UMEk ospitale express horietako bat eraikitzeko gaitasuna? Eta, orduan, zer-ga-tik-ez-du-ho-nez-ge-ro-egin? Egin dezatela eta ospa, benga, azkar. Madrilek aginte guztiak eskuratu nahi dituela? Beno, ez dut uste handik eta hemengo administrazioen laguntzarik gabe deus ere egingo duenik, baina, benga!, eztabaida gutxiago eta neurriak: osasungintzako langileen kopurua emendatu, materiala ia!, ekipoak, ezinbestekoak diren zerbitzuen aletze egokituagoa, ehun produktibo osoaren norabidetze egokitua, gerra-ekonomian baikaude. Une honetan Euskal Herria estatu independentea izan balitz, bestela antolatuko genukeen hau. Baina ez gara, eta orain lehentasuna zomorro ostia hori geratzea da.
Gero, gauza asko zuzen daitezke, zuzendu beharko dira. Oraingo honetan, besteak beste, shock doktrinaren efektua alderantzizkoa izan daitekeelako. Dorpeak gara gizakiok, bai, erakusten dugu maiz, baina jendea asko, asko sufritzen ari da, eta asko sufrituko du datozen egunotan, eta ez dut uste honetatik eskarmenturik gabe aterako garenik. Gero horretan baldintza ezin hobeak izango dira argi eztabaida dezagun nolako ongizate-estatua nahi dugun, ekoizpen-sistema nolakoa nahi dugun eta non nahi ditugun erabakiak hartu. Gauza askotxo birpentsatzeko aukera izango dugu. Eta sendo borrokatu beharko dugu oraingoaren faktura (ekonomikoa; giza-faktura noren bizkarrekoa den ez gara gu zuzenean erabakitzen ari, nahiz eta ondorengo egunotan dilema etikoak ez diren hutsaren hurrengoak izango) nork ordainduko duen. Eta inkluso desazkundeaz arituko gara, auskalo. Eta hor dena dugu irabazteko.
Orain etxean geratu, etxekoak eta auzokideak lagundu, denei babesa eman. Eta bataila politikorako aukera izango denean (eta, baiiii, di-da batean izango da), labankadaka. Espainolek, eskumakoek edo bihozgabe batzuek nahi dutela probetxu politikorik egoera lazgarri honetatik atera? Bale, baina, gogora dezagun behin berriro: gu ez gara euren bezalakoak. Orain jendea, orain herria. Betiere, baina batez ere orain. Etxean sartuta, ekintza-garaiak dira.
Txema Matanzas
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!