«Harezko gazteluak suntsitzen»
Espainiar Estatua eta bere biziraupenaren arduradun leiala den 78ko Erregimena. Terrorezko pelikula bat egiteko osagai paregabeak. Haietaz hitz egite soilak oilo- ipurdia jartzen duen arren, izan dira pelikula generoz aldatu nahi izan dutenak, epikoak bilakatuz, heroitasuna eta onaren papera kolektibo borrokalariari esleituz.
Aipatutako erregimenaren oinarri garrantzitsua izan da betidanik hezkuntza sistema. Kolore ezberdinetako legeak ezarriz, batzutan urdinak, bestetan urdinagoak, unean uneko legegilearen interesen arabera, euren harezko gazteluaren iraunkortasuna bermatzeko helburua besterik ez dute izan. Errealitatea ukaezina da: Euskal Herriaren existentzia euren plan perfektuarekiko antagonikoa da guztiz.
Jakin badakite erregimenaren babesle sutsuek ikasleok kolektibo bat osotzen dugula, eta hortara, esfortzu bereziak egiten dituzte kolektibo izaera hori ukatzeko. Ez da ausazko ukapena, noski, estrategikoa baizik, ikasketa prozesu osoa obedientzian oinarritzen baitute. Hezkuntza eskaintza gisa irudikatzen dute, eta ikasleak, eskaintza horren hartzaile pasiboak, besterik ez. Ekuazioaren formulazioa perfektua da: hezkuntzak gizartea eraldatzen du, herria, nazioa, eta prozesu horretan alderdi aktibo bakarra egoteak, hots, erregimenaren babesleak, eraldatze prozesuaren gaineko kontrolaren monopolioa esleitzea dakar, ikasleok ondorio hauen errezeptore hutsak izanik.
Ekuazioaren emaitza baloratzera datoz Errebalidak bezalako azterketa arrotzak. Heziketa prozesuak zein mailararte lortu duen herri baten kultura ezkutatzea eta hegemonikoa izatea nahi duten kultura barneratzea, nazio izaerak izan ditzakeen espresioak noraino isilarazi dituzten…
Azken finean, hitzak berak esaten duen bezala, balore jakin batzuen transmisioa eman dela berrestera, egiaztatzera. Emaitza horien bila omen dabil Cristina Uriarte, Espainiar Estatuaren aliatu perfektu den hori. Nahiz eta emaitzek balio akademikorik ez izan, leku ezberdinetan laginak eskuratzeko saiakeran dihardu. Zorionez, aurrez aipatutako egoeraz kontziente da hezkuntza komunitatea. Lagin gehienak ez dira gorpuztu. Ikasleek euren arkatzak zorroztu dituzte modu kolektiboan, azterketa arrotza egiteko baino, azterketari planto egiteko. Santutxun, Santurtzin, Portugaleten, Eunaten, Laudion, Bilbon, Amurrion… hamaika lekutan inposatutako azterketei desobedientziaz aurre egin izana ezin da isilpean geratu, goraipatu beharra dago, gobernu jeltzaleak egingo duen balorazio manipulatuaren zain gauden bitartean.
Aipatutako plan perfektuari inoiz baino arrakala handiagoak ateratzen ari zaizkion honetan gogorarazi beharra dago hezkuntza herrien eraldaketaren motore denaren ideia. Garrantzitsua izango da ikasleok akritikotasunera garamatzan prozesuaren aurrean kontraboterea eraikitzea, kolektiboaren kontzientzia bereganatzea eta hezkuntzan dugun garrantziaz ohartzea. Egungo hezkuntza sistemak nazio eta klase bezala zapaltzen gaituzten baloreak transmititzen ditu, patriarkatuaren egiturak egonkortzeko eta honen biziraupena bermatzeko helburua izanik.
Garaipen humila izango da azterketa arrotzei planto egitea, baina ukaezina da itxaropentsua dela. Euskal Herriak herri gisa erabakitzeko duen eskubidearen lorpenean, garaipen bat. Klase zapalkuntza gaindituko duen hezkuntzaren garapenean, garaipen bat. Feminismoa oinarri izango duen Euskal Herri askearen hazia izango den hezkuntza eraikitzera bidean, garaipen bat. Noski, pelikuletan onaren papera jokatzen duenak gaizkilea garaitu ohi du, eta ez da hau salbuespena izango.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!