Herri Amnesia
Orain dela hamar bat egun, Donostiako Kaxilda Gunean, Txileko Preso Politikoen Aldeko ekimena egon zen. Janari txiletarraren inguruan hasi zen eguna, bazkalosteko hitzaldiarekin jarraitu zuen, eta jardunaldiari bukaera musikak eman zion. Gaurkoan, lau txiletarren artean zuzendutako solasalditik ateratako ondorioetako bat konpartitu nahi dut zuekin.
Lehenego interbentzioak eraman ninduen burutazio honetara. Hitzaldiari hasiera eman zionari, Txilen dagoen egoeraren testuinguratze politikoa zegokion. Kide honek azken urteetan egondako borroka ezberdinen arteko lotura egin zuen, eta haratago jo zuen, diktadura aurretik izandako korronte edota mugimendu iraultzaile ezberdinetatik eratorritako kultur borrokalariaren barnean kokatu zuen egungo errealitatea. Hots, urteetan pilatutako esperientzia politikoen ondorio gisa aurkeztu zuen.
Ideia honek ez dauka zerikusirik urritik hona dagoen etengabeko kaleko mobilizazioari emandako izendapenarekin edota honen inguruan garatutako diskurtsoarekin. Besteak beste, “eztanda soziala” bezala ezagutzera eman den gertakari politiko luze honen atzean dagoen iritzia hurrengoa delako: inork aurreikusia ez zuen mugimendua piztu dela inork uste ez zuen tokian, Hegoamerikako oasian, hain zuzen ere. Sebastian Piñera presidenteak horrela definitu zuen kaleak suak hartzeko hamar egun falta zirenean.
Nik neuk irakurketa bera nuen buruan. Kontuan hartuta, urrikoan ere, ikasle borrokak Herria piztu zuela, asko jota aurreko ikasle mugimenduak aurrekari moduan kokatzen nituen. Baina, hizlariak denboran egindako loturak, eta ondorioz, kultur iraultzaile baten existentziaren baieztapenak nire buruan zerbait piztu zuen. Zein erraz ahazten dugun gure Historia, ze puntura arte dugun barneratuta sistema kapitalistak pentsatzeko ezarri digun eredua. Txiletarrentzat, beraien herrialdea Piñerak aipatutako oasia ez dela jakinda ere, bertan diktadura garaian eta osteko sasi demokrazian ezarritako bake sozialak asko iraungo duenaren ideia nuen. Herritarrentzat ez bazen ere, kapitalarentzat oasia izan zitekeelakoan nintzen. Hau da, egondako borroka edota mugimendu ezberdinetan ez nuen aurkitzen gertatutakoaren pizgarria, ez nuen detektatzen protesta bakoitza Herriaren borrokak osatzen duen kate iraultzailearen eslaboi bat dela.
Eta arazo nagusia ez da “eztanda sozial” hau aurreikusi ez izana. Kontua da, nire ustez, sistema kapitalistak ezarritako pentsamendu ereduak gure errealitatea eraldatzeko gaitasuna mozten digula. Ezkutatzen dizkigu herri altxamendu ezberdinen artean dauden gako komunak. Itsutzen gaitu eta memoria lapurtzen digu. Tresna ezberdinak erabiltzen ditu kapitalismoak gure egunerokotasunaren esklabu bihurtzeko, haien artean errealitatea modu mekaniko, lineal eta partzialitzatuan aurkeztea. Errealitatearen konplexutasuna mozorratzen dute honek duen potentziala gutxitu asmoz.
Eta gaurko gaiari jarraituz, esan bezala, gure memoria lapurtzen digute, herri amnesia ezartzen digute. Urteetan borrokalari ezberdinek jarritako odola eta giharra alferrikakoa bihurtzen saiatzen dira. Hau gertatu ez dadin, beste zereginen artean, memoria berreskuratu, gure historia aztertu eta egindakoaz ikasi egin behar dugu. Irakaspen historikoak atera, ez liburuetan gordetzeko, baizik eta egunerokotasunari kontrajartzeko eta zapalkuntza zapuzteko. Amestu dezagun hurrengo eztanda soziala ez dela soilik amorru hutsetik abiatuko, baizik eta honen eta antolakuntzaren arteko sinbiosi desiragarri batetik. Esna gaitezen, esna ditzagun besteak herri amnesiaren amesgaiztotik.
Itxaso Viñe
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!