Gauza «handiak» eta gauza «txikiak»
Aurreko egunean, elkarte gastronomikoan afaltzen geundela, eztabaida egon zen gastronomiari buruz, kultura zela ala kultura ez zela. Eztabaida laburra izan zen, berehala beste gaietara jo baikenuen. Hala ere, zer pentsatu eman zidan.
Janaria nola prestatu, zer da hori? Bada, nola antolatu jakiak atseginagoak, gozoagoak izan daitezen; eguneroko beharra eta eguneroko plazerra ere bai. Gauza xumea, egunerokoa; hala ere, leku bakoitzean garapen propioa izan duena, aukera desberdin ugari sortuz. Kultura dela ez nuke ukatuko; izan ere, mundua era aberatsagoan disfrutatzeko eta ulertzeko bidea irekitzen digu.
Batzuentzat, ordea, kultura jende “inportanteak” leku “inportanteetan”, hizkuntza “inportante batean”, egiten eta bultzatzen duena da. Kultura hitzak gizarte mailaketak eta botere banaketa desorekatuak sortutako paradigmak indartzeko balio baitu, besteak beste. Batzuentzat halakoa da mundua: Fernando Aranburu, “guztiok irakurri beharko genuke bere liburua” / Anjel Lertxundi, “nor da hori?”; flamenkoa, “mundu mailako altxorra” / bertsolaritza, “txapela ‘a rosca’ ez dut janzten, ja ja ja”; zezenketak “kultura dira, jakina”, baina “gastronomia ez, mesedez” … Honelako ikuspuntuak uste baino askoz ugariagoak dira, herrialde eta kultur giro boteretsuenen eraginpeko esparruetatik zabaltzen dira.
Yuval Noah Hararik “Sapiens” liburuan (primerako bertsioa dago euskaraz) kontatzen du suaren bidez kozinatzea giltzarria izan zela gure espeziearen arrakastan: janari berri asko jateko aukera izan genuen; jaki osasuntsuagoak jaten genituen, besteak beste parasito asko akabatzen direlako kozinatzean; jatearen prozesua izugarri laburtu zen (txinpaze batek bost ordu behar du janari gordina jateko), denboraren beste erabilera batzuk erraztuz; digeritzeko behar den energiaren gutxipenak beste funtzioen garapen handiagoa ekarri zuen … Jakiak prestatzea, gauza apala badirudi ere, beste gauza handietarako ezinbesteko baldintza izan zen.
Munduaren ikuskeran hierarkia berriak eraiki beharrean gaude, jendearen eguneroko bizitzaren beharrak, jarduerak eta kezkak lehen planora ekarriz. Gauza “txikien”, “egunerokoen” atzean botere handia dago, eta horregatik sartu dituzte, adibidez, kontu hauek beren diskurtsoetan ekologismoak eta feminismoak, aldaketarako bideak hortik ere pasatzen direlako. Gure hizkuntzaren aldarrikapena ez al da honelako zerbait? Hau da, bi hizkuntza prestigiatsu eta boretetsuren artean bizirik jarraitu nahi duen txikiaren bultzada?
Josean Bueno Saez de Albeniz
HALA BEDI, 2019-09-16
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!