Hezi-ola ekimena
Hezi-Ola ikastaroa eta ekimena elkarlanean antolatu dute Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Berritzeguneak, Oihaneder Euskararen Etxeak eta UEUk. Bere helburua honakoa da: euskarari eta euskal kulturari dagokionez, zer jakin behar duen Gasteizko gazte batek derrigorrezko hezkuntza amaitzen duenean aztertzea, hausnartzea eta bultzatzea.
Lau saio dira, hilean bana, 2021eko urritik 2022ko urtarrilera, beraz, azkena falta da egiteko.
Zergatik dakardan hona? Ba, oso interesgarria iruditu zaidalako, bai planteamendua, bai bertan entzun dudana: bai euskaldun gisa, bai euskal kulturzale moduan.
Helburua da gure euskara eta euskal kultura (eta historia) etorkizunean transmitituko badugu, gaur egungo gazteek nola jaso behar duten, zeren bidez eta nola barneratu behar duten hausnartzea.
Egin diren hitzaldietan euskal kurrikulumaz hitz egin da, Gasteizko euskal munduaz eta euskal kulturaren agenteez ere hitz egin da eta hezkuntzan ez ezik hezkuntzaz kanpoko munduan (aisialdian) euskara zabaltzearen ezinbestekotasunaz berba egin da, besteak beste.
Gainera, euskararen oinarrizko saskia delako proposamena ere aurkeztu zen abenduko saioan, Hego Ameriketan kultura zabaldu nahian sortutako ekimena Euskal Herrira ekartzeko Xabi Payak egindako ahaleginaren ondorioa dena eta hainbat irakasle gauzatzen aritu direna.
Bizitza osoa pasa dut aitarengandik jasotako euskara bihotzean, euskal kultura barneratzen, disfrutatzen, zabaldu nahian. Nongoa naizen galdetu izan didatenean, beti garbi izan dut euskalduna naizela. Nire bokazio biak elkarturik, Historia zientzia euskaraz egin eta zabal zitekeela ziur izan naiz beti eta nire lan akademikoen eta profesionalen zati handi bat hizkuntza horretan egiten saiatu naiz, nahiz batzuetan sentsazioa izan dudan, folk ikutua (eta emakumeen kupoa) betetzeko gonbidatzen eta onartzen nindutela, hitzaldia, artikulua, etab. euskaraz egingo nituela esaten nienean. Nire lanean euskara ahal bezain beste sartzen saiatu naiz eta euskaraz lan egiten saiatu naiz beti, nahiz batzuetan arrakasta gutxirekin.
Barkaidazue nire zilborrari hainbeste begiratzen aritzea, baina Hezi-Ola ikastaroan entzule gisa parte hartu ostean, erabaki dut, lanagatik Radio Vitoriarako egin ditudan hainbat kolaborazio Arabaren historiaz eta arkeologiaz, ezinbestean gaztelaniaz egindakoak (nahiz kazetariak euskaldunak izan), euskaraz emateko ordua dela eta, agian, Hala Bedi Irratian hain eskuzabalki uzten didaten tarte hau balia dezakedala, gure zergen diruz ordaintzen den irrati pubikoan lekurik ez badu.
Beraz, ea urtea ondo bukatzen eta ea hurrengoa hobeto hasten dugun eta, Arabako historiaz eta arkeologiaz kontatzeko dudana entzuteko gogorik baldin baduzue, bada, tartetxo honetan elkartuko gara berriz urtarrilean.
Ondo izan!
Jaione Agirre
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!