Gure zenbakiek zer erakusten digute?
GURE ZENBAKIEK ZER ERAKUSTEN DIGUTE?
Zenbakien antolaketan sistemarik ohikoena sistema hamartarra da, 1etik 10erako kontaketan oinarritua (bi eskuetako hatzekin kontatzetik dator, jakina, gure “hatzamarrekin” kontatzetik). Mundu osoan erabiltzen da gaur egun sistema hamartarra. Honen aztarna idatzirik zaharrenak Indian eta Egipton topa ditzakegu.
Baina hamartarraz gain beste sistemak ere egon dira. Mesopotamiako kulturetan, sumeriar herritik hasita, sistema seitarra erabiltzen zen, sei zenbakia oinarrian. Horren aztarna ugari ere baditugu gure egunerokoan: 24 orduko eguna (6×4), 360 graduko zirkuluak (6×6 oinarrian), eta dozenaka erosten ditugu oraindik arrautzak (6×2). Euskaldunok, eta zeltek adibidez, sistema hogeitarra dugu, aspaldikoa; horregatik “hogei”, “berrogei” (20×2), “hirurogei” (20×3), eta abar. Frantsesak hartu zuen sistema hori (herri zeltetatik, seguruenik). Zenbakien idazkera, aldiz, zeinu arabiarrekin daukagu, eta horretan ez dugu jarraitzen mendebaldean idazkera erromatarra.
Zenbakiek erakusten digute gaur ezinezkoa dela kultura edota hizkuntza “garbia” aurkitzea. Guztiok gaude ehunka eraginen azpian, kultur arlo ugaritan; zenbakiekin dugun nahastea horren adibide argia da.
Euskaldunok herri bezala bizirik jarraitzen dugu historian zehar egokitzen eta aldatzen jakin izan dugulako, eta besteon eragina geure kulturan geureganatu dugulako, hori bai, geureari uko egin gabe. Bertsolaritzak bizirik jarraitzen du, baina bere moldeek eta joera sozialek ez dute zerikusi handirik duela mende bateko bertsolaritzarekin; txikitixa Italiako musika tresna batean oinarritzen da, XIX. mendean Euskal Herrira iritsia, eta euskal musikan gaur egun erabilera berriak ematen zaizkio; “alboka” musika tresnaren izena arabiarra da, eta “dultzaina” Iberiar penintsula osoan aurki dezakegu … Sustraietan ongi erroturik, adarrak zabaltzean egiten du gora zuhaitzak. Geldirik geratzen den kultura desagertzerako bidean dago, momifikaturik. Kultura gizarte batean txertaturik dago, eta gizarte hori etengabeko eboluzioan eta aldaketan bizi da. Geldirik dagoen ura, usteldu.
Hizkuntzaren alorrean euskara batua da horren adibide argia: gizartearekin batera aurrera joateko, batuak ekarritako aldaketak eta joera berriak erabakigarriak izan dira. Batuak eman dio hizkuntzari behar zuen arnasa bizirik jarraitzeko. Gurea (hizkuntza, kultura) defendatzea, ondorioz, ezin da izan “betikoa” era zurrunean babestea eta mantentzea, baizik eta gizartearen urratsak laguntzea, aldaketak sortzen dituen beldurrak astinduz eta gauza berriak, askotan espero gabeak, sortuz eta bideratuz. Garai batean egon zitekeena amestuz eta oraingoari uko eginez, ezin da aurrera egin.
HALA BEDI, 2019ko azaroaren 11n,
Josean Bueno Saez de Albeniz
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!