Gobernatu
Halako batean kaletarrok ikasi genituen “gobernatu” aditzaren adiera guztiak, eta batzuk kaleetan beren buruak aske gobernatzeko iraultza egiten saiatzen ziren bitartean, beste hainbat gure baserri eta mendietan, lan eskerga eginez, lurrak eta aziendak gobernatzen ibili ziren.
Ikasi genuen baliabide ugari goberna zitekeela, norberaren buruarengandik hasita, etxea ondoren, edota herrialde oso bat ibilbide politikoa eginez gero, barka, politika bizibide bilakatuz gero.
Eta horrela, gure inguruan, ondokoak kontuan hartu gabe gobernantza partekatuaz hitz egin zigun lehendakaria izan genuen bezala, beren burua nahiz etxea gobernatzen ez zekiten alderdi politikoak ere ikusi genituen.
Esan gabe doa, gu ere trakets aritu ginela, ezin ontzia gobernatu, edo behinik behin, ezin gutxieneko giza edo eme balore demokratiko batzuen eraginpean gobernarazi.
Beraz, desgobernua nagusi, ganorazko gobernantza eza bidaide eta bien bitartean betiko arrantzale bidegabeak ur nahasietako gobernuan errege, ministro edo sailburu.
Auzolana hitza ere sarritan merke zerabiltzaten batzuk komunikabideetan, eta garesti ordaintzen beste zenbaitzuk benetan aurrera eraman nahi zutenean; baina, hala ere, oraindik bazen zer landu gure auzoetan nahiz auzokoekin.
Kezka ei da kexaren eta aldarriaren aurrekaria, eta kezkatuta daude gaur egun hainbat sektore ikasturte atari honetan; kezkatuta ikasle eta sendagileak, kexak ahoan irakasleak nahiz langileak, pandemiaren larrienak oraindik ikusteke ditugun honetan eta bestelako gobernantza beharrezkoa delako ustean.
Gobernantza eredugarriei begiratu beharko bagenie, begiak agian Zelanda Berrira so jarriko genituzke, baina bihotzak beste leku batzuetara begira egon beharko lirateke: beren burua eta artaldeak ederto gobernatzen dakitela erakutsi duten Arabako artzainengana, adibidez.
Mundu nahasi eta gaixo honetan bertako eredu bideragarriak eta sustengarriak izan behar ditugu gobernu onaren eredu, gobernantza hoberako akuilu.
Zorionak Patxiri, Unairi eta lankide dituzten guztiei!
Iñaki Lazkano
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!