«Giza saldoa ala saldoa, hutsik» -Patxi Goenaga-
Azken asteotan ez dugu izan hizpide faltarik. Jendea aspertzeko lain izan dugu. Egunotan puri-purian daukaguna, joan den urteko San Fermin jaietan izandako sexu erasoaren inguruko epaiketa da. Eta ezin izan diot uko egin gaurkoan gai hau hizpide hartzeari, hain da sorrarazi duen egonezina, eta neuri sortzen didan etsipena.
Sare sozialetan eta komunikabide guztietan bolo-bolo ibili da kontua. Bost gizon adoretsuren argazkiak ere ikusi ahal izan ditugu internet bidez. Norbaitek, defentsako abokatuek edo, eskatu dute argazkirik ez argitaratzea. Mehatxu gisa ere uler daiteke eskari hori. Badakizue, epaileek besterik esan arte behintzat, errugabetzat hartu behar dira eta jendaila honek eskubidea du, omen, gizartearen begiradetatik beren irudiak ezkutatzeko. Hasieran pentsatu nuen, aitortu behar dut, irratiko iruzkin honen aurkezpen gisa ere egoki izan zitekeela irudiok neuk ere aireratzea. Adiskide batek, hau dela eta, honako mezu hau helarazi zigun: “Nik ere zabalduko ditut San Ferminetan neska bortxatu zuten bost morroien argazkiak. Batez ere zabalkunderik ez egiteko eskatu dutelako, baina eurek ez dakitenez “ez” hitzak zer esan nahi duen, neuk ere ez diet kasurik egingo.” Eta hala da. Baina lehenbiziko asmoa beste bat izan arren, azkenean ez ditut ‘ustez, printzipioz, errugabe’ behar diren bost morroi haien aurpegiak erakutsiko, ez diet publizitaterik egingo. Izan ere, orain arte erakutsi duten jokabidea ikusita, defentsa-abokatuaren aurpegi ez hain abegikorrak berak ere, telebistan kazetariei errieta edo egiten ikusi ondoren, atzera eginarazi dit. Ea azkenean, eurak errugabe presuntoak izanik, piztien muturrei zalbakundea emanez gero, neu edo irrati hau berau gertatzen den presunto barik, benetan errudun. Besterik ez genuen behar! Zeren, epaitzen ari den ekintza ankerrean ere biktima izan zena erasotzaile bihurrarazi nahi dute. Dena dela, berek jarri dute beren burua agerian. Bideoak eta abarrak hor daude berek atereak.
Eta zer esaten didazue beren buruari jarri dioten deitura: ‘manada’. Deitura hau hautatu dute beren burua espezie berezitzat jarriz nonbait. Izen honen errudun oraingoan bai, aitortu beharko dute, eurak dira, eurek asmatu dute, ez izena bera, baizik beren buruari izen hori ezartzea. Berek hautatu dute izena. Eta izen hori jartzen asmatu badute, horra leporatzen zaizkien ekintzen errudun direlako froga. Badaezpada ere, izen honen adieraz argi bila ibili naiz gaztelaniazko hiztegietan. Eta Akademiarenean honela dio, 3. adiera gisa: 3. Fig. Conjunto de ciertos animales de una misma especie, que andan reunidos. Manada de pavos; manada de lobos. Zer gehiago eska dakioke pizti hauek beren burua deskribatzeko aukeratu duten hitzari? Gauzatxo bat du eskas: beldur naiz animali errugabeei ez dietela baimenik eskatu. Ez gara hasiko animalien eskubideak aldarrikatzen, noski, bost baliente hauen balentriaren aurrean. Baina tira.
Defentsak neskaren bizitza pribatua ikertzeko muntatu omen duen operazioa ere hor dago. Defentsaren lana da, nonbait, baina biktima erasotzaile eta erasotzailea biktima bihurtzea badu helburua, ankerkeria galanta. Pentsatzen dut defentsak lan zaila duela kasu honetan, erasotzaileek eurek salatu baitute beren burua dagoeneko. Indioilar saldoa; otso saldoa… Argazkirik ez dut argitara emango, beste batzuek egin baitute dagoeneko lan hori. Noraino iritsi behar ote dugu? Ondo pentsatzen jarrita, eta batzuen aburuz argazkietan gazte begikoak, guapoak, ageri direnez, oilarren edo agian paumen pareko, pavo realaren pareko alegia, ikusten dituzte beren buruak. Hala ikusiko dituzte beren buruak egunero ispiluari begiratzen dioten bakoitzean. Baina egiazki, otso amorratuen pare jokatu zuten eta biktima beti izango da biktima eta erasotzailea beti erasotzaile, bost lagunez osatutako saldoa osatzen badute ere. Eta beti ere, noski, kontrakorik ezan errugabe direla aitortuz.
Eta azken iruzkintxo bat gertakizun ikaragarri honen inguruan. Izan ere, egunkariek eta abarrek batzuetan gertatuen eta epaiketaren berri ematerakoan ‘manada’ hitza erabiltzeari uko egin nahi diotela ematen du. Beharbada, hitz honek, detektibe pribatuen beharrik gabe ere, begibistan uzten duelako erabat gertatukoaren zuzentasun eza, eta horrela, gure neska zernolako piztien esku erori zen esateko, ‘bost gizon’ aipatzen dira, inozente-inozente. Epaituek behin eta berriro, beren buruari bestelako deizioa eman arren, komunikabideek xalo-xalo ‘bost gizon’ aipatzen dituzte. Errugabe presuntzioa salbatzeko ez da beharrezko holako metonimietara jotzea: piztiak pizti eta gizonak gizon. Eta ekintza horretan gizatasun gutxi erakutsi zuten bost giza-piztiek. Erasotzaile harroputz hauei ba ote dagokie gizon deituak izatea? Merezi al dute deitura hori komunikabideen aldetik?
Kaltea egina dago. Defentsak zail dauka. Hiritarrok ere zail daukagu: nahi dugu justizian sinistu baina zail egiten zaigu. Erasotuaren arrazoiak baino gehiago balioko ote du erasotzailearen indarrak eta bortxak? Ez dut pentsatu ere egin nahi. Laster ikusiko.
Eta, azkenik, noiz amaituko da eraso bolada hau? Justiziari utzi egin behar zaio lanean baina erne ibili beharra dago gai hauetan eta beste askotan.
Patxi Goenaga
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!