Hezkuntzaren euskal lege honi ez, eskerrik asko!
Eusko Jaurlaritzak 2022-23 ikasturtean Hezkuntzaren Euskal Legea onartu nahi du. Indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoaren Legea ordezkatuko duena. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurkeztutako lege-aurreproiektuaren zirriborroa irakurtzean, testu horrek ez du ezer zehazten, eta hezkuntza-sistema neoliberalen printzipioei eta praktikei buruzko tratatu teorikoa izan daiteke… munduko edozein tokitan. Prokrastinazio-ariketa bikaina: dena gerorako uzten du, zehaztugabeko etorkizun baterako. Ikasleak onartzeko edo zonakatzeko prozedurak eta irizpideak geroko dekretu eta arauetara atzeratzen dira; Jaurlaritzaren esku, jakina, ez Legebiltzarraren esku. Erregelamendu horiek, legeak bere azken xedapenean ezartzen duenez, urgentziaz egin ahal izango baitira, hau da, parte hartzeko eta bermatzeko prozedura demokratiko gehienak saihestuz. Argi uzten duen gauza bakarra titulartasun pribatuko eta publikoko zentroen arteko parekatzea da. Hau da, sistema duala iraunarazi nahi du, eta, horretarako, gainera, «Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoa» izeneko kontzeptu berri bat sortzen da. «Zerbitzu hori ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen bidez emango da, eta, beraz, finantzaketa bera dagokie bi zentro-mota horiei». Horrek argi eta garbi adierazten du ez dela erraztuko eskola publikoaren hazkundea, eta ez zaiola lehentasunezko traturik emango.
Testua demagogia eta populismoaren adibide bikaina ere bada; hotsandiko diskurtso hutsa, hitz handiekin: inklusibitatea, aukera-berdintasuna, modernizazioa, kohesio soziala, hezkuntza-eskubideak, demokrazia parte-hartzailea, ekitatea eta justizia unibertsala… hutsal bezain harroak, inolako neurri eraginkorrik ezartzen ez direnean. Haizeari egindako promesak… Benetako doakotasuna lortzeko promesa hutsala bezala, ezinezkoa ikastetxeen titulartasunak pribatua izaten jarraitzen duen bitartean. Edo, era berean, sinestarazi nahi digute ebanjelizazioa arrazoi nagusitzat duen ikastetxe baten laikotasuna berma daitekeela: kasu honetan, titulartasun pribatuan ez ezik, itunpeko ikastetxeen berezko izaeraren errespetuan ere babestu ahal izango da, zirriborroak oinarrizko eskubide indibidual eta kolektiboen gainetik bermatzen baitu. Eta zer esan euskarari buruz? Erabilera indartzea eta euskal hezkuntzaren euskalduntze-funtzioa lehenestea –azken 30 urteetan eskola publikoa funtzio horretan nabarmendu baita- berebiziko garrantzia dute diagnostiko guztien arabera. Eta horregatik, hain zuzen ere, ezin dezakegu euskararen lekua ikastetxe bakoitzaren errealitate soziolinguistikoaren edo hezkuntza-proiektu partikularraren mende utzi, are gutxiago titulartasun publikoa ez dutenean. Euskara ezin da aukerakoa izan, eta ezinbestekoa da neurri zehatzak hartzea eta baliabideak ezartzea ikasle eta irakasle guztiak euskalduntzeko.
Azkenik, Dekretuak saihestu egiten du hezkuntza-sistema dual baten azpian dagoen arazoari sakontasunez heltzea: arrazoi sozioekonomikoak direla eta hezkuntza-segregazioa. Desberdintasunak eta segregazioa gainditzen laguntzeko modu benetan koherente eta eraginkor bakarra euskal hezkuntza-sistema ikastetxeen sare publiko bakarrean egituratzea da, lehentasunezko eta gehienen sare zabala, bereziki babestua eta eskuzabaltasunez finantzatua. Eta titulartasun erabat pribatuko beste ikastetxe-sare bat balego, funts publikoetarako sarbiderik gabe, noski!
Horregatik guztiagatik, Zapateneon bat egiten dugu «Topagunea» osatzen duten eragileek azaroaren 5ean, arratsaldeko 5:30ean, Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzatik aterako den manifestazioan parte hartzeko egindako deiarekin, Euskal Eskola Publikoaren defentsan eta Lege honi gure gaitzespen irmoa adierazteko. EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO!
Araba Hizpide (2022-10-28)
Mikel Lacalle (Zapateneo)
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!