Gazteen euskara
Ez da kontu berria, baina noizean behin erreproduzitzen den kontua da: polemika piztu da sareetan, Kai Nakai eta Chill Mafiako musikariek izandako eztabaida baten harira. Berriro ere bete zaizkigu sareak, aldeko eta kontrako argudioekin, eta berriro ere ahazten ari zaigu barrenera begiratzea.
Euskararen inguruan ari gara, ari dira, ari naiz. Euskara eta bere erabileraren inguruan. Euskara, gaztelania, eta baita ingelesa ere, naturaltasunez nahasten ari diren musikari batzuen aurrean gaude. Hiru hizkuntza hauek naturaltasunez nahasten ari dituen belaunaldi berri baten isla.
Ez gaitezen engainatu, gazteek ez dute euskara erakargarri bizitzen, gazteok onartuko didazue kolektibo honetan sartzea, ez dugu euskara gure egunerokotasuneko zerbait bezala sentitzen.
Urteetan zehar, euskararen inguruan oso diskurtso eta praktika makalak erabili dira. Euskara hizkuntz zaharra, zaurgarria, defendatu beharrekoa, gure arbasoen hizkuntza… dela azaldu zaigu behin eta berriz. Eta zintzoak izan gaitezen, nor identifikatzen da gaur egun ahuldadearekin, zahartasunarekin, desagertzeko zoriarekin?
Parean hizkuntz nagusiak jarri dizkigute: gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Kultur sorkuntza dena hizkuntz hauetan saltzen digute. Egunero EAEn diru publikoz gazteentzako zuzendutako irratian, diru publiko beraz ordaindutako telebistan, youtuben edota espotifyn.
Euskara gutako askorentzat eskolan ikasitako hori da, eskola barrurako balio duena baina kalean espaziorik ez duena. Lan munduan titulitisaz haratago, euskarak ez du presentziarik. Aisialdian desagertua, eta gainera eguneroko borroka eta autoerreafirmazioa eskatzen diguna.
Askok ez dugu euskara ama hizkuntzatzat jaso. Andereño eta maisu kementsuen bitartez jaso dugu eskoletan, eta han euskara formal bat ikasi dugu, arauei lotutakoa beti ere, beti “ikusi dizut” txarto esatearen beldur, beti zuzenketa bat esaldi bakoitzeko, beti lotsarazteko aditz madarikatu bat.
Euskara ez zaigu natural eman, ez dugu natural egin. Eta hortaz, ez dugu eguneroko hizkuntz bilakatu. Erosoago gaude gaztelaniaz, erosoago euskañolez. Hor dugu gure ohiko espazioa, gure espazio naturala.
Bagara ordea, euskararekiko hautu politikoa hartua dugunak, askotan, gehienetan, gehiegitan, beste hautu politiko asko hartuak garen berdinak. Herriaren aldeko hautua, herritarren aldekoa, emakumeen aldekoa, naturaren aldekoa… eta baita euskararen aldekoa ere. Mainstringak ez garen horiek gara.
Euskara normaltzeko 200 urte beharko ditugula diote batzuk, baina galtzeko belaunaldi bakar batekin nahikoa dela. Inongo hizkuntzarik, inongo proiekturik ez da salbatuko soilik bazterretan gauden horiek era militantean, eta eguneroko gure errealitateen aurka eginez, eusten badiogu.
Euskara eta herria, bata bestea gabe ezin daitezkeelako bizi, salbatuko ditugu, soilik ez baditugu salbatu behar. Soilik gehiengoaren hizkuntza eta herri natural bilakatzen baditugu, soilik gehiengoa erakartzen badugu. Horretarako, galtzailearen mezua alde batetara utzi, eta aurrera egiteko unea heldu zaigu.
Eta horretarako, gazteen hizkera, sentimenduak, eta bizitzeko hautu eta manerak kriminalizatze, epaitze eta arautzeari utzi beharko diogu, ezinbestean.
Oier Azkarraga
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!